Entzuteko beste bide batzuk
Iritsi berria
Ane Irazabal
2021ko irailak 1
Protesta jendetsuak dira, baina ez dute oihartzunik Alemaniako politikan. Duela hainbat astetatik errefuxiatu afganiarrek manifestazioak antolatu dituzte gobernu federalaren aurrean. Ez dakit hori ohikoa den ala ez. Iritsi berria naiz Berlinera, duela bi hilabete eskas utzi nuen Erromako apartamentua Alemaniara bizitzera etortzeko, eta niretzat dena da berria. Nire auzoko supermerkatura, liburutegira edo erroldatzea egiteko bulegora hurbiltzen naizen bakoitzean, Siriako eta Afganistango errefuxiatu asko ikusten ditut. Denek alemanieraz fin hitz egiten dute eta inpresio handia ematen dit ohartzeak gehienak duela sei urte iritsi zirela Egeo itsasoa gurutzatu eta Balkanak oinez zeharkatu ostean. Haietako batzuk orduan aurkitu nituen, Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugan, Hungarian edo agian Austrian.
Alemanian, Europako Batasuneko errefuxiatu afganiarren komunitaterik handiena dago. Batzuk 1970eko hamarkadan heldu ziren eta beste hainbeste iritsi berriak dira. Protestetan parte hartzen duten Afganistango herritarren artean emakume pila bat daude eta oso deigarria da manifestazioetara haien alabekin hurbiltzen direlako. Badakite Afganistanen geratu diren emakumeak bizirik kondenatu dituztela eta haiek kanpotik presioa egiteko gaitasuna dutela. Guztiek eskatzen dute talibanez ez fidatzeko eta emirerri berriarekin harreman politikoak ez normalizatzeko. Baina badakite Alemania hauteskunde kanpainan dagoela eta inork ez diela ezer segurtatuko. Hautagai politiko guztiek behin eta berriz errepikatzen dute 2015eko ate irekien politika ez dela errepikatuko eta Alemaniak bere mugak itxita mantenduko dituela. 2015ean Angela Merkelek milioi bat asilo eskatzaile baino gehiago jaso zituen, baina, irailaren 26ko bozetara begira, hautagai gehienek AfD alderdi xenofoboaren politikekin mimetizatu dira. Baina ez dakit hori ohikoa den ala ez, iritsi berria naiz Berlinera.
Saio honetako beste atal batzuk
-
Berdeak eta haien printzipioak
2022ko ekainak 29
-
Faxismoaren aldarrikapena
2022ko ekainak 15
-
Ordain historikoa
2022ko ekainak 1
-
Ukrainara itzultzea
2022ko maiatzak 11
-
Mediterraneoa
2022ko apirilak 27
-
Ostpolitik
2022ko apirilak 13
-
Errefuxiatuak eta errefuxiatuak
2022ko martxoak 30
-
Ala eta homosexualitatea
2022ko otsailak 16
-
Kieveko normaltasuna
2022ko otsailak 2
-
4-4
2022ko urtarrilak 19
-
Arkitektura eta memoria historikoa
2022ko urtarrilak 5
-
Day X
2021ko abenduak 15
-
Genozidioa
2021ko abenduak 1
-
Berlingo vietnamdarrak
2021ko azaroak 10
-
Patruila neonaziak
2021ko urriak 27