New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Txapa saltzailea

Kirmen Uribe

Birusa ehuneko hirura iritsi dela eta itxi egin dituzte eskolak New Yorken. Jatetxe eta dendetan ere neurriak estuagoak dira. Supermerkatuan ilara luzea da berriz, kale kantoian bira egiten du.

00:00 / 3:43

Entzuteko beste bide batzuk

Txapa saltzailea

Kirmen Uribe

2020ko azaroak 23

Birusa ehuneko hirura iritsi dela eta itxi egin dituzte eskolak New Yorken. Jatetxe eta dendetan ere neurriak estuagoak dira. Supermerkatuan ilara luzea da berriz, kale kantoian bira egiten du.

Ilaran aurrera egin eta iritsi naiz halako batean supermerkatuko espaloira. Han egoten dira saltzaileak. Afrikarrak irudiak eta otzarak saltzen, bigarren eskuko liburuak eta komikiak haien alboan, eta azkenik gizon adindu bat, hondartzako mahaitxo batekin txapak saltzen, txapa politikoak. Bozketak izan aurretik saltzen zituen Biden eta Harrisen aldeko txapak, eta orain ere bai. Ez dakit zergatik jarraitzen duen hauteskundeak pasa dira eta, beharbada ez delako fida Trumpek Etxe Zuria utziko ote duen.

Ilaratik bertatik entzun dut, espaloian margotutako ixetan aurrera egiten nuen heinean, beste adineko batekin izan duen eztabaida. Esaten zion hark Biden-ek bozak lapurtu dituela, hainbat hildako zeudela boto-emaileen zerrendetan eta. Ā«Kalitatezko prentsa irakurri beharko zenuke eta ez interneteko zabor horiĀ», erantzun dio txapa saltzaileak.

Dendako atarian zegoen mutikoak sartzeko keinua egin dit eta hor utzi dut eztabaida. Otzara betetzen ari nintzen bitartean, gomutan izan dut asteon gertatutakoa. Nola Trumpen inguruan inor ez den gai erregeari esateko biluzik dagoela, bere jantzi gardena ez dela benetan jantzia ezer ez baino. Presidentearen beldur baino haren boto-emaileen beldur dira eskuineko politikariak. Nor izango da lehena esaten buruzagia gaizki dabilela, eta hauteskundeak bidezkoak izan direla, gero bozemailerik gabe geratuko bada? Larria da ikustea nola jendeak sinetsi duen gezur bat eta orain gezur horri buelta eman ezinda dabiltzala agintariak.

Atera naiz supermerkatutik, bi gizonak elkarren ondoan eserita aurkitu ditut, hondartzako bi eserlekuetan, bata bestearen ondoan, hizketan. Eta bitartean, txapak saltzen.

Saio honetako beste atal batzuk