Zaitun

Zaitun

Idania

Ane Irazabal

Houston hiri arrotza da Idaniarentzat. Autobide zabalak, ibilgailu handiak eta etxe-orratzak. Houstonen dena da handia eta dena aseptikoa. Idaniak ez zuen inoiz imajinatuko Nikaraguako Diriamba hiritik ihes egin, eta Texas estatuaren bihotzean amaituko zuela.  Are gutxiago ibilbide hori guztia oinez egitea tokatuko zitzaionik. Idania eta bere familia, duela bi urte ezagutu genituen Mexikoko Juchitan de Zaragoza hirian. Erdialdeko Amerikako hainbat txokotatik hasi zen eta Amerikako Estatu Batuetara zeharkatzea helburu zuen Migratzaileen Karabana osatzen zuten.

00:00 / 3:36

Entzuteko beste bide batzuk

Idania

Ane Irazabal

2020ko azaroak 4

Houston hiri arrotza da Idaniarentzat. Autobide zabalak, ibilgailu handiak eta etxe-orratzak. Houstonen dena da handia eta dena aseptikoa. Idaniak ez zuen inoiz imajinatuko Nikaraguako Diriamba hiritik ihes egin, eta Texas estatuaren bihotzean amaituko zuela.  Are gutxiago ibilbide hori guztia oinez egitea tokatuko zitzaionik. Idania eta bere familia, duela bi urte ezagutu genituen Mexikoko Juchitan de Zaragoza hirian. Erdialdeko Amerikako hainbat txokotatik hasi zen eta Amerikako Estatu Batuetara zeharkatzea helburu zuen Migratzaileen Karabana osatzen zuten.

Idaniak senarrarekin eta bi seme-alabekin egin zuen bidaia. Semea, Axel, gurpil-aulkian zegoen. Nikaraguako poliziarekin izandako liskarretan hanka zauritu zuen. Hasiera-hasieratik, Idaniaren familiarekin egin genuen karabanaren ibilbidea, eta segituan konturatu ginen Molinatarrek “amets amerikarrean” sinisten zutela. Ziur zeuden iparraldean bizitza berri bati ekiteko milaka aukera izango zituztela.

Bidaiaren etapa bakoitzean, Idaniak bere bizitzako pasarte berriak kontatzen zizkigun. Bere familia Daniel Ortegaren aurkakoa zen eta oposizioko hainbat mugimendutan parte hartzen zuen. Alaba nagusiena Nikaraguan utzi zuen, mojen konbentu batean gordeta. Idania arduratuta zegoen haren etorkizunaz. Nikaraguako gerra zibilari ez zion irtenbiderik ikusten eta salatzen zuen Ortegaren segurtasun indarrek errepresioa erabiltzen zutela oposizioko herritaren aurka. Bera ere indarkeria sexualaren biktima izan zela onartu zigun. Horregatik, gauez eta oinez ihes egin zuten Nikaraguatik.  

Bi urte pasa dira Molinatarrek AEBetako muga gurutzatzea lortu zuenetik, eta, orduz geroztik, egoera errotik aldatu da. Idaniaren senarrak alde egin du eta familia bakarrik dago. Hala, Idania ahal duen bezala moldatzen da seme-alabek aterpe seguru bat izan dezaten. Goizetan eraikuntzan lan egiten du, arratsaldean kafetegi bateko platerrak garbitzen ditu eta gauetan pertsona nagusiak zaintzeari ekin dio. Houstoneko aldirietan bizi dira eta ez dituzte bizilagunak ezagutzen. Amets amerikarra aldapan gora egiten ari zaie.

Saio honetako beste atal batzuk