New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Sotoko babesleku nuklearra

Kirmen Uribe

Oraindik orain, Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkari nagusiak ohartarazi du gerra nuklear bat hasteko arriskua inoiz baino handiagoa dela, eta ez dugula ahotsik altxatzen. Garai batean ez zen horretaz hitz ere egiten, erabat ahaztuta zegoen aukera hori, Sobiet Batasuna eta Estatu Batuen arteko gerra hotza bukatu zenetik. Urte horiek gogorarazten dituen aztarna bat dugu guk etxeko atarian: babesleku nuklearra bertan dagoela dioen txapa.

00:00 / 3:20

Entzuteko beste bide batzuk

Sotoko babesleku nuklearra

Kirmen Uribe

2023ko otsailak 13

Oraindik orain, Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkari nagusiak ohartarazi du gerra nuklear bat hasteko arriskua inoiz baino handiagoa dela, eta ez dugula ahotsik altxatzen. Garai batean ez zen horretaz hitz ere egiten, erabat ahaztuta zegoen aukera hori, Sobiet Batasuna eta Estatu Batuen arteko gerra hotza bukatu zenetik. Urte horiek gogorarazten dituen aztarna bat dugu guk etxeko atarian: babesleku nuklearra bertan dagoela dioen txapa.
Afixa hirurogeiko hamarkadan jarri zuten. 1961ean Nelson Rockefeller gobernadoreak hiritarrentzako gordelekuak eraikitzeko agindua eman eta atondu zituzten zuloak, gehienak, eraikin luzeen sotoetan. Leihorik gabeko gelak ziren, janari poto batzuekin, gauza handirik ez. New Yorken bakarrik 230.000 babesleku antolatu omen zituzten. 70eko hamarkadan baina, Gobernu Federalak alferrekotzat jo zituen eta funtsak eten zituen. Akabo babeslekuak. Soilik kartelak geratu ziren, garai beldurgarri bateko oroigarri.
Kontua da baina, posibilitatea ez dela erabat baztertu. Egin kontu, New Yorkeko larrialdi zerbitzuak bideo bat jarri zuen sarean, iazko udan bertan, eraso nuklear bat balego zer egin esanez. Leihoak itxi, etxeko erdigunean bildu, arropak aldatu, eta albisteen zain egon. Horixe aholkatzen dutena bideoan.
Gure eraikineko babeslekua zegoen tokian familia bat bizi da orain. Etxeko mantenuaz arduratzen den familia. Arropa garbigailu handiak ere hantxe daude, eta bertara joaten gara lixiba egitera. Arrain-ontzi handi bat dago bertan.
Lixiba egitera jaitsi eta kolorezko arrainei begira geratu naiz, pentsakor. Igerian ikusi ditut, pozik, munduaren ibilera makurraz gehiegi arduratu gabe.

Saio honetako beste atal batzuk