New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Zuria balitz

Kirmen Uribe

Central Park mundu bat da. Paisaia desberdinak daude parkean bertan. Udaberrian hegazti zaleek Rambles deitzen den tokira joateko ohitura dute. Rambles-era sartuta ematen du Urbasan barrura egiten duzula, baso batean zaude, bidezidor estuetan barrena, oinez. Txori migrariak egoten dira bertan, espezie ugari eta bitxiak.

00:00 / 3.58

Entzuteko beste bide batzuk

Zuria balitz

Kirmen Uribe

2020ko ekainak 1

Central Park mundu bat da. Paisaia desberdinak daude parkean bertan. Udaberrian hegazti zaleek Rambles deitzen den tokira joateko ohitura dute. Rambles-era sartuta ematen du Urbasan barrura egiten duzula, baso batean zaude, bidezidor estuetan barrena, oinez. Txori migrariak egoten dira bertan, espezie ugari eta bitxiak.

Pasa den astelehenean hegazti zale bat zegoen Rambles horretan emakume bat txakur batekin ikusi zuenean. Txakurra ez zegoen lotua, eta hori beharrezkoa da leku hartan, hegaztiak izutu ahal dira eta. Gizonak, afroamerikarra, eskatu dio txakurra lotzeko. Emakumea, zuria, muturtu zaio, txakurrak kirola egin behar duela esanez. Gizona mugikorraz grabatzen hasi zaio. Emakumeak bere mugikorra hartu eta poliziari deitu dio esanez “gizon afroamerikar bat erasanean dabilela”. Azkenean, emakumeak txakurra lotu du eta gizonak mugikorra itzali. Hor bukatu da kontua. Bideoa, birala bihurtu da New Yorken. Alkateak berak esan du ez duela horrelako jarrera arrazistarik onartzen eta emakumea lanetik bota dute.

Egun horretan bertan, astelehenean, George Floyd, afroamerikarra hura ere, Minneapoliseko polizia batek azpian hartu zuen eta belaunarekin itoarazi. Gizonak arnasarik ezin zuela hartu esaten zion arren ez zion jaramonik egin. Hil egin zen, edo zuen. Dena 20 dolarregatik. Estatu Batuak alde batetik bestera eztandarazi ditu Floyd-en hilketak, Martin Luther King hil zenetik ikusi ez den amorrua azalduz. Haserrea eta elkartasuna piztu dira. Leku batzuetan, emakume zuriak ilaran jarri dira manifestarien eta poliziaren artean, poliziak belaunikatu egin dira protestan ari zirenen aurrean, beste batzuetan.

Parkeko emakume zuriak poliziari deitu zionean hara agertu balira zer gertatuko zen? Nola hartuko zuten gizon hegazti-zalea? Neurtu al zuen hori andre hark?

Gure kalean pankarta bat jarri dute goizean George Floyd-en hilketa salatuz. “Eta zuria balitz?”, zioen. Koronabirusari buruz baino ez dugu hitz egin hiru hilabetetan. Besterik ez zen agertzen berrietan. Floyd-enak baina dena aldarazi du.

Koronabirusa pasako da, kostata baina gaindituko dugu.

Baina arrazakeriak, gaitz madarikatu horrek, amaierarik ez duela dirudi.

Saio honetako beste atal batzuk