Zaitun

Zaitun

Genova, 20 urteren ondoren

Ane Irazabal

Azken egunetan, trauma kolektibo baten aldarrikapen antzeko bat bizitzen ari gara Italian. Lagunekin elkartu eta “zu non zeuden egun hartan?” galdetzen diote batzuek besteei. Koadrilak banatuta daude Genovara joan zirenen eta azken momentuan ez joatea erabaki zutenen artean. Askori ez zaie gaiari buruz hitz egitea gustatzen eta zauri bat berriz ere irekitzea bezalakoa dela pentsatzen dute. Baina azken egunetan kontzientzia kolektibo baten pizkundea bizitzen ari naiz, lagun guztiek zauri horretan sakontzea erabaki izan balute bezala.

00:00 / 3:35

Entzuteko beste bide batzuk

Genova, 20 urteren ondoren

Ane Irazabal

2021ko uztailak 21

Azken egunetan, trauma kolektibo baten aldarrikapen antzeko bat bizitzen ari gara Italian. Lagunekin elkartu eta “zu non zeuden egun hartan?” galdetzen diote batzuek besteei. Koadrilak banatuta daude Genovara joan zirenen eta azken momentuan ez joatea erabaki zutenen artean. Askori ez zaie gaiari buruz hitz egitea gustatzen eta zauri bat berriz ere irekitzea bezalakoa dela pentsatzen dute. Baina azken egunetan kontzientzia kolektibo baten pizkundea bizitzen ari naiz, lagun guztiek zauri horretan sakontzea erabaki izan balute bezala.

2001eko uztailean, munduko zortzi herrialderik boteretsuenak Genovan batu ziren Silvio Berlusconiren gidaritzapean. Mundu mailako milaka ekintzaile ere bertan zeuden globalizazioaren aurkako protestetan. Internazionale aldizkariko Annalisa Camilli kazetaria ere Genovaraino hurbildu zen unibertsitateko lagunekin

Camiliren iritziz, egun horietako manifestazio jendetsuak Italiako historia garaikidean izandako protestarik baketsuenak izan ziren, baina Genovako hainbat txokotan kale batailak ere piztu ziren. Eta oso gaizki amaitu ziren manifestarien eta poliziaren arteko liskarrak. Italiako segurtasun indarrek demokrazia garaikide batean inoiz ez ikusitako indarkeria erabili eta Carlo Giuliani ekintzailea tiroz hil zuten.

Hori gutxi balitz, polizia indarrez sartu zen ekintzaileek lo egiten zuten Genovako Diaz eskolara eta gazte asko Bolzaneto kuartelera eraman zituzten. Nazioarteko hedabideek Txileko Estadio Nacionalean gertatutakoarekin konparatu zuten Diaz eskolako indarkeria. Gazte asko torturatu egin zituzten.

2017an, Europako giza eskubideen auzitegiak torturengatik kondenatu zuen Italia eta Erromako justiziak 25 polizia auzipetu zituen. Baina arazoa da 2017ra arte Italiak ez zuela tortura delitua bere araudian erantsi, eta, horregatik, aurretiko delitu guztiak preskribatu egin ziren. Genovako indarkeriak inflexio puntu bat ekarri zuen protesta masiboak antolatzerako orduan eta belaunaldi oso bat zeharo hunkituta eta jota utzi zuen.

Saio honetako beste atal batzuk