Entzuteko beste bide batzuk
Saiden liburutegia
Kirmen Uribe
2022ko maiatzak 9
Columbia Unibertsitateko Butler liburutegi erraldoian badaude bazter ezkutuak. Hogeita lau orduz dago zabalik, eta esaten dute erraza dela hango geletan zehar galtzea, irakurtzen, besaulkietan eserita, solasean ala maitasun enkontru debekatuetan. Badago bazter berezi bat seigarren solairuan. Nire gogokoena da. Hantxe dago literatura konbaratua maite dutenen atala. Eta gela txiki batean, Edward W. Said pentsalari palestinarraren liburuekin osatutako gela. Ganbara hartan, Saiden liburutegiko aleak daude jarrita apalategietan. Norberak jakin lezake ze liburu gorde zituen, zein zituen maiteen. Jakina, liburuak ordenatuta daude, baina ez dago jakiterik hori Butler liburutegiko langileek egin duten ala horrelaxe zuen atondua berak ere.
Izan ere, bi liburutegi mota daude nire ustez. Lorategien antzera sailka daitezke. Badaude lorategi frantsesak, non dena den simetrikoa, geometrikoa, arrazionala, garbia. Versalles izango zen eredua. Eta gero baratze britainiarrak daude, non naturari uzten zaion nahi bezala hazten, eta badirudien benetako baso baten barruan zaudela, Central Parken, adibidez. Bada, liburutegiak ere antzeko antolatzen dira etxean. Batzuek dena ordenatuta izaten dute, beste batzuek —eta ni tarteko— ordena naturalari egiten diote kasu, kontrolatutako desordenari.
Said izan zen ikerketa post-kolonialak abiarazi zituena, Mendebaldeak nola prejuizioz beteta ikusten zuen mundua salatu zuena. Bere liburutegian denetarik dago, operari buruzko liburuak, musika klasikoari buruzkoak, literatura, filosofia eta politika. Mendebaldeko kulturaren oinarriak hantxe daude. Eta Ekialdekoak ere bai, arabieraz. Latinoamerikako literatura dexente zuen, eta hebraierazko literatura ere bai, nahiz eta bera palestinarren estatuaren aldeko izan, edo horregatik.
Ez da bertan jende askorik egoten. Egon nintzen azken aldian pertsona bakar bat zegoen, garbitzaile bat aulkian eseri eta liburu bat irakurtzen. Sartzen ikusi ninduenean liburua utzi eta alde egin zuen, harrapatu egin banu bezala bekatuan, edo maitasun enkontru debekatuan, han Butler liburutegiko bazterrik ezkutuenean.
Gaiak
Saio honetako beste atal batzuk
-
Orain ezin da
2022ko ekainak 27
-
Bestelako jai egunak
2022ko ekainak 20
-
Hiru hartz
2022ko ekainak 13
-
Liburu azokako perlak
2022ko ekainak 6
-
Lore-bilatzaileak
2022ko maiatzak 30
-
Hauteskunde txikiak
2022ko maiatzak 23
-
Historiak atzera
2022ko maiatzak 16
-
Estudianteen zorra
2022ko maiatzak 2
-
Desira maletategi barruan
2022ko apirilak 25
-
Pantailarik gabe
2022ko apirilak 11
-
Korrika beharra
2022ko apirilak 4
-
Saharako egunak
2022ko martxoak 28
-
Lincoln Centerreko garabiak
2022ko martxoak 21
-
Txapela
2022ko martxoak 14
-
Parkeko banku batean
2022ko martxoak 7