New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Soka saltoan

Kirmen Uribe

Alaba azkena izan da lagunen artean mugikorra izaten. Orain arte eutsi diogu baina aurtengo Gabonetan ezin izan diogu esan Olertzerori ez ekartzeko. Ume guztiak dabiltza mugikorrarekin. Ez dituzte edonolako telefonoak gainera. Marka onak eta azken modeloak. Nonbait guk ez dugun maila umeei eskaini nahian gabiltza gurasoak.

00:00 / 3:31

Entzuteko beste bide batzuk

Soka saltoan

Kirmen Uribe

2021ko otsailak 1

Alaba azkena izan da lagunen artean mugikorra izaten. Orain arte eutsi diogu baina aurtengo Gabonetan ezin izan diogu esan Olertzerori ez ekartzeko. Ume guztiak dabiltza mugikorrarekin. Ez dituzte edonolako telefonoak gainera. Marka onak eta azken modeloak. Nonbait guk ez dugun maila umeei eskaini nahian gabiltza gurasoak.
    Eskerrak oraindik ere ume izateari eusten dioten nolabait. Muga horretan daude neska-mutilak, nerabezarora sartzeko atari horretan, bi munduen artean, batzuetan aurrera eta besteetan atzera.
    Pandemiak ekarri digu etxean sartu behar hau. Eta etxean teknologiak partida beti irabazten du. Egunean ordu batzuk behintzat kalean igaro nahian, eskaladako txikota erostea otu zaigu. Zertarako? Soka saltoan ibiltzeko umeekin.
    Konturatu gara baina New Yorken soka saltoa ez dela ezaguna. Edo aspaldi handian ahaztu zutela. Banaka ibiltzeko sokak bai, horiek badaude, ariketa fisikoa egitekoak. Baina hainbat metro dituen lokarritzarrari eragin, eta saltoka eta kantatuz ibiltzea, hori, berria egiten zaie.
    Harrituta, liluraz ere bai, umeak hurreratu zaizkigu patioan. Ikasi nahi zuten eta parte hartu. Saltoak euskaraz kontatzen ere ikasi dute batzuk. Gero, soka saltoan aspertu egin dira eta bestelako jolasetan aritu dira, erlojua egin eta jauzika, eta azkenik, nola ez, soka tiran.
    Eta bitartean, mugikorrak itzalita zeuden, zorroetan edo etxean ahaztuta. Marka onekoak, azken modeloak, gure txikota ez bezala.

Saio honetako beste atal batzuk