New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Zorion publikoa

Kirmen Uribe

Hannah Arendt-ek esan zuen zorion erabatekoa soilik publikoa dela, ez dela nahikoa norbera bakarrik zoriontsu izanda, zorion partekatua dela benetakoa. Bizi izan dudan zorion publikorik handiena izan zen hilaren zazpikoa. Norbera non eta zertan zebilen betiko gogoratzen den horietakoa. Larunbata zen, goizeko hamaika eta erdiak. Korrikan nenbilen parketik eta halako batean oihu handi bat zabaldu zen, orokorra, lasterkariak ikusi nituen geratzen, mugikorrei begira. “Galdu du”, esan nuen neure golkorako. Astearteaz geroztik emaitza jakin nahian zeuden hiritarrak, luze eginda, urduri, akituta. Parkea utzi eta kaleetara hurreratu nintzen. Hura eztanda, autoak bozina joaz, oinezkoak oihuka, gizon afroamerikar bat ikusi nuen ukabila altxatuta, negarrez. Gazte bat pasatu zen bizikletan pankarta bat eskuetan zuela, “Trump is over”. Bukatu da Trump.

00:00 / 03:44

Entzuteko beste bide batzuk

Zorion publikoa

Kirmen Uribe

2020ko azaroak 16

Hannah Arendt-ek esan zuen zorion erabatekoa soilik publikoa dela, ez dela nahikoa norbera bakarrik zoriontsu izanda, zorion partekatua dela benetakoa. Bizi izan dudan zorion publikorik handiena izan zen hilaren zazpikoa. Norbera non eta zertan zebilen betiko gogoratzen den horietakoa. Larunbata zen, goizeko hamaika eta erdiak. Korrikan nenbilen parketik eta halako batean oihu handi bat zabaldu zen, orokorra, lasterkariak ikusi nituen geratzen, mugikorrei begira. “Galdu du”, esan nuen neure golkorako. Astearteaz geroztik emaitza jakin nahian zeuden hiritarrak, luze eginda, urduri, akituta. Parkea utzi eta kaleetara hurreratu nintzen. Hura eztanda, autoak bozina joaz, oinezkoak oihuka, gizon afroamerikar bat ikusi nuen ukabila altxatuta, negarrez. Gazte bat pasatu zen bizikletan pankarta bat eskuetan zuela, “Trump is over”. Bukatu da Trump. Gerra bat amaitu balitz bezala zen. Emakumeak elkar musukatzen, Black Lives Matter-eko banderak, ostadarrarenak, gazteak kantatzen eta dantzatzen, umeak eta adinekoaknere bai, gizatalde askotarikoan.

Lagunek esan digute beraiek horrelakorik ez dutela bizi izan sekula. Obamak irabazi zuenean ere poz eztanda egon omen zen, baina hiru minutuko txaloaldiaren ondoren, jendea lasaitu egin zela zioten. Larunbatean ez, ordea. Igande goiza arte luzatu zen festa. Eta hori pandemiaren erdian. Edo pandemiagatik. Behar genuen berri on bat. Munduak behar zuen berri on bat.

Ospatzen ari zen jendearentzat Biden ez da beharbada onena izango, baina hobea izan bada. Pausu bat aurrera, zerotik hasteko aukera berriz, gauzak areago oker ez daitezen. Gero gerokoak. Eskatuko zaio presidente berriari bidezkoa dena, esango zaio zirt edo zart egiteko, eskubideetan sakontzeko, osasuna eta hezkuntza hobetzeko, planeta zaintzeko. Izan ere, argi daukadana da, kaletik pozik ikusten nuen jende hark beste mundu batean sinisten duela.

Astebete eta gero, pixkanaka hasi da Trump gertatutakoa onartzen. Medioetan dagoeneko ez dira ari berari buruz. Pasa da bere momentua. Orain bakunaz ari dira, datorren hilerako prest omen da.

Saio honetako beste atal batzuk