New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Tirita besoan ibili munduan

Kirmen Uribe

Gose garaiko gure amak, kontatzen digu arrautza ondasun preziatua zela gerraosteko urteetan, hainbeste ezen gurasoek erdibana jaten zuten eta umeek laurden bat besterik ez, arrautza bera lau zatitan. Nonbait okerrena izaten zen gurasoentzat gorringoa zatitzea, ume bati besteari baino zati handiagoa emanez gero senideen artean okasioa aterako baitzen.

00:00 / 3:05

Entzuteko beste bide batzuk

Tirita besoan ibili munduan

Kirmen Uribe

2021ko apirilak 12

Gose garaiko gure amak, kontatzen digu arrautza ondasun preziatua zela gerraosteko urteetan, hainbeste ezen gurasoek erdibana jaten zuten eta umeek laurden bat besterik ez, arrautza bera lau zatitan. Nonbait okerrena izaten zen gurasoentzat gorringoa zatitzea, ume bati besteari baino zati handiagoa emanez gero senideen artean okasioa aterako baitzen.
    Arrautza jaten zen egunean ohitura zen ahoa zapiarekin ez garbitzea, arrautza apur bat uzten zen ezpainen ertzean. Eta, horrela, kalera joaten zinenean, espaloian gurutzatzen zenuen jendeak esaten omen zizun, “arrautza apurtxo bat duzu ezpainean?”. Eta, orduan, disimuluz erantzuten zenuen, “a bai? ez naiz konturatu, izan ere arrautza jan dugu eta”.
    Egunotan antzeko irudia ikusi dugu New Yorkeko kaleetan. Tirantedun kamisetarekin ateratzen da jendea kalera, bakunaren tirita erakutsiz. “Hara! Bakuna jarri dizute ala?” galdetzea nahiko balute bezala. Tirita besoan eta ibili munduan. Pentsatu dut, ez ote diren tirita batzuk gezurrezkoak izango, txertoa hartu gabe ere jarriak. Bromak aparte, normala da tiriten moda, egunean milaka pertsonak hartzen baitu txertoa.
    Horrek lasaitasuna ere ekarri du, eta batzuk hasi dira maskara kentzen eta neurriak arintzen, eta kasuek gora egin dute, ondorioz.
    Hori ekiditeko eta eskuzabaltasunez, txertoa hartu duten eta bularra ematen ari diren emakumeek esnea oparitzen ari dira. Nonbait haurrari antigorputzak pasatzen zaizkio bularraren bitartez eta txertoa hartu duten emakumeen esne banku bat sortu da, aukera hori ez duten haurrek edateko.
    Ez da txarra.
    Xabier Letek ondo zioen bezala, amaren bularra, haurraren janari.


Saio honetako beste atal batzuk