New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Parkeko kometa egilea

Kirmen Uribe

Larunbat arratsaldea da eta Central Parkera joan gara. Hegoaldeko larrea jendez gainezka egoten da. Egoten dira familiak umeekin, jolasten.

00:00 / 3:58

Entzuteko beste bide batzuk

Parkeko kometa egilea

Kirmen Uribe

2019ko irailak 9

Larunbat arratsaldea da eta Central Parkera joan gara. Hegoaldeko larrea jendez gainezka egoten da. Egoten dira familiak umeekin, jolasten. Egoten dira lagun taldeak, mantela belazean zabaldu eta jan edanean. Jolastu egiten dute horiek ere, ez da izaten soilik etzan edo hitz aspertuan aritu. Mahai gaineko jolasekin igarotzen dute denbora.

Gure txikia konturatu da kometa batekin. Oso gora egiten zuen hegan, ia ia parkearen ertzean dauden etxe orratzak baino gorenago. Gauza harrigarria, ez baitago bat ere haizerik. Hariari eragiten baina ez dago haur bat, gizon heldu bat baino. Txikia berarengana hurreratu da eta hitz egiten hasi zaio. Laster pasatu dio hariaren muturra umeari. Pozarren ikusi dut, kometa bideratzen. Kometak dragoi koloretsu baten itxura du, buztan luze distiratsu batekin.

Jakinminak eraginda, ni ere hurbildu natzaie. Gizonak esan digu berak egiten dituela kometak etxean. "Nola egiten duzu hain gora igotzeko?", galdetu diot, “ez dago haizerik eta”. Irribarre egin dit. "Kometak ondo egiten ditudalako, berrogeita hamar urte daramatzat kometak egiten etxean. Horretarako makina bat dut, nik asmatutakoa". Nongoa den galdetu diodanean esan dit Puerto Rico-koa dela baina gaztetan etorri zela New Yorkera. "Hirurogeiko hamarkadan hasi nintzen kometak aireratzen. Gaztea nintzen orduan, maitemindu ere egin nintzen neskato batekin. Parkera ematen zuen etxe batean bizi zen. Kometa bere leihora bideratu eta berak bazekien ni parkean nengoela eta jaitsi egiten zen. Aita ohartu zen arte. Aberatsa zuen aita eta hark ez zuen nahi alaba kometa egile batekin ateratzerik. Nik jarraitu nuen kometak bere etxera bideratzen, baina neska ez zen gehiago agertu".

Astero joaten da Central Parkera gizona, kometak saltzen ditu bertan, merke, eta horrekin bizi da. Solasak dakarren konfiantzak bultzatuta, azkenean, haizerik egon ez arren kometak zergatik egiten duen hegan azaldu digu. "Arrazoia zientifikoa da. Lurra berotu egin du eguzkiak eta arratsean bero horrek gora egiten du, zeru-harraskariek ere laguntzen dute horretan, etxe orratzek aire beroa gorantza bideratzen dutelako". Eta ondoren han goi goian zegoen kometari begira geratu gara, hirurok, isilik.

Menturaz, pentsatu dut, leiho batetik aspaldiko neskato hura begira egongo zaio.

Saio honetako beste atal batzuk