New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Oroitzapenak nola babestu

Kirmen Uribe

“Behatu Central Park inguruko eraikin berriei. Hutsik daude gehienak. Munduko aberatsek erosten dituzte baina ez da inor bizi bertan”. Hori diost lagun batek parketik paseatzen.

00:00 / 3:13

Entzuteko beste bide batzuk

Oroitzapenak nola babestu

Kirmen Uribe

2020ko otsailak 11

“Behatu Central Park inguruko eraikin berriei. Hutsik daude gehienak. Munduko aberatsek erosten dituzte baina ez da inor bizi bertan”. Hori diost lagun batek parketik paseatzen.
    Alokairuen garestitze horrek hiria aldatu du. Jende pobrea auzoetara joaten ari da. Sasoi bateko artistak ez dute lekurik kreatzeko. Hiriak berak bultzatzen ditu kanpora. Halako hautespen natural bihozgabe bat egiten du eta dirurik ez baduzu kanpora zoaz. Hiria aberatsez betetzen ari da. Baina sormenak, espiritu kritikoak, behar du beste ingurumari bat hasteko. Eta hori ari da galtzen gaur egun New York.
    Kaleetako paisaia mudatuz doa bizkor. Dendak eta tabernak azkar ixten dituzte. Betiko lekuek tokia uzten diete frankizia handiei. Oso zaila da tabernari baten laguna izatea gaur egun. Garai batean hiria diner-ez betea zegoen. Aluminiozko kanpoaldea duten jatetxe amerikar horiek ziren diner-ak. Filmetan eta literaturan hain ezagun bihurtu zirenak. Ohitura zen horietan gosaltzea, kafea, tostada eta arrautzak. Bada orain gero eta gutxiago daude. Ez omen dira hain osasuntsuak. Eta ezin diote eutsi alokairuen garestitzeari.
    Lokalen bat ixten dutenean jendeak argazkiak itsasten ditu erakusleihoan. Bikoteak, familiak, lagunak argazkietan. Toki hartan izandako oroitzapenak jartzen ditu. Protesta gisa. Behin ondo pasatu zuten bertan. Eta orain toki hori ez dago. Oroitzapenak lapurtzen ari zaigu norbait. Hori gertatu da auzoan garagardotegi eta liburu-denda batekin. “Alokagai” dioen txartel komertzialaren alboan itsatsita oroitzapenak.
    Baina bizitzak beti du beste aldea. Gizarteak badaki diruaren legearen aurka ere egiten. Berri bat jaso dugu. Liburu-denda berriz zabalduko dute. Strand liburu-denda alternatiboak irekiko du. Jendeak erakusleihoa estali du berriz. Argazki zaharrak kendu eta post-it-ak jarri dituzte. Esanez, “ongi etorri”.
    Laino denean ez dira eraikin berriak ikusten, altuegiak dira.

Saio honetako beste atal batzuk