New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Taberna onen laudamena

Kirmen Uribe

Euskal Herriko taberna zuloen gida,     horixe Mikel Urdangarinek eta biok unibertsitate garaian idatzi nahi izan genuen liburuaren izenburu bitxia. Asmoa zen Euskal Herriko tabernetan biltzen zen jendearen istorioak eta profilak bildu eta gida ero bat idaztea. Alvaro Cunqueiro edo Joseph Mitchellen kroniken bidetik. Ideia, nola ez, taberna batean izan genuen, Gasteizko Boden, hain zuzen ere.

00:00 / 3:34

Entzuteko beste bide batzuk

Taberna onen laudamena

Kirmen Uribe

2021ko abenduak 20

Euskal Herriko taberna zuloen gida,     horixe Mikel Urdangarinek eta biok unibertsitate garaian idatzi nahi izan genuen liburuaren izenburu bitxia. Asmoa zen Euskal Herriko tabernetan biltzen zen jendearen istorioak eta profilak bildu eta gida ero bat idaztea. Alvaro Cunqueiro edo Joseph Mitchellen kroniken bidetik. Ideia, nola ez, taberna batean izan genuen, Gasteizko Boden, hain zuzen ere.
    Dena den, ideia on asko bezala hortxe geratu zen, amets hutsean. Ezen, maiz ederragoa izaten baita egitasmo bat asmatzea hura egiatan burutzea baino.
Jakin dut tristeziaz Gasteizko Bode itxi dutela. Zenbat gau igaro ditugun han lagun artean. Taberna erabat punkia zen baina zerbitzariek euskaraz egiten zuten, 90eko hamarkadako Gasteizen. Etxea zen hura guretzat.
Beti pentsatu izan dut taberna onak bakarrik joan ahal zaren horiek direla. Ez da derrigorrez norbaitekin sartu behar horietara. Bakarrik joanda ere beti zaude eroso, ez zaituzte bakarrik sentiarazten, edonor hazten da zurekin berbetan, eta beste inor ez bada, tabernaria bera. Horietakoa zen Bode.
Gogoan dut Mikel eta biok bertan geundela drogen kontrako sarekada bat egon zela ustekabean. Mundu guztia hasi zen poltsikoan zuena lurrera botatzen, harritxoak, poltsatxoak, belarra, denetatik. Guri ere galdetu ziguten goardiek zeozer ote genuen poltsikoan eta guk ezetz, formal itxurak eginez. Ez geniona esan da ez genuela ezer aurreko gauean dena erre genuelako.
Boden animatu ninduen Mikelek idazle profesional izatera, esan zidan dirurik ez banu berak utziko zidala, nahiz eta, jakina, berak ere ez zuen dirurik. Zenbat gauza amestu genituen bertan.
Zaindu ditzagun taberna onak. Ez ditzagun zigortu tabernariak. Lagun ditzagun.
Tabernak ametsen fabrikak baitira, sekula beteko ez diren amets zoragarrien lantegiak.

Saio honetako beste atal batzuk