New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Txapela

Kirmen Uribe

New Yorken txapela jazten da. Norbait txapela buruan ikusi nuen lehen aldian dudan egon nintzen harengana joan eta galdetzeko euskalduna ote zen, ze herritakoa. Dena den, denborak aurrera egin ahala, ohartu nintzen gero eta jende zebilela txapelarekin. Boneta beltzak ziren gehienak, baina bazeuden urdinak, grisak edo gorriak. Horrela pentsatu nuen txapela eraman eramaten zutela bai, baina ez zirela izango denak euskaldunak.

00:00 / 3:30

Entzuteko beste bide batzuk

Txapela

Kirmen Uribe

2022ko martxoak 14

New Yorken txapela jazten da. Norbait txapela buruan ikusi nuen lehen aldian dudan egon nintzen harengana joan eta galdetzeko euskalduna ote zen, ze herritakoa. Dena den, denborak aurrera egin ahala, ohartu nintzen gero eta jende zebilela txapelarekin. Boneta beltzak ziren gehienak, baina bazeuden urdinak, grisak edo gorriak. Horrela pentsatu nuen txapela eraman eramaten zutela bai, baina ez zirela izango denak euskaldunak.
    Txapela du buruan, orobat, Baionako urdaiazpikoa supermerkatuan saltzen duen gizonak. “Euskal urdaiazpikoa”, jartzen duen mahaitxo batean. Egia esan, “Basque” marka hori Iparraldearekin lotzen dute hemen. “Basque” gazta iparraldekoa da, urdaiazpikoa bezala. Ondo egin dute hori Iparraldean, ez dute saltzen Frantziako gazta gisa, euskal gazta gisa baino. Umearen antzerki irakasleak ere esan zidan euskal lagun batzuk zituela, Biarritzekoak.
    Ez dakit zer gertatu zaigun euskaldunoi txapelarekin. Beste gauza askorekin bezala, muturrekoak gara. Orain denek daramate, orain inork ez. Gure bi aitonek egunero zerabilten. Bata zuten astegunekoa eta bestea, berriagoa, egun seinalatuetarako. Dotore ematen zien. Garai bateko bertsolari eta idazleak ere txapelarekin ibiltzen ziren. Manuel Lasarte, esate baterako, ze jantzia ateratzen zen telebistan bonetarekin. Aldiz, osteko belaunaldietatik desagertu egin da. Bat edo batek esan zidan alopezia sortzen zuelako zela. Baina ez. Oraintsu jakin da hobeto dela ilajea estaltzea, hotza edo bero denean, ilea ez galtzeko. Eta euskal jendea burua tapatzen hasi da, baina ez txapelarekin hain zuzen, Estatu Batuetako kapelekin, akaso bai. Bitxia, gu amerikarren txanoekin gabiltza eta eurak gure bonetekin.
    Nik ekarri egin nuen euskal txapela New Yorkera. Tarteka jazten dut, hemen ez naiz hain arraro sentitzen. Aurrekoan alabari galdetu nion ea lirain nengoen txapelarekin. Esan zidan, “bai, guapo zaude, baina Euskal Herrian zaudenean ez jantzi mesedez”.
    Armairuan sartu nuen berriz txapela.

Saio honetako beste atal batzuk