New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

Zuzendu ezineko mutila

Kirmen Uribe

Lou Reed musikariak (New York 1942, 2013), nerabe zela, elektroshock saioak jasan izan zituen, nonbait oinez egiten “manerak” zituelako. Garai hartan uste zen gaya edo lesbiana izatea gaixotasuna zela, bai hori, gaixotasuna, eta bere garaiko beste hainbatek bezala nozitu zuen Reedek terapia anker hura. Gurasoek uste zuten onerako zela. Baina saio horiek ez zuten mutila aldatu. Alderantziz. Guraso eta gizartearekiko herra sortarazi zioten. Eta herra hori atera zuen rock musikaren bitartez, 60ko hamarkadan hasita.

00:00 / 3:33

Entzuteko beste bide batzuk

Zuzendu ezineko mutila

Kirmen Uribe

2022ko irailak 19

Sirakusa unibertsitatean literatura ikasketak egin zituen gero. Hantxe, bizitzako zorte bat, izan zuen irakasle Delmore Schwartz idazlea. Eta hark irakatsi zion poesia maitatzen. Bilatu beti emozioa. Horregatik dira bere kantuen letrak poemak. Horrek egin zuen desberdin. Kantatu baino errezitatu egiten zuen. Ondoren, New Yorkeko giro alternatiboan sartu zen. John Cale ezagutu zuen eta elkarrekin jotzen hasi. Beste zorte bat. Andy Warhol joan zitzaien kontzertu batera eta Velvet Underground taldea famako egin zen, New York beraiek ziren.

Hori dena eta gehiago agertzen da New Yorkeko Liburutegi Publikoak, Lincoln Center-en, atondu dion erakusketan. Bertan ageri dira kaseteko grabazioak, koadernoan idatzitako poemak, kartelak, super 8 irudiak eta diskoak. Dena. Ezen dena gordetzen zuen Reedek, badaezpada. Hilondoan, hori dena, liburutegi publikoari eman dio, bere ondarea jendeak musutruk goza eta iker dezan.

Gizarteak isiltzen zuen hura kantatu zuen Lou Reedek, kaleko bizimodua, pobrezia, drogak, identitate sexual anitzak… New Yorken alde ezkutua azaldu zuen, inork gutxi ausartzen zena esaten. Eta beragatik ezagutu dugu askok New York hori, basatia, bizia eta askatzailea era berean. Horman, esaldi hau irakurri nuen: Gustuko izan dudana izan da jotzea, rocka jotzea jendaurrean, horrek betetzen ninduen. Beste guztia horrekin batera zetorren. Hori idatzi zuen Reedek.

Erakusketaren bukaeran bideo irudiak daude. Han oinez ikusten da Lou Reed, dagoeneko urtetsu. Oraindik ere ageri zuen oinez egiteko era berezi eta dotore hura.

Saio honetako beste atal batzuk