Zaitun

Zaitun

Al-Sisi, aliatu maite hori

Ane Irazabal

Paola Deffendi eta Claudio Regeni lur jota daude. Lau urte pasa dira haien seme Giulio Kairon hil zutenetik, eta uste dute orduz geroztik adarra jo dietela. Haien semea desagertu zen unetik, susmo txarra izan zuten Paolak eta Claudiok. Baina ez zuten imajinatzen egoerak hala amaituko zuenik.

00:00 / 3:28

Entzuteko beste bide batzuk

Al-Sisi, aliatu maite hori

Ane Irazabal

2020ko abuztuak 12

Paola Deffendi eta Claudio Regeni lur jota daude. Lau urte pasa dira haien seme Giulio Kairon hil zutenetik, eta uste dute orduz geroztik adarra jo dietela. Haien semea desagertu zen unetik, susmo txarra izan zuten Paolak eta Claudiok. Baina ez zuten imajinatzen egoerak hala amaituko zuenik

Hosni Mubaraken aurkako iraultzaren bosgarren urtemugan hil zuten Giulio Regeni. Gazte italiarra doktoretza ikasketak egiten ari zen Egiptoko sindikatu independenteen historia aztertzeko. Cambridgeko unibertsitatetik Kairora bidaiatu zuen eta mugimendu politikoen nondik-norakoak ezagutzen hasi zen. Inork ez daki zerbitzu sekretuek noiztik zelatatzen zuten, baina Regeniren mugimenduak hurbiletik jarraitzen zituen erregimenak.  2016ko urtarrilaren 25ean, lagun batzuen festara bidean, segurtasun indarrek atxilotu egin zuten eta hil arte torturatu. Ikaslearen gorpua errepide bateko arekan aurkitu zuten desitxuratuta. Regeniren familiak argi dauka hilketaren atzean Abdel Fatta Al-Sisiren erregimen militarra dagoela

Baina gazte italiarraren familiari hamaika traba jarri dizkiote egiaren bidean eta ez du babes handirik aurkitu Italiako agintarien partetik. Paola eta Claudio etsituta daude Italiako gobernuarekin. Izan ere, Erromak ez du inolako intentziorik Kairorekin harreman diplomatikoak mozteko.

Parlamentuko ikerketa batzordean, Giuseppe Conte lehen ministroak argi esan du ez duela Egipto bisitatuko Kairoko erregimenak kolaborazio gehiago erakutsi arte. Baina Italiak armen salmenta berretsi du Egiptorekin. Erromako gobernuak aho batez onartu du Kairori bi fragata saltzea. Ez du kontraesanik ikusten justizia eskatzearen eta harreman ekonomikoak mantentzearen artean. Bitartean, Egiptoko gobernuak ustez Giuliorenak ziren jantziak bidali dizkio familiari, kolaborazio ikur gisa. Gurasoak azkar konturatu dira horiek ez zirela bere semearen arropak. Amak argi esan du ez dutela Giulioren omenezko estatuarik edo kalerik nahi, gertatu zena argitzea baizik.

Saio honetako beste atal batzuk