New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Philip Rothen liburua

Kirmen Uribe

Philip Rothen liburua hartu nuen eskuartean. American Pastoral. Joxan Lizarribar Berriako presidente zenak oparitu zidan, “inoiz idatzi den eleberri onenetako bat”, esanda.

00:00 / 3:25

Entzuteko beste bide batzuk

Philip Rothen liburua

Kirmen Uribe

2019ko azaroak 4

Philip Rothen liburua hartu nuen eskuartean. American Pastoral. Joxan Lizarribar Berriako presidente zenak oparitu zidan, “inoiz idatzi den eleberri onenetako bat”, esanda. Nik orduan ez nuen ezagutzen Roth-en lana eta liburu hura izan zen zerrenda luzean lehena. Bitxia da ez dagoen lagun baten oparia hartzen duzunean eskuetan, nolabait denborak atzera egiten du, nolabait ematen du berarekin ari zarela berbetan, liburua eskuartean hartzen duzun bakoitzean.
    Nobelak kontatzen du Swede izeneko gizon baten bizitza. Swede bizi da Newarken. Judua da bain ezkontzen da neska katoliko batekin. Swede gerrako heroia da, ederra da, mirestua. Eta emaztea ere ederra da. Swedek aitaren fabrika hartzen du heredentzian. Eskularruak egiten ditu, larruzkoak, merkatuko onenak. Afroamerikarrak hartzen ditu lanerako, baldintza onetan. Maite dute elkar emazteak eta biak. Alaba bat ere badute. Dena da perfektua Swederen bizitzan. Aita-alaben arteko harremana estua da, aitatasunean ere eredua da Swede.
    Baina hirurogeiko hamarkadan gauzak aldatzen hasten dira. Alabarentzat aita kapitalista hutsa da, esplotatzailea da. Aitak ez daki zer den hori. Alaba eskubide zibilen aldeko manifestarien artean galtzen da. Alaba sartzen da borroka armatuan. Ez da gehiago agertuko etxera. Aita zain dauka. Aitak aurkitu nahi du, bizitza osoa igaroko du alabarekin juntatu nahian, baina ez da xamurra. Hilketa bat egotzi zioten. Emazteak utzi egingo du Swede. Alaba non dagoen ez jakiteak apurtu egingo du bikotea. Eta Swede bakarrik hilko da, garai bateko heroia, gizon ederra, mirestua.
    Joxani galdetzen nion ea posible den gurean antzeko nobela bat idaztea, klandestinitatean alaba duen aita baten sufrimendua kontatzen duena. Nobela idaztea susmagarri bilakatu gabe.
    Asteon, haurrarekin eskolatik nentorrela jendetza ikusi nuen gure alboko atarian. Plaka bat inauguratzen ari ziren. Philip Roth-i buruzkoa zen. Gure ondoko eraikinean bizi izan zen berrogei urtez. Ezin nuen sinetsi.
    Joxanek zerikusirik izango ote zuen kasualitate handi honetan? Etxera igo eta Philip Rothen liburua hartu nuen eskuartean, hau dena idazteko.
    Orain goizero eskolara bidean txikiak esaten dit, “begira, aita, hemen bizi zen Joxanen laguna”.

Saio honetako beste atal batzuk