Zaitun

Zaitun

Atenaseko xiringa ahaztuak

Ane Irazabal

Grezia zulo beltzetik ateratzen ari dela diote makrodatuek. Langabeziak behera egin du, erreskateak atzean geratu dira eta Barne Produktu Gordina hazi egin da. Atenas erdiguneko kale turistikoetatik ibili eta aski atzematen da ekintza ekonomikoa berpiztu egin dela. Hotel berriak, jatetxe modernoak eta zabor gutxiago plazetan.

00:00 / 3:24

Entzuteko beste bide batzuk

Atenaseko xiringa ahaztuak

Ane Irazabal

2019ko uztailak 17

Grezia zulo beltzetik ateratzen ari dela diote makrodatuek. Langabeziak behera egin du, erreskateak atzean geratu dira eta Barne Produktu Gordina hazi egin da. Atenas erdiguneko kale turistikoetatik ibili eta aski atzematen da ekintza ekonomikoa berpiztu egin dela. Hotel berriak, jatetxe modernoak eta zabor gutxiago plazetan.

Baina Atenasera noan bakoitzean, badago izugarri hunkitzen nauen errealitate ez hain ezkutua. Panepestimio plazan, unibertsitatearen aurreko enparantza nagusian, Alexis Tsiprasek bere lehen garaipena ospatu zuen 2015ean. Metro geltoki nagusiaren inguruan, sartu-irten etengabean ari dira ikasleak. Eraikineko ateak turistez gainezka daude. Bideokamerarekin irudi batzuk hartu eta, bat-batean, izkina bati erreparatu diot. Hainbat gazte ilara egiten daude. Kamiseta igo, sabeleko haragia tolestu eta bertan sartzen dute xiringa. 

Erritu bat dirudi. Isil-isilik, bakoitzaren txanda noiz iritsiko den itxaroten ari dira denak. Alde batetik bestera dabiltzan herritarrek ez diete jaramonik ere egiten. Ez dakit nor dagoen narkotizatuago, droga injektatu duen gaztea edo aurrean daukan gorbatadun enpresaria. Une batean, halere, jonki batek aurrera begiratu eta nire begiradarekin topo egin du. Begi galduak dira, gorri samarrak. Handituta daude. Ez dakit zer pensatu duen, baina hari begira geratu naiz burua berriz ere jeitsi duen arte. 

Gazteen ilararen aurrean, xiringez beteriko beste ilara paraleloa sortu da. 2008an eztanda egin zuen krisiaren aurretik kokaina dibertitzeko kontsumitzen zuten pertsona asko, agian? Azken urteak hain izan dira suntsitzaileak, “austeritatearen droga” ere asmatu dela. Sisa du izena eta pobreen kokaina ere deitzen diote askok. Funtsean, metanfetamina da eta gramo batek 2 euro balio du. Krisiaren gogortasuna, drogen kontsumoaren gorakada eta etxegabeen kopuru handia oso erlazionatuta daudela ikusteko ez da estatistikarik behar. Etorri Atenasera.

Jonkiak hiriko paisaiaren osagarri arrunta bihurtu dira azken urtetan. Batzuei ezaugarri underground eta exotikoa iruditzen zaie. “Atenasera etortzea, 1980ko hamarkadako Euskal Herrira bidaitzea bezalakoa da”, esan zidan behin turista euskaldun batek. Omonia enparantzaren inguruan eta Exarjia auzoan esfortzu handirik egin gabe ikus daitezke heroinazaleak. Adin guztietako pertsonak dira. Kalean bizi al dira? Noiz hasi ziren xiringaren mendeko bihurtzen? Kazetari senak hurbiltzeko eskatzen dit, baina plazaren erdian eta egun argiz, egokiagoa iruditu zait haien pribatutasuna errespetatzea. 


Saio honetako beste atal batzuk