New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Saharako egunak

Kirmen Uribe

Saharak horixe esan nahi du, basamortua. Saharako basamortua esaten dugunean hitz bera ari gara errepikatzen bi aldiz. Saharako kanpamenduetan igarotako egunak etorri zaizkit gogora hango berri izan dudanean, nola joan ginen bertara duela urte batzuk Mikel Urdangarin, Mikel Valverde, Arkaitz Basterra, Rada Rueda, David Berri Txarrak eta Gasteizko hainbat lagun.

00:00 / 3:59

Entzuteko beste bide batzuk

Saharako egunak

Kirmen Uribe

2022ko martxoak 28

Saharak horixe esan nahi du, basamortua. Saharako basamortua esaten dugunean hitz bera ari gara errepikatzen bi aldiz. Saharako kanpamenduetan igarotako egunak etorri zaizkit gogora hango berri izan dudanean, nola joan ginen bertara duela urte batzuk Mikel Urdangarin, Mikel Valverde, Arkaitz Basterra, Rafa Rueda, David Berri Txarrak eta Gasteizko hainbat lagun. Halako euskal artista alprojen enbaxada. Itsasora ezin zutenez, basamortu barrura egin zuten ihes sahararrek eta hantxe jaso zituzten kanpamenduak, harrizko ez diren etxeak, haien egoeraren behin-behinekotasuna aldarri egin nahiko balute legez. Estreinako gauean, alfonbrak hondarraren gainean jarri eta hantxe hartu gintuen loak, izarren salda urdina edanda. Hantxe ezagutu genituen lehen aldiz orain hain modako dauden  komun lehorrak. Izan ere, haiek ez dute urik alferrik galtzen, estimu handia diote, munduko bizitza uretik baitator. Eta tea hartu genuen beraiekin, eta kontatu ziguten te hosto horiek Txinatik ekartzen zituztela, basamortua zeharkatzen zuten karabanek ekartzen zutela handik, duela mende askotatik hona, basamortua batez ere bidea delako. Baina tea ez zen soilik heltzen, erbestealdia hasi zutenean, emakume txinatar bat gehitu omen zitzaien borrokara, elkartasuna ematera. Nobela edo film baterako moduko pertsona bihoztun eta ahaztua. Egun batean, Toyota zaharretan sartu eta basamortuan barrena egin genuen, markatu gabeko bideetan barrena, txoriek edo animaliek bezala, eguzkiari jarraituz. Sahara baden lur zati txikira eraman nahi gintuzten, libre dagoen errepublika zati nimiñora. Bidea luzea izan zen, orduak eman genituen auto barruan, eta Iñaki Lazkano Gasteizko lagunari otu zitzaion laburrago egingo zitzaigula kantatuko bagenu. Eta euskaraz kantatzen pasatu genuen eguna, bertako txoferrak ere bai. Polita ideia, Iñaki, amestutako lurraldera iristeko kantua dela biderik laburrena. Gero, itzuli ginen Europara, gure harrizko etxe mugiezinetara. Orain, irakurri dut, geopolitikak erabaki duela sahararren etorkizuna, erabakia kanpotik etorri da, beste askotan bezala. Baina, neure buruari galdetzen diot,  inork itaundu al die beraiei zer izan nahi duten?

Saio honetako beste atal batzuk