New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Ukipenik gabe

Kirmen Uribe

Ukipena galdu dugu pandemiarekin, distantzia jarri dugu gu eta besteen artean. Eta ez pertsonen artean bakarrik. Dendetan ordaintzeko ere ukipenik gabeko gailuak jarri dituzte, txartela hurbilduz ordaintzeko, ala mugikorrarekin.

00:00 / 3:20

Entzuteko beste bide batzuk

Ukipenik gabe

Kirmen Uribe

2021ko maiatzak 10

Ukipena galdu dugu pandemiarekin, distantzia jarri dugu gu eta besteen artean. Eta ez pertsonen artean bakarrik. Dendetan ordaintzeko ere ukipenik gabeko gailuak jarri dituzte, txartela hurbilduz ordaintzeko, ala mugikorrarekin.

Baita gure okindegian ere. Ogia eta goxoak saltzen ditu, bertan egindakoak, ekologikoak. Ilara luzeak izaten dira bertan, batez ere iluntzeetan. Lanetik etxera bueltan, hiritarrek nahi izaten dute eguna bukatu bixkotxa bat janez.

Ostiraletan erosten diegu han bixkotxa umeei. Saria izaten da lan astea bukatu delako. Astegun buru zurian ez. Eskolara bila joaten garenean, ogitartekoa eramaten diegu eta fruta, Euskal Herrian bezala. Gainontzeko umeek ez dute ezer jaten, afalordua goiz baita hemen, asko jota litxarkeriak. Gu gara jolastokian merienda izaten dugun friki bakarrak.

Ostirala iritsi da eta joan naiz okindegira. Txartelik ez dut baina pentsatu dut mugikorrarekin egitea aproba. Ez naiz moldatzen. “Hurbildu gehiago” esaten dit kutxazainak, atsegin. Ez doa. Gero eta urduriago nago. Ilara luzea nire zain daukat atzean. “Tira, saiatu berriz faborez”. Hurreratu eta ezer ez. Ez dakit ze botoiri eman diodan edo ez diodan eman, baina mugikorra ez doa. Jendea zain. Ez dakit non sartu. Zabalduko ote da nire oinetan lurra mesedez ni barruan sartzeko?

“Listo, egina dago”, esan dit halako batean kutxazainak, serio. “Nola egina?, nik ordaindu nahi dut baina mugikorra ez dabil”. “Ordainduta dago, neskato horrek gonbidatu zaitu”. Albora begiratu dut, ondoko kutxan dagoen neskak irribarre egin dit. “Ez da ezer”, esan eta atera egin da okindegitik.

Bixkotxa eta mugikorra hartu eta kalera atera naiz, durduzatuta.

New Yorkek baditu gauza hauek. Eskuzabala da jendea, ukipenik gabeko garai hauetan.

Saio honetako beste atal batzuk