New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Txoria txori

Kirmen Uribe

Zerura begira geratu dira oinezkoak espaloian. Han, urrun, parkearen gainean, bi arrano ikusi dituzte hegaz, biribilean. Harrituta daude. “Zoologikotik ihes egin duten hegaztiak izango dira?” galdetu dio batak besteari.

00:00 / 3:25

Entzuteko beste bide batzuk

Txoria txori

Kirmen Uribe

2023ko martxoak 6

Zerura begira geratu dira oinezkoak espaloian. Han, urrun, parkearen gainean, bi arrano ikusi dituzte hegaz, biribilean. Harrituta daude. “Zoologikotik ihes egin duten hegaztiak izango dira?” galdetu dio batak besteari.
Baina ez, arranoak ez ziren iheslariak. Egia esan, arrano burusoil bikotea New Yorkera negua pasatzera etortzen da duela urte batzuetatik hona. Urtarrila eta otsaila bitartean Central eta Brooklyneko parkeetan hartzen dute bizilekua. Bitxia da, Estatu Batuetako agintearen sinboloa da arrano burusoila, banderetan eta ikurretan agertzen dena,  baina desagertzear egon zen XX. mendean. Ale batzuk baino ez ziren geratzen bizirik. Dena den, hura babesteko legeak ezarri zirenetik eta, batez ere, DDT pestizida debekatu, arranoen aldrak ugarituz joan dira, 2007an arriskuan dauden espezieen zerrendatik atera zituzten arte. Eta orain, begira, New Yorken habia duten negutiarrak dira arranoak.
Zoologikotik ihes egin zuen hegaztia beste bat zen, hontza. Flaco izeneko hontz handi batek hanka egin zuen parkeko zootik otsailaren hasieran, animaliak aske maite dituen norbaitek kaiolako sarean zuloa zabaldu zionean. Biologoak beldur ziren hamabi urtez kaiolan bizitako hontzak ze gobernu aterako zuen etxe orratzen hiri basatian. Beldur ziren gosez hilko zela. Edo damuak eta nostalgiak jota, itzuli egingo zela etxe kartzelara.
Baita zera ere. Konturatu dira pozarren dagoela txoria. Flaco bizimodua ateratzeko nor da. Ehizatu egiten du gauez eta egunez atseden hartu, hori bai, argazkilariek eta kuxkuxeroek bakean uzten badute. Gauzak horrela, zooko agintariek hegaztia monitorizatu eta libre uztea erabaki dute.
Behin aske bizi izan denak ez du berriz giltzapera itzuli nahi.
Txoria txori, beti.

Saio honetako beste atal batzuk