New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Txoriak falta

Kirmen Uribe

Lagun batek kontatu zidan ostiralean.
    Ez dakizu zer ikusi dudan kalean. Su-hiltzaileen kamioi bat. Eskailera luzea zabaldu dute zuhaitz baten puntara. Jendea behetik argazkiak ateratzen ari zen, mugikorrekin bideoak grabatzen. Animalia bat izango da, esaten zuten. Katu bat beharbada. Baina ez, txori bat zen. Txori bat zuhaitzean?, galdetu nion lagunari. Ez da gauza arraroa. Eta hura salbatzen ari ziren su-hiltzaileak? Halaxe da, esan zidan. Hau New York da, adiskidea, edozer gauza da posible hemen.
   

00:00 / 3:32

Entzuteko beste bide batzuk

Txoriak falta

Kirmen Uribe

2021ko azaroak 8

Lagun batek kontatu zidan ostiralean.
    Ez dakizu zer ikusi dudan kalean. Su-hiltzaileen kamioi bat. Eskailera luzea zabaldu dute zuhaitz baten puntara. Jendea behetik argazkiak ateratzen ari zen, mugikorrekin bideoak grabatzen. Animalia bat izango da, esaten zuten. Katu bat beharbada. Baina ez, txori bat zen. Txori bat zuhaitzean?, galdetu nion lagunari. Ez da gauza arraroa. Eta hura salbatzen ari ziren su-hiltzaileak? Halaxe da, esan zidan. Hau New York da, adiskidea, edozer gauza da posible hemen.
    Zuhatzetik salbatu nahi zuten txoriaren kontua ez nuen osorik sinetsi. Ez nago ziur egiatan ari zen laguna, newyorktarrek badute adarra jotzeko joera eta. Broma bat izango zen, itxuran.
    Anekdota hori erdi ahaztuta nuela, atzo bertan, txoriei buruz hitz egin zigun ezti-saltzaileak baserritarren azokan. Gizon nagusia da bera, nekatua ematen zuen. Zergatik ez zara esertzen?, galdetu nion. Esertzen banaiz jendeak uste du ez dudala saltzeko interesik. Eta horrexegatik nago zutik.
    Zaharkituak zituen arropak, poltsikoak zulatuta, baina burua bizkor.
    Eztiari buruz aritu zitzaigun gero. Urte ona izan omen da. Nonbait lore asko egon dira aurten, iaz baino gehiago. Baina ez pentsa hori seinale ona denik, esan zigun gizonak, lore asko daude, txoririk ez dagoelako. Aurten txori gutxi ibili da.
    Zergatik ba?, galdetu nion jakinminez.
    Ez nuke jakingo esaten, baina oso arraroa da. Ez dut sekula ikusi. Nik uste, klima aldatu egin dela. Txoriak desagertzen ari dira.
    Lagunaren su-hiltzaileen pasadizoa ez dakit txantxa ote zen.
    Baina azken hau, hau bai ez dela broma.

Saio honetako beste atal batzuk