Zaitun

Zaitun

Azken naziak

Ane Irazabal

Azken egunetan ez da beste ezertaz hitz egiten Alemanian. Egunkarietan, telebistan eta sare sozialetan adineko pertsonak ikusi ditugu, aiton-amonak, gurpil-aulkian epailearen aurrean deklaratzen. Akusatuen mahaian daude. Guztiek karpeta edo liburu batekin tapatzen dituzte aurpegiak eta ez dute inork haiek ezagutzerik nahi. 96 urteko andre bat, gainera, ihes egiten saiatu da epaiketa hasi baino lehenago.

00:00 / 3:58

Entzuteko beste bide batzuk

Azken naziak

Ane Irazabal

2021ko urriak 13

Ia 80 urte pasa dira II. Mundu Gerra amaitu zenetik eta garai hori bizi izan zuten herritarren artean ez ia inor bizirik geratzen; ez biktimen aldean ezta kriminalen aldean ere. Leon Schwarzbaum Auschwitzetik bizirik atera zen, baina bere gurasoak eta osaba bertan akabatu zituzten. Egun, agure bat da eta bere bizitzako azken helburua bilakatu da bizirik geratzen diren azken nazien aurkako epaiketetan bere testigantza ematea, alegia, memoria bizirik mantentzea. Hala, Berlin ondoko auzitegi batean ikusi dugu Joseph S nazi ohiaren aurkako epaiketan.

Joseph S-ek 21 urte zituen Berlin ondoko Sachsenhauer kontzentrazio esparruko guardia bilakatu zenean. 1942a zen eta ordurako III. Reichak hasita zuen juduen, homosexualen, ijitoen eta oposizioko kideen aurkako genozidioa. Wannseeko Konferentzian Azken Konponbidea izenarekin batailatu zuten Europako juduak akabatzeko hitzarmena eta Joseph momentu horretan hasi zen kontzentrazio esparruan lanean. Gaztea, SSen, Alemaniako talde paramilitarrik garrantzitsuenaren, kidea zen.

Joseph S-en eginkizuna argia zen: eremuko perimetroa kontrolatzea eta bertan zeuden presoak heriotzera edo lan behartuetara bideratzea. Berak bakarrik daki sistemaren parte zen edo gehiengo isila ordezkatzen zuen. Bere defentsak argudiatu du derrigortuta joan zela eta SSetan erroldatzen ez zirenak etsaitzat jotzen zituztela.  Alemaniarentzat berdin da. 3000 hilketen erantzuletzat jotzen du justiziak.

Hamarkada luzez, Alemaniak ez zuen inolako presarik izan naziak atzemateko. Gerra Hotzean Sobiet Batasuna bilakatu zen etsaia eta gero Alemania mendebaldearen eta ekialdearen arteko batasun prozesua bihurtu zen helburu nagusia. Agian orain beranduagi da.

Saio honetako beste atal batzuk