New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Zorion handiegia

Kirmen Uribe

Iratzarri egin da hiria asteburu honetan, jende andana atera da kalera, nahiz eta etxean geratzeko aholkua maiatzaren 15a arte ez den bukatzen. Eguraldiak ere lagundu du, udaberria bete betean, eguzkitsu eta hogeitik gora gradu. Halako berpiztea, bi hilabetetan zehar kalean inor gutxi gurutzatu eta gero. Autoz hustutako etorbideak ere beteago, taxi horiren bat tarteka.

00:00 / 3:05

Entzuteko beste bide batzuk

Zorion handiegia

Kirmen Uribe

2020ko maiatzak 4

Iratzarri egin da hiria asteburu honetan, jende andana atera da kalera, nahiz eta etxean geratzeko aholkua maiatzaren 15a arte ez den bukatzen. Eguraldiak ere lagundu du, udaberria bete betean, eguzkitsu eta hogeitik gora gradu. Halako berpiztea, bi hilabetetan zehar kalean inor gutxi gurutzatu eta gero. Autoz hustutako etorbideak ere beteago, taxi horiren bat tarteka.
    Pasa den astean erabat itxita zeuden jatetxeak zabaltzen hasi dira etxera eramateko jana prestatzeko, kaleko izozki-denda ere ausartu da irekitzera, bakoitzean pertsona bat sartu arren dendara. Baserritarren azokan ilara luzeak zeuden. Han egon naiz ni ere, bi metroko tartea hartuta jakina, denok bezala. Arrain saltzaileen ilara luzean nengoen bitartean jendeari begira egon naiz. Bitxia da maskarena. Hor ere aldeak daude. Batzuk zapiak baino ez daramatzate aurpegian, edo etxean egindako maskara koloretsuak. Baina gero erositako maskarak daude, merkeak, ertainak eta garestiak. Merkeenak erabili eta botatzekoak dira, badakizue, betikoak, urdinak. Baina badira dotoreagoak ere, neoprenozkoak, batzuk karbonozko filtro eta guzti. Hor ere modaren eragina hasi da nabaritzen.
    Arratsaldean parkerantz egin dugu aspaldiko partez. Jendea barreiatuta zegoen urre koloreko belaze berdeetan, irakurtzen, eguzkia hartzen batzuk, gitarra jotzen ere bai. Zuhaitz baten adar batean habia bat aurkitu dugu, txori bat kumeei jaten ematen. Sinetsi ezina, bederatzi milioiko hiri batean, habiak aurkitzea. Etxera bueltatzean, ikusi ditugu zaldi gaineko poliziak, agur egiten ziguten eskuarekin.
    Filma baten barruan geundela ematen zuen. Zorion handiegia pandemia globalaren erdigune den hirian? Ez. Soilik da jendeak arnasa nahi duela, argia ikusi gura duela ilunbearen bukaeran.
    Zazpietako txaloek gogorarazi digute oraindik hildakoak daudela ospitaleetan.

Saio honetako beste atal batzuk