Zaitun

Zaitun

Baikortasunetik eskizofreniara

Ane Irazabal

Modu progresiboan eta asterik aste, mundu zabaleko milioika herritar halabeharrez ikasten ari dira itxialdiaren mandamentuak. Kalera ahalik eta gutxien atera, bakarrik beharrezkoa dena erosi, soilik osasun larrialdiengatik edo lan arrazoiengatik kotxea hartu.

00:00 / 2:37

Entzuteko beste bide batzuk

Baikortasunetik eskizofreniara

Ane Irazabal

2020ko martxoak 25

Modu progresiboan eta asterik aste, mundu zabaleko milioika herritar halabeharrez ikasten ari dira itxialdiaren mandamentuak. Kalera ahalik eta gutxien atera, bakarrik beharrezkoa dena erosi, soilik osasun larrialdiengatik edo lan arrazoiengatik kotxea hartu. Baldintza horiek mantra antzeko bat bilakatu dira tokian tokiko agintarientzat. Italian bigarren astea bete dugu, eta, hau guztia amaitzen denean, psikologoen kontsultak topera egongo direlakoan nago. Izan ere, balkoietatik balkoietara, leihotik leihora bizilagunen gogo aldartea nola aldatzen ari den jabetzen ari gara.

Hasieran, abestiekin eta baikortasunez beteta jaso zuten italiarren itxialdiaren albistea. Egunero, arratsaldeko 6etan balkoetara atera eta Italiako abesti herrikoiak jartzen zituzten: Bella Ciao, L’italiano, Azzurro, Nel blu, dipinto di blu... eta osasun-langileak txalotzen zituzten. Baina errepertorioa amaitzen joan zen, baita bizilagunen umore ona ere.

Orain bigarren fasean gaude, mesfidantzaren fasean. Bizilagunek sherif-ak dirudite, eta kalera ateratzen diren herritarrei oihu egiten diete. Erromako plazak epaitegi inprobisatuak bilakatu dira, batez ere, gauean. Txakurra ateratzera joan eta zuei ere gerta dakizueke. Duela bi egun telebistarentzat zuzeneko bat egitera joan eta direnak eta bi entzun genituen.

Italiarrak haien bizilagunak salatzen hasi dira, kalean ikusten badituzte poliziari deitzen diote. Etsipena eta asperdura kudeatzeko modu bat izango da, akaso.  Baina ez da erosoa uneoro zelatatuta sentitu eta salatariez inguratuta zaudela konturatzea. Aste dezente falta zaizkigu oraindik, zer izango da hurrengoa?

Saio honetako beste atal batzuk