New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Punpuilen distira

Kirmen Uribe

George Floyd Minneapolis-eko gizon afroamerikarra hil zuen polizia errudun izendatu dute asteon. Derek Chauvin izeneko goardia zuriak belaunarekin zanpatu zion lepoa, hura geldiarazi nahian. Floyd-ek hamahiru aldiz esan zion ezin zuela arnasarik hartu. Jaramonik ez, eta azkenean, ito egin zen. Neskato batek grabatu zuen dena bere mugikorrarekin, nerabe batek, eta grabazio hori izan da epaiketako froga nagusiena.

00:00 / 3:18

Entzuteko beste bide batzuk

Punpuilen distira

Kirmen Uribe

2021ko apirilak 26

George Floyd Minneapolis-eko gizon afroamerikarra hil zuen polizia errudun izendatu dute asteon. Derek Chauvin izeneko goardia zuriak belaunarekin zanpatu zion lepoa, hura geldiarazi nahian. Floyd-ek hamahiru aldiz esan zion ezin zuela arnasarik hartu. Jaramonik ez, eta azkenean, ito egin zen. Neskato batek grabatu zuen dena bere mugikorrarekin, nerabe batek, eta grabazio hori izan da epaiketako froga nagusiena.

Floyd zigarro pakete bat erostera joan zen denda batera, hogei dolarreko billete batekin. Dendariak hots egin zion poliziari esanez hogei dolarreko hura faltsua zela. Ondotik etorri zena denok dakigu. George Floyd, berrogeita zazpi urteko aitona, covid-a dela eta lana galdu berri zuena, hil egin zuten, hogei dolar dela eta ez dela.

George-en anaiak esan berri du poliziaren “horma urdina” zulatu egin dela sententziarekin. Gauzak ez direla izango orain arte bezala.

Sententziaren egun berean, irudi bitxi bat ikusi nuen Central Parkean. Afroamerikar bat, gutxi gora behera Floyd-en adinekoa, balde batzuekin zebilen bera bakarrik parkeko bazter batean. Makila bi eta lokarri batekin, baldeetara ura eta xaboia boteaz, punpuilak egiten ari zen. Ari zen baino, saiatzen ari zen. Ikasten zebilen zelan egin burbuilak, punpuila erraldoiak, haurrei hainbeste gustatzen zaienak. Punpuilen distira eta umeen lilura, hori zuen xede parkeko gizon bakarti hark.

Pentsa dezagun, Floyd-en sententziaren eragina ez dela lehertuko burbuila baten erraztasunarekin, ez direla gauzak lehenera joango. Eta ikusiko ditugula irribarrea eta lilura umeen begietan, dena delakoa izanik, haien jatorria edo azalaren kolorea.

Saio honetako beste atal batzuk