Zaitun

Zaitun

4-4

Ane Irazabal

Margarito Martínez 2017ko udan ezagutu genuen. Tijuanan geunden mugaldeko harresiaren gaineko erreportaje bat grabatzen, baina uda horretan beste gertakari batzuk jomugan jarri zuten Mexikoko hiria. Joaquín Guzman 'El Chapo' droga trafikatzailea atxilotu ostean, Tijuana kartelen arteko gerraren agertoki odoltsua bilakatu zen. Egunero batez besteko bost hilketa zenbatzen zituen poliziak. Sikarioak elkarri tiroka ari ziren, alde bateko zein besteko droga kartelek hiriaren kontrola eskuratu nahi zutelako. Behin Tijuanako agure batekin hizketan aritu nintzen eta zera esan zidan: “Guk AEBetara droga esportatzen dugu eta haiek armak inportatzen dizkigute. Hori da gure penitentzia”.

00:00 / 3:05

Entzuteko beste bide batzuk

4-4

Ane Irazabal

2022ko urtarrilak 19

Baina, indarkeriaz jositako anabas horretan, pertsona zintzoak ere aurkitzen ziren. Margarito Martínez zen horietako bat. Kronika beltzaz arduratzen zen Tijuanako kazetaririk ezaguna zen eta hilketa guztien agertokietan zegoen. Tijuanan pasa genituen bost egunetan, hogei homizidio zenbatu genituen eta Margarito beti zengoen han argazkiak ateratzen. Beretzat pasioa zen argazkilaritza, eta, oso baldintza prekarioetan lan egiten zuen arren, beti iristen zen beste inor baino lehenago. “Zergatik deitzen dizute 4-4?”, galdetu nion behin. “Walki-talkiekin komunikatzeko erabiltzen dugun kodea delako”, esan zidan txantxetan.

Askotan esaten dugu nazioarteko berriemaileak paraxutista hutsak garela. Toki batera iristen gara, han egun batzuk pasatzen ditugu eta gero gure etxeko konfort eremura itzultzen gara. Bertako kazetariak, berriz, han geratzen dira. Arreta mediatikoak beste toki batera bira egiten duenean ere, ez doaz inora. Margaritok ez dio inoiz bere lana egiteari utzi eta agian traba egiten zielako akabatu dute. Ziur aski, ez dugu inoiz jakingo. Afganistanen ostean, eraildako kazetari gehien dituen herrialdea da Mexiko.

Saio honetako beste atal batzuk