Entzuteko beste bide batzuk
Times Squareko argietan
Kirmen Uribe
2022ko otsailak 14
Baraxil Bengoa Guenetxea, Brooklynen bizi den arrasatearrari, eskakizun bat egin zioten lanean. Enpresak erabaki zuen New Yorkeko burtsan sartzea eta horretarako beharrezkoa omen zen enpresa ezagun bihurtzea. Gauzak horrela, enpresaren irudiaren ardura duen taldeak ideia bat izan zuen: zer hobeagoa enpresa ezagutarazteko langileen argazkiak Times Square-ko pantaila erraldoietan jartzea baino. Eskuarki, Times Squareko pantailetan aktoreak eta modeloak agertzen dira. Filmak, antzerkia, musikalak, arropa, teknologia, dena da iragarki han. Orduan, irudi-arduradunen ustez, jende arrunta pantaila erraldoietan jartzea iraultza bat izango zen.
Dena den, Baraxilek, euskaldun onaren zuhurtziaz, ezetz esan zuen. Lotsa ematen zion horrek denak. Gauza horiek ez ziren berarentzat. Hori bai, amari kontatu zion irudi taldearen burutapena, grazia egingo ziolakoan. Eta, katean, amak Soraluzeko izebari. Halaxe, izebari otu zitzaion sekulako aukera galtzea zela hura, euskaldun bat Times Squareko pantailetan. Hori bai ala bai egin behar zen! Orduan, izebaren proposamena izan zen, Baraxilek berak bakarrik ez bazuen atera nahi, bada familiako kideekin agertzea bazuela, familiako argazkiak bidalita. Horrela, denak batera agertuko ziren New Yorkeko bihotzean, akabo lotsak. Izebak ordainetan eskatu zion gauza bakarra izan zen argazkiak ateratzen zirenean bideoz grabatzea eta berari igortzea, Soraluzeko bere lagunekin partekatu zezan balentria.
Eta halaxe, irudi-taldeak baino familiak indar handiagoa duelako, agertu ziren Baraxil eta familia Times Square-ko pantailan, aktore, modelo, politikari eta bestelakoekin batera. Euskal Herrian ateratako argazkiak ziren, mendian, naturalak, poserik gabekoak, maitagarriak. Baraxil bera alaba Nahia eta emazte Carolekin, gurasoak, eta nola ez, Soraluzeko izeba.
Ez dakit enpresaren akzioek gora egingo zuten. Baina Euskal Herriko familiako pozak, hori seguru.
Gaiak
Saio honetako beste atal batzuk
-
Orain ezin da
2022ko ekainak 27
-
Bestelako jai egunak
2022ko ekainak 20
-
Hiru hartz
2022ko ekainak 13
-
Liburu azokako perlak
2022ko ekainak 6
-
Lore-bilatzaileak
2022ko maiatzak 30
-
Hauteskunde txikiak
2022ko maiatzak 23
-
Historiak atzera
2022ko maiatzak 16
-
Saiden liburutegia
2022ko maiatzak 9
-
Estudianteen zorra
2022ko maiatzak 2
-
Desira maletategi barruan
2022ko apirilak 25
-
Pantailarik gabe
2022ko apirilak 11
-
Korrika beharra
2022ko apirilak 4
-
Saharako egunak
2022ko martxoak 28
-
Lincoln Centerreko garabiak
2022ko martxoak 21
-
Txapela
2022ko martxoak 14