Zaitun

Zaitun

Faxistek okupaturiko etxea

Ane Irazabal

Erromako Termini tren geltokiko inguruak negozio txinatarrez beterik daude. Supermerkatuak, produktu elektrikoak saltzen dituzten negozioak eta oihal dendak. Terminiko Esquilino auzoari Chinatown ere deitzen diote italiarrek.

00:00 / 3:20

Entzuteko beste bide batzuk

Faxistek okupaturiko etxea

Ane Irazabal

2019ko abuztuak 28

Erromako Termini tren geltokiko inguruak negozio txinatarrez beterik daude. Supermerkatuak, produktu elektrikoak saltzen dituzten negozioak eta oihal dendak. Terminiko Esquilino auzoari Chinatown ere deitzen diote italiarrek. Erromako Chinatown. Hiriburuko jatetxe txinatarrik ospetsuena ere han dago. Hang Zhou du izena eta bertako jabea, Sonia Hang, oso ezaguna da.

Esquilino, Erromako auzorik multikulturalena da. Txinatarrez gain, Bangladesheko herritarrek hainbat garbitegi dituzte, ilekordak egiteko emakume afrikarren ileapaindegi espezializatuak daude eta egiptoarrek harategi gehienak kudeatzen dituzte.

Agian ez da kasualitatea izango Casapound mugimendu faxistak ere egoitza han izatea. “Italiaren izaera garbia defendatzeko”, hori da kartelean irakur daitekeena. Casa Poundek Termini ondoko zortzi solairuko eraikina okupatu zuen 2003an. Orduz geroztik, ez du inoiz alokairua oraindu; ezta argindarra eta ura ere. 2003tik 6 alkate izan ditu Erromak, ezkerrekoak zein eskuinekoak. Inork ez du eraikina husteko agindurik eman. 

Casa Poundek alderdi iraultzailetzat jotzen du bere burua. Etxebitza duina eta justizia soziala aldarrikatzen ditu bere estatutuetan. Horregatik, dortoka da haien sinboloa. Hala, erakunde faxistaren eraikinaren barruan etxerik gabe geratu diren 20 bat familia bizi dira. Denei ostatu eman diete. Baldintza bakarra: italiarrak izatea. 

Baina hori ez da guztia. Casa Poundek jantoki sozialak ere antolatzen ditu, Espainiako Hogar Social edo Greziako Egunsenti Urrekara alderdiek egiten duten bezala. 2016an Amatriceko lurrikara gertatu zenean, Casapopundekoak izan ziren furgoneta batekin laguntza eskaintzeko prest agertu ziren lehenak. Hori guztia, egunez.

Gauez, berriz, ohikoak dira kalean lo egiten duten migratzaileen aurkako sarekadak, alegia, auzoan izua zabaldu duten operazio paramiltarrak. Casa Poundekoak beltzez jantzita agertzen dira, aurpegiak tapatuta, eta migratzaileak jipoiez josten dituzte. Izan ere, zigorgabetasun guztiarekin jokatzen dute. Virginia Raggi Erromako alkateak behin eta berriz zin egin du eraikina hustuko duela, baina albistera iragarri eta mehatxuak jasotzen ditu. Beldurtu egiten da. Momentuz, alkateak hartu duen erabaki bakarra izan da erakundearen inskripzioa eraikinetik kentzea.  

Halere, ez dezagun ahaztu. Casa Poundek botoen %0,3 besterik ez zuen eskuratu 2018ko hauteskunde orokorretan. Zergatik hainbeste botere, orduan? Faxismoa ez zen hil Benito Mussolinirekin.

Saio honetako beste atal batzuk