New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Parkeko banku batean

Kirmen Uribe

Martxoaren 8a hortxe dago eta, New Yorken brontzezko irudia duen emakume bakanetako baten eskultura ikustera joan naiz. Eleanor Roosevelten irudia Riverside parkearen mutur batean dago, mendebaldeko 72. Kalean. Belarrezko biribil baten barruan dago kokatua, zuhaitzen azpian, katamixar jostariekin lekua partekatzen.

00:00 / 3:44

Entzuteko beste bide batzuk

Parkeko banku batean

Kirmen Uribe

2022ko martxoak 7

Martxoaren 8a hortxe dago eta, New Yorken brontzezko irudia duen emakume bakanetako baten eskultura ikustera joan naiz. Eleanor Roosevelten irudia Riverside parkearen mutur batean dago, mendebaldeko 72. Kalean. Belarrezko biribil baten barruan dago kokatua, zuhaitzen azpian, katamixar jostariekin lekua partekatzen.
    Eleanor Roosevelt Franklin Delano Roosevelt presidentearen emaztea izan zen. Baina ez zen ezaguna izan soilik horregatik. Senarra baino aurrerakoiagoa, Espainiako Errepublikaren alde egin zuen eta baita gerrako euskal haur bat adoptatu ere. Senar-emazteak baziren ere, bakoitzak bere bizimodua egiten zuen, ez ziren elkarrekin bizi. Emakumeen eta gutxiengoen eskubideen alde egin zuen lan Eleanorrek, bakezalea, Nazio Batuen Giza Eskubideen Aldarrikapen unibertsala idazten ibili zen. Oso figura errespetatua da New Yorken.
    Eleanorren biribilaren inguruan bankuak daude. Banku bakoitzak metalezko inskripzio txiki bat dauka. Haiek irakurtzen hasi naiz. Lehenengo bankuan musikari fin bat oroitzen da. Bigarrenean, aitona-amona maitatu batzuk. Hirugarrenean, Thunder zeritzon txakur bihurri bat. Eta azkenengo bankuan Eleanor beraren biografoarena dator.
    Hantxe eseri naiz. Neure buruari galdetu diot zenbat balioko duen maite duzun baten omenezko inskripzio bat New Yorkeko banku baten jartzeak. Gustuko dut ohitura hori, hilobiaren ordez parkeko banku batean jartzea hilondoan nor bere izena. Mugikorrean sartu naiz bila. Central Parkeko orrian aurkitu dut 7.000 banku daudela adoptatuta dagoeneko. Diru hori New Yorkeko parke erraldoiak zaintzeko erabiltzen da gero.
    Mugikorra itzali eta Eleanorri begira geratu naiz. Pentsakor dago, eskua kokotsean jarrita. Serio dagoela iruditu zait, munduan gertatzen ari dena gehiegi gustatuko ez balitzaio bezala.

Saio honetako beste atal batzuk