New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Osaba Gaizka

Kirmen Uribe

Pertsona batzuk uste duzu sekula hilgo ez direna, pentsatzen duzu beti hor egongo direla, urteetan aurrera egin arren, bizirik beti. Gaizka Urresti horietako bat zen.

00:00 / 4:39

Entzuteko beste bide batzuk

Osaba Gaizka

Kirmen Uribe

2020ko otsailak 24

Pertsona batzuk uste duzu sekula hilgo ez direna, pentsatzen duzu beti hor egongo direla, urteetan aurrera egin arren, bizirik beti. Gaizka Urresti horietako bat zen. Bere azalean bizi izan zuen Euskal Herriko historiaren gordina.  Umetxoa zelarik, frankistek gurasoei etxea eta ondasunak kendu zizkieten, abertzaleak izatearren. Ama maistra zuen baina gerraz geroztik ezin izan zuen berreskuratu lanpostua. Aitak isun amaiezinak ordaindu behar izan zituen. Horrelaxe hasi zuen bizitza Gaizkak.
    Haur bat zela kanporatu zuten herritik, eta kanporatuek oinez egin zuten Lekeitioko bidea, fardelak aldean hartuta, frontea zeharkatzen. Lekeition ateratako argazkietan haur bat da Gaizka, eta haur horri bizirik eutsi dio 87 urtez. Ume hil da. Eta aske. Umeak horixe maite baitu, askatasuna.
    Bitxia da baina osaba Gaizka esaten genion guk txikitan. Nahiz eta ez zen berez gure familiakoa. Gogoan dut behin ikastolako kide batek esan zidala Gaizka ez zela gure osaba, eta hitza kendu nion lagunari astebetez edo, nola ez da izango ba. Ume guztion osaba bazen. Nork ez zuen ezagutzen herrian.
    Anaiak eta arreba erbestean zituela gerraostean, bera arduratu zen “Antzosolo” etxea zaintzeaz. Gazteena baitzen. Jazarpenak atzea ekartzen du eta Francoren aurkako erresistentzian bizkor sartu zen. 60ko hamarkadan, lagun batek iheserako erabili zuen autoa osorik zatikatu eta lurperatu egin zuen, guardiek ez aurkitzeko. Gaur arte. Mekanikari fina baitzen, eskuekin abila, aitari ikasi zion hori. Burdina zati batzuekin edozein gailu egiteko gai zen. Nati emaztea gaixotu zenean igogailua eraiki zion goiko pisura errazago igotzeko, bateko motorrarekin eta besteko txatarrarekin, eta bere eskuz. Hain ondo zaintzen zuen andrea. Eta Kirru, semea.
    Pasadizo umoretsuak kontatzen jaioa zen. Ezkontzara zihoazen lagun batzuei gertatu zitzaiena, besteak beste. Ezkongaiak, trajez eta soinekoz jantzita, kontrolean geratu dituzte autopistan. “Ezkontzara? Bai, zera, seguru aktibistak zaretela” esan die guardia zibilak eta autotik aterarazi. Eta han egon dira ezkongaiak, autopista bazterrean, libre noiz utziko, eta senideak luze eginda elizan, esperoan. Erabat eszena Felliniarra. Nobela baterako bukaera ezin hobea.
    Urtero deitzen zidan urtebetetze egunean. Guztion egunak zekizkien. Oso goiz deitzen zuen, hori bai, zeregin asko izaten zuen eta. Baina hartzen zuen astia jendearekin detaileak izateko. Alabari zilarrezko mahai-tresnak oparitu zizkion, izenarekin, orain hemen New Yorken ditugunak.
    Eskuan hartu dut alabari oparitutako sardeska. Atx, gizakiak metala bezain iraunkorrak balira. Tamalez, ez da horrela. Nahiz eta pentsatu beti hor egongo direla, badoaz maite ditugun pertsonak. Gaizka bezala, osaba Gaizka, 87 urteko umetxoa.

Saio honetako beste atal batzuk