Zaitun

Zaitun

Etorri nirekin Erroma ezagutzera

Ane Irazabal

Erroma erdigunetik pasiatzea amesgaiztoa da egun askotan. Fontana di Trevi oraindik okerragoa. Zenbat argazki aterako ote dizkiote? Zenbat traola izango ote ditu Instagramen? Posible balitz, askok hankak iturrian sartuko lituzteke, eta Dolce Vitaren Anita Ekberren eszena famatua kopiatu.

00:00 / 2:40

Entzuteko beste bide batzuk

Etorri nirekin Erroma ezagutzera

Ane Irazabal

2020ko otsailak 12

Erroma erdigunetik pasiatzea amesgaiztoa da egun askotan. Fontana di Trevi oraindik okerragoa. Zenbat argazki aterako ote dizkiote? Zenbat traola izango ote ditu Instagramen? Posible balitz, askok hankak iturrian sartuko lituzteke, eta Dolce Vitaren Anita Ekberren eszena famatua kopiatu.

Horregatik, agian, udaltzainez josita daude iturriaren inguruak. Erroma ezagutzera etorri diren lagunekin Trevi bisitatzea tokatu zait, milioigarren aldiz. Oraingoan, ordea, turista asiarren, estatubatuarren eta latioamerikarren artean talde batek deitu du nire atentzioa. Izkina batean eserita daude eta adi-adi entzuten ari dira gazte batek esaten diena. 30 bat zenbatu ditut. Bisita hainbat hizkuntzatan egiten ari direla sumatu dut, arabiarrez, ingelesez eta frantsesez. Ez dute argazkirik ateratzen, txundituta daude iturriari begira.

Gida lanak egiten ari den gaztearen kamisetan zera irakurri dut: Baobab Experience. Haiengana hurbildu baino lehenago, interneten sartu naiz kuxkuxeatzera. Baobab, kanpaleku inprobisatuetan bizi diren migratzaileei eta asilo eskatzaileei arreta eskaintzen dien elkartea da. Zaratarik egin gabe, konpainia eta aholkularitza eskaintzen diete Erromako zonalde industrializatuetan eta abandonatuetan bizi direnei. Baina Baobab-en lana oraindik harago doa.

Erroma haiena ere badela senti dezaten, migratzaileentzako bisita gidatuak ere antolatu ohi ditu. Izan ere, askok urteak daramatzate hemen bizitzen, baina ez dute Trevi inoiz bisitatu, ezta Navona plaza, ezta Vatikanoa ere. Ez dira inoiz haien kanpalekutik atera. Pentsatzen hasi naiz zein erraza den hegaldi bat hartu eta Erromara oporretan datorren atzerritar batentzat hiria bisitatzea. Eskubide ukaezina. Eta, aldi beran, sumatu dut zein zaila den Mediterraneoaren beste aldetik txalupa batean heltzen direnenetzat hiriaz gozatzea. Eskubide hori haiena ere izango ez balitz bezala.

Bitartean, migratzaileek txundituta jarraitzen dute. Fontana di Treviren ostean Koliseoa eta Arte Modernoaren Galeria Nazionala bisitatuko dituzte. Erroman gauza asko daude ikusteko.

Saio honetako beste atal batzuk