New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Txertoak eta donutsak

Kirmen Uribe

Jendea animatzeko bi era omen daude. Bata da triunfalista, “onenak gara, irabaziko dugu” eta horrelakoak esaten lagun hurkoa berotzea. Bestea da kontrakoa, aurretik egoera oso gaizki jarri eta gero edozein aurrerapen pausu handi bat bezala azaltzea. Biden presidentea bigarren eskolako honetakoa da. Agintaritzara iritsi eta esan zuen lehenengo gauza izan zen zaila izango zela pandemia gainditzea, saiatuko zela egunean milioi bat pertsona txertatzen, baina nekez lortuko zutela.  Bikoiztu egin ditu azkenean zenbakiak eta egunean bi milioi eta erdi pertsona bakunatzea lortu du. Jendea pozik dago ondorioz. Espektatibak txikiak badira, garaipena errazagoa da. Espektatiba handiekin errazagoa da desengainua.

00:00 / 3:05

Entzuteko beste bide batzuk

Txertoak eta donutsak

Kirmen Uribe

2021ko martxoak 29

Jendea animatzeko bi era omen daude. Bata da triunfalista, “onenak gara, irabaziko dugu” eta horrelakoak esaten lagun hurkoa berotzea. Bestea da kontrakoa, aurretik egoera oso gaizki jarri eta gero edozein aurrerapen pausu handi bat bezala azaltzea. Biden presidentea bigarren eskolako honetakoa da. Agintaritzara iritsi eta esan zuen lehenengo gauza izan zen zaila izango zela pandemia gainditzea, saiatuko zela egunean milioi bat pertsona txertatzen, baina nekez lortuko zutela.  Bikoiztu egin ditu azkenean zenbakiak eta egunean bi milioi eta erdi pertsona bakunatzea lortu du. Jendea pozik dago ondorioz. Espektatibak txikiak badira, garaipena errazagoa da. Espektatiba handiekin errazagoa da desengainua.
    Gauza bera jatetxeak eta antzeko lokalak zabaltzearekin. Eutsi egin diote hemen itxierei, soilik kanpoan edo etxerako egon dira ematen janaria duela gutxi arte. Antzokiak ere itxirik. Baina behin pausu bat aurrera emanda, gero ez dute atzera pausurik eman.
    Estatu gehienetan 16 urtetik gorakoek hartu ahal dute txertoa, nahiz eta New Yorken 50 urtean dagoen muga. Bizkor doa kontua Estatu Batuetan, eta horrek kritikak ere sortu ditu, zergatik ez dituzten dosiak hirugarren mundura bidaltzen, abiadura desberdinak ekiditeko.
    Guri ere egokitu zaigu txertoa hartzea. Harlem-eko ospitalera joan ginen. Hemen ez zaituzte deitzen etxera, norberak aurkitu behar du lekua internet-en eta ordua hartu. “Mila esker Harlem aukeratzearren”, esan zigun iritsi bezain laster erizainak. Lanpetuta ari zen, jateko astirik ere hartu gabe. Gure paperak begiratzen ari zela, norbaitek deitu zion telefonotik. “Ez, hemen ez dugu bakunarik saltzen”, esan zion seriotasunez hots egiten ari zenari. Eta gero barre egin zigun, esanez bezala, a ze lotsagabea!
    Bi txertoak hartu dituztenek egunero donuts bat dohain jateko bono bat jasotzen omen dute. Nik aukeran nahiago Euskal Herriko urdaiazpiko pintxoa edo patata tortilla. Pentsatu beharko lukete hor antzeko zerbait.
    Nahiz eta bromak aparte, nik uste, txertoa ez den hartzen norberagatik. Ez, da hartzen nor bere buruarekin pentsatzen. Ez, besteengatik hartzen da batez ere, denon onean pentsatzen.
   

Saio honetako beste atal batzuk