New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Zaldizkoa

Kirmen Uribe

Polizia ikusten genuen Historia Naturaleko museoaren atarian. George Floyd-en hilketaren osteko egunetan, hain zuzen. Denda batzuetan oholak zeuden jarrita, lapurreten beldur, baina museoan, zergatik? Inork ez dio museo bati eraso egingo esaten genion geure buruari. Baina eguna joan eta eguna etorri, hantxe zeuden poliziak, museoaren atarian.

00:00 / 4:19

Entzuteko beste bide batzuk

Zaldizkoa

Kirmen Uribe

2020ko ekainak 29

Polizia ikusten genuen Historia Naturaleko museoaren atarian. George Floyd-en hilketaren osteko egunetan, hain zuzen. Denda batzuetan oholak zeuden jarrita, lapurreten beldur, baina museoan, zergatik? Inork ez dio museo bati eraso egingo esaten genion geure buruari. Baina eguna joan eta eguna etorri, hantxe zeuden poliziak, museoaren atarian.
Jakin genuen azkenik zergatia. Museoa ez zen arazoa, aurrealdean dagoen irudia baino. Sarrera nagusiko eskaileretan kokatzen baita Theodor Roosevelt-i gorazarre egiten dion eskultura. Roosevelt New Yorkeko gobernadore izan zen eta Estatu Batuetako presidente gero. Gaur egun horren ezagunak diren parke naturalen eraketa berak bultzatu zuen, Yosemite edo Muir Woods-ena esate baterako. Naturaren jagoletzat dugu agintaria eta horregatik jarri zioten Historia Naturaleko Museoan irudia.
Kontua da Roosevelt-en eskultura zaldizkoa dela, enperadore erromatarren eran agertzen da, bulartsu. Albo banatan, bi oinezko ditu, bata natibo amerikarren itxuran eta besteak ematen du tribu afrikar bateko kide, ia arroparik gabe.
Urte askoan izan da liskarrerako arrazoia irudi hori, ez da gaur eguneko kontua. Afroamerikarren eskubideen aldeko elkarteek hura kentzea eskatu dute luzaroan. Museoak berak dokumental bat egin zuen irudiaren historiarekin, eta webeko atarian du jarria. Hogeiko hamarkadan hasi ziren irudiaren ideiarekin. Eskultoreak, duin agertu nahi zuen presidentearen irudia eta baita oinezkoena ere. Natiboa arropa dotorez eta lumaz dago jantzia. Afrikarra indartsua da, ederra. Dokumentalean aditu batek esaten duenez, oinezko bi horiek pertsonifikazioak dira, Amerika eta Afrika kontinenteak dira. Bi kontinenteekin harreman estua zuen Roosevelt-ek eta horregatik.
Alta, bata zaldi gainean doa eta besteak oinez. Eta itxura batean ematen du zuri aberaskume bat doala zaldian eta afroamerikarra eta natiboa oinez, bere esanetara. Asmo onez egin bide zuten bere garaian irudia baina gaur egun mingarria da oso. Paternalismo hori noizbait onargarria izango zen, beste aukerarik ez zegoelako, baina egun endredo bidea da. Museoko bideoan, Harvard-eko irakasle den Lakota jatorriko gizon batek dio: “zer pentsatuko du natibo batek irudi hori ikustean? Jarri bere tokian eta ulertuko duzue”. Berdin afroamerikarrekin. Irudikoa ez da berez afroamerikarra, baina berdin berdin sortzen du ezinegona beraien artean.
Horregatik, hiriak erabaki du oraintsu handik kentzea, museoaren oniritziarekin. “Jar dezatela horren ordez dinosaurio bat”, dio jendeak.
Esan beharrik ez dago, zaldizkoa eta bi oinezkoak, denak, gizonezkoak direla.

Saio honetako beste atal batzuk