New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Uffizira bisita

Kirmen Uribe

Florentziako Uffizi museora egin nuen ostera pasa den astean. Mundu mailan hain ezagunak diren gainontzeko museoetan egin ohi dudan bezala, obrarik famatuenetan baino bazterrekoak diren horietan jarri nuen arreta. Izan ere, Botticelli edo Leonardoren gelak mukuru beteta zeuden, eta ezinezkoa zen koadroak ikustea.

00:00 / 4:02

Entzuteko beste bide batzuk

Uffizira bisita

Kirmen Uribe

2023ko maiatzak 15

Florentziako Uffizi museora egin nuen ostera pasa den astean. Mundu mailan hain ezagunak diren gainontzeko museoetan egin ohi dudan bezala, obrarik famatuenetan baino bazterrekoak diren horietan jarri nuen arreta. Izan ere, Botticelli edo Leonardoren gelak mukuru beteta zeuden, eta ezinezkoa zen koadroak ikustea.

Horrela, Fra Angelico edo Paolo Ucelloren margoez gozatu nuen. Miragarria iruditu zitzaidan “Hermafroditoa” deritzon eskultura. Erromatarren garaiko irudi hura gorputz erdiz emakumezko eta beste erdiz gizonezko den marmolezko figura bat da, etzanik dago, lo. Duela bi mila urte zizelatu zuten arren, erabat gaur egunekoa iruditu zitzaidan.

Caravaggio maitearen “Baco” jainko nerabea ikusten saiatu arren ezin izan nuen, hura ere jendez lepo. Dena den, Tizianoren Urbinoko Venusen gela nahikoa lasai zegoen. Tizianorena izango da lehenengo emakumezko biluzietako bat. Berpizkundean iraultza handi bat egon zen gorputzarekiko, giza gorputza eder ikusten hasi ziren. Margoak liluratu egiten du benetan. Biluzia lehen planoan dago, etzanik, ikusleari begira, konfiantzaz eta lasai, eta atzean leihoan iluntzea ikusten da, eta leiho azpian bi emakume, jantzita, kutxa batean zerbaiten bila ari direla. Zer egongo ote dira bilatzen?

Alboan nituen bi gizonezko. “Emagaldu bat da”, esaten zion batak besteari, irribarre eginez. Hala ere, mihisearen alboan jarrita dagoen txarteltxoari erreparatu izan baliote, jakingo zuten ez zela emagaldua. Urbinoko dukeak haren emazte gazteari egindako oparia baino, Giulia Varanori. Ez dakigu oso ondo Giulia bera den koadroan agertzen den emakumea. Baliteke. Tizianori egin zion enkargua dukeak. Biluzi bat egitea, baina, ez zen lan makala. Nondik hasi. Tiziano bere lagun batek urte batzuk lehenago margotutako lan batekin gogoratu zen, halako batan, “Lotan dagoen Venusa”, Giorginorena. Koadro horretan jainkosa bat agertzen da biluzik mendian. Tizianoren iraultza izan zen biluzia naturatik atera eta gela baten barruan kokatzea, eta jainkosa izan ordez, giza-aurpegia jartzea. Aldaketa gutxi batzuk baina berebizikoak.

Hori dena jakitea galdu zuten, “emagaldua” esan eta erdeinuz gelatik alde egin zuten bi gizonezko horiek.

Saio honetako beste atal batzuk