New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Zeramikariaren eskua

Kirmen Uribe

New Yorkeko negu hotza laburtzeko umeek eskolaz kanpoko ikastaroak izaten dituzte. Matematika ematen duten errusiarren akademia ezaguna da, musika etxeetan ematen da batez ere, eta dantza, artea, idazketa denbora-pasagarri maiteak dira elur garaietan.  Nire eskolaz kanpoko ikastaro bakarra txikitan zeramika izan zen.

00:00 / 5:22

Entzuteko beste bide batzuk

Zeramikariaren eskua

Kirmen Uribe

2022ko urtarrilak 31

New Yorkeko negu hotza laburtzeko umeek eskolaz kanpoko ikastaroak izaten dituzte. Matematika ematen duten errusiarren akademia ezaguna da, musika etxeetan ematen da batez ere, eta dantza, artea, idazketa denbora-pasagarri maiteak dira elur garaietan.  Nire eskolaz kanpoko ikastaro bakarra txikitan zeramika izan zen. Lau senideen artean gazteena, ez nituen nire neba-arrebek musikan hartzen zituzten neke horiek nahi niretzat, nahiz eta gero damu izan dudan musika tresnarik ez jotzea. Euskal dantzak ere, ikustea maite nuen arren, ez ziren niretzat, moldakaitza bainintzen oso. Zeramika aukeratu nuen orduan. Bitxore izeneko artista batek ematen zituen eskolak haren lantegi txikian. Oso librea zen emakumea, berezia eta bizkorra. Denetarik egiten zuen, erraldoiak egiteko modu berria bat ere asmatu zuen, eskuak mugitu ahal dituzten erraldoi bakarrak, horrela umeak besarkatzeko gai izaten baitziren. Euskararen jairen bat dela, hantxe ikusiko dituzue Bitxoreren erraldoiak oraindik ere. Kontua da, eta luzamendutan sartu gabe, bi urtez egon nintzela haren lantegian. Gustuko nuen eskuekin buztina lantzearen kontu hori. Tornuari bueltak eman eta nola sortzen zituen ontziak, pitxarrak eta bestelakoak. Ikastaroak aurrera egin ahala, ordea, nire buru bihurria beste gauza batzuk eskatzen hasi zitzaidan. Eta eskulturak egiten hasi nintzen. Hasieran figuratiboak ziren, arrantzaleenak eta, baina gero horrekin ere aspertu eta abstraktuagoak egiten hasi nintzen. Buztin zati bat mahai gainera bota eta forma ematen nion, gehiegi landu gabe, halako Oteiza txiki bat sentitzen nintzen. Bitxorek ez zituen gustuko hain gauza apurtzaileak. Errazak zirela uste zuen. Esaten zidan lehendabizi ofizioa menderatu behar nuela gero hautsi ahal izateko. Horrela, eta nahiz eta hasieran amorratzen ninduen, hari kasu eginda egin nuen ontzi bat, tradiziozkoa. Eta urte bukaeran egiten zen erakusketan hantxe zegoen nire ontzia, dotore, eskultura abstraktuekin batera. Ustekabean, erakusketa itxi zen egunean hura jasotzera joan eta pegatina bat zuela konturatu nintzen. Beste ume batek berea zela esan eta markatu egin zuen. “Bitxore, hau nirea da”, esan nion estututa. “Asko kostatu zait”. “Bada beste ume batek esan du berea dela, sinatu al zenuen?”. Sinaduraren bila hasi nintzen urduri ontziaren hegaletan eta ez zegoen. Ez al nuen bada sinatuko? Ahaztu egingo zitzaidan? Ume hark etxera eramango al zuen hainbeste kostatako nire lehen pitxarra? Zergatik nahiko zuen hartu berea ez zen lana? “Azpian begiratu duzu?” aholkatu zidan berak. Eta buelta eman eta hantxe aurkitu nituen azkenean nire inizialak, letra makurrez idatziak. “Pegatina kenduko diogu orduan” esan zidan Bitxorek irribarre eginda, eta hura egiten ari zela nik besarkatu egin nuen atzetik, eman nion erraldoien tamainako besarkada handia.

Saio honetako beste atal batzuk