New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Saran bizi da Axular

Kirmen Uribe

Gauza jakina da Barandiaranek Saran hartu zuela babes gerraostean. Eta bien bitartean hango jendeari kontu zaharrak biltzen ibili zela, hori ere bai. Ez zen geldirik egotekoa ataundarra. Axularri buruz ere galdetu zien herritarrei. Estimatzen zuen idazlea Barandiaranek. Konturatu zen, Pedro Agerre Axular, euskal idazlea, tradiziozko ipuinetan agertzen zela pertsonaia gisa.

00:00 / 4:18

Entzuteko beste bide batzuk

Saran bizi da Axular

Kirmen Uribe

2019ko uztailak 29

Gauza jakina da Barandiaranek Saran hartu zuela babes gerraostean. Eta bien bitartean hango jendeari kontu zaharrak biltzen ibili zela, hori ere bai. Ez zen geldirik egotekoa ataundarra. Axularri buruz ere galdetu zien herritarrei. Estimatzen zuen idazlea Barandiaranek. Konturatu zen, Pedro Agerre Axular, euskal idazlea, tradiziozko ipuinetan agertzen zela pertsonaia gisa. Benetako bizitzako pasarteak gogoan zituzten herritarrek, baina saratarren oroimenean legendazko izaki bilakatua zen sasoi bateko erretorea. Ipuinetako batean kontatu zioten nola Axularrek estudioak ikasi zituen Salamancan eta bertan deabrua bera izan zuela irakasle, haren leizean. Axularrek itzala galdu omen zuen horrela, deabruak lapurtu zion, ikasketen ordain gisa edo. Geroztik itzalik gabe bizi izan omen zen Urdazubiko idazlea. Eta itzalik ez izatea ez zen gauza ona, hilondoan zerura joan nahi ba zenuen behintzat. Horixe kontakizuna.

Saran izan gara egunekin, eta nik ere galdetu nuen Axularri buruz. Herriko etxean, emakume batek oso atsegin kontatu zizkigun hari buruzkoak. Esan zidan oso gizon serioa izan bide zela idazlea. “Horman eskegita dugun erretratuari begiratu besterik ez diozue, oso keinu serioa du bertan”. Arrazoi zuen. Ezpainak estu ageri da idazlea haren erretratu bakarrean. “Ez hori bakarrik. Elizan badago bere esaera bat esaten duena ez dagoela egunik hodeirik gabe, zeruan baizik. Esan egin behar da hori gero. Zergatik ez utzi jendeari zoriontsu izaten, hodeiak berez iristen dira bizitzara” bota zuen gero irribarretsu. Eta segitu zuen. “Zuhurra zen oso, eta bere izena zaindu nahi izan zuen beste edozeren gainetik. Nola oroituko zuten, hori oso kontuan zuen. Nonbait bere arreba bat geratu zen haurdun ezkongai zela, eta Axularrek ez zion barkatu. Ez zuen berriro begien aurrean ikusi nahi izan arreba”.

Eta gero kontatu zigun nola galdu ziren Sara inguruko basoak, zergatik zeuden larreak hain biluzik. “Gerratan erre zituzten. Eta etxeak egiten ere hustu ziren basoak. Ehundaka zuhaitz behar ziren etxe bakar bat egiteko, eta eliza egiteko, bikoitza”.

Baina nik Axularrekin pentsatzen jarraitzen nuen. Ipuinek diote idazleak bizitzaren hondarrean berreskuratu egin zuela itzala. Zerura joan zen eta ez infernura. Bere arrebaren pasartea ezin nuen burutik kendu. Itzala galtzea baino ez al da okerrago arrebarik gabe geratzea?

Saio honetako beste atal batzuk