New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Stonewall 50 urte eta gero

Kirmen Uribe

Stonewall gayak onartzen zituen taberna bakarretakoa zen New Yorken. Village auzoan, ukuilu batean moldatu zuen taberna mafia italiarrak (mafiako nagusi baten semea trans batekin omen zegoen maiteminduta). Polizia txitean potean sartzen zen tabernara eta jendea atxilotzen. Baina 1969ko ekainaren 28an gauzak aldatzen hasi ziren.

00:00 / 4:13

Entzuteko beste bide batzuk

Stonewall 50 urte eta gero

Kirmen Uribe

2019ko ekainak 24

Stonewall gayak onartzen zituen taberna bakarretakoa zen New Yorken. Village auzoan, ukuilu batean moldatu zuen taberna mafia italiarrak (mafiako nagusi baten semea trans batekin omen zegoen maiteminduta). Polizia txitean potean sartzen zen tabernara eta jendea atxilotzen. Baina 1969ko ekainaren 28an gauzak aldatzen hasi ziren. Tabernan zeuden gay, lesbiana eta transsexualak, nazkatuta, altxatu egin ziren. Geroztik dena aldatu zen. Biharamuna ez zen izan besteak bezalakoa. Askatasun sexualari lotutako eskubideak sendotzen hasiko ziren. Historia keinuek aldatzen dute eta Stonewallekoa izan zen bat horietako bat.

New Yorkeko Liburutegian errebolta hari buruzko erakusketa bat dago. Argazkiak daude, baina ez poliziarenak. Hori oso erraza izango zen. Garai hartako argazkiak daude baina ez liskarretakoak, iraultza haren ondorioei buruzkoak baino. Bikoteak daude, sexu berekoak, elkar musukatzen. Eta aldizkariak. Izan ere, Stonewall eta gero hainbat eta hainbat aldizkari sortu ziren hirian, mugimendua antolatzen hasi zen eta ikusgarri bihurtzen.

Argazkietako batean neskato beltz bat ageri da txartel batekin. “Beltzak aske, emakumeak aske, ikasleak aske, gayak aske, HERRIA aske”. 50 urte igaro dira ordutik eta zenbat gauza mudatu diren. Ostadarrez betea dago egun New York. Times Square-eko pantaila erraldoiek ere ortzadarraren koloreak aldarrikatzen dituzte. Eta eraikinen tontorrean banderak, dendetan, tabernetan, nonahi. Gizarte zibilaren garaipen handia da hau dena. Borrokarekin lortutako eskubideak. Ahaztu gabe bizitza asko galdu direla bidean.

Istiluak izan ziren kalera joan naiz goizean. Nagi ari zen esnatzen Village auzoa. Stonewall dagoeneko ez dago. Itxi zuten. Baina Chistopher Streeteko parketxoan badago monumentu bat hura gogorarazteko. Parkean, gizon bat aurkitu dut liburu bat irakurtzen. Txorien kantua entzuten zen. Non eta New Yorken. Hantxe zegoen baita ere George Segal-en eskultura. Bi gizonezko zutik berbetan eta bi emakumezko eserita. Hori da irudikatzen dutena. Ia hogei urte igaro ziren artelana bukatu eta bere tokian jarri zuten arte. Geldoa baita justiziaren bidea.. Eskulturak zuriak dira. “Nolabait, mundu honetakoak ez zirela azaldu nahi nuen” esan zuen artistak. Zuriak, ilargiko izakiak balira bezala. Luzaroan, ilargiaren alde ezkutuan egondakoak.

Alabaren eskolako laguntxo batek bi ama ditu. Duela gutxi, banatu egin ziren. “Ez kezkatu, bikote berriak dituzte, orain lau ama ditut”, esan dio irribarretsu. Lau ama, biderkatuz doa askatasuna.

Saio honetako beste atal batzuk