Zaitun

Zaitun

Giulio Regeni eta justizia

Ane Irazabal

Erromako metroan txutxu-mutxu asko entzun ohi dira. Askotan ez diet jaramonik egiten, baina, beste batzuetan, belarria adi bideratzen du elkarrizketetara.

00:00 / 3:34

Entzuteko beste bide batzuk

Giulio Regeni eta justizia

Ane Irazabal

2019ko urriak 9

Erromako metroan txutxu-mutxu asko entzun ohi dira. Askotan ez diet jaramonik egiten, baina, beste batzuetan, belarria adi bideratzen du elkarrizketetara. Termini tren geltokitik Piazza del Popolora doan metroa hartu dut eta nire bagoian bi emakume kontu kontari ari dira. Batak dio Berlusconik 90 urte dituela, eta besteak, berriz, nagusia dela baina ez hain nagusia. Irribarrea atera zait eta beste alde batera begiratu dut.  Nire aurrean, gizon bat La Repubblica egunkaria adi-adi irakurtzen ari da. Orrialdeari buelta eman dio eta Egipto hitza identifikatu dut. “Mutil gaixoa”, esan dio ondokoak, “ez dugu egia inoiz jakingo, ez digute inoiz esango zer egin zioten”.

Giulio Regeniri buruz hitz egiten ari dira. Italiako gazte ikertzailea 2016ko urtarrilaren 25ean bahitu zuten Kairon. Tahrir enparantzako iraultzaren bosgarren urtemuga zen, eta Regeni lagun baten urtebetetze jaira zihoan. Gazte italiarrak Cambridgeko unibertsitatean ikasten zuen eta Egiptoko sindikatuen gaineko ikerketa bat egiten ari zen. Bere gorpu biluzia otsailaren 3an aurkitu zuten, Alesandriako autobidearen areka batean. Zeharo desitxuratuta zegoen, torturak jaso zituen.

Regeni hilik aurkitu zutenetik, Kairoko agintariek era guztietako hipotesiak zabaldu zituzten Egiptoko hedabideetan: Regenik gay festetan parte hartzen zuela, droga saltzailea zela, atzerriko zerbitzu sekretuentzat lan egiten zuela... arrazoi horiek haren hilketa justifikatuko balute bezala. Are gehiago, Egiptoko poliziak lau gazteri egotzi zien ardura eta tiroz hil zituen guztiak. Atzerritarren aurkako lapur banda bateko kideak zirela esan zuten orduan.

Baina Italiako ikertzaileek egindako autopsiak adierazi zuen hil baino lehenago Regeni zazpi egunez torturatu zutela. Hau da, ikertzailearen gurasoak eta lagunak bilaketa prozesuan zeudenean eta hedabideek Where Is Giulio “Non Dago Giulio” kanpaina hasi zutenean, gaztea oraindik bizirik zegoen. Egiptoko agintariek zin egin zuten ikerketari erraztasun guztiak jarriko zizkiotela, baina ez zituzten testiguen galdeketak onartu, suntsitu egin zuten desagerpenaren gauean bideokamerek grabatu zutena eta autopsia propioa egin zioten gazteari. Regeniren gurasoek ez dute inoiz Egiptoren bertsio ofiziala sinistu. Ikerketa independenteek frogatu dute zerbitzu sekretu egiptoarrek aspalditik jarraitzen zutela gaztea eta komisaldegi batean torturatu zutela.

Ikertzaile bat arriskutsua da diktadura batentzat? Regenirena kasua mediatikoa izan da, baina 2014ko estatu kolpe militarretik milaka egiptoar “desagertu” dira. Datu ofizialik ez dago, baina gobernuz kanpoko erakundeek 5000 desagerpen baino gehiago salatu dituzte azken lau urtetan. 

Saio honetako beste atal batzuk