Zaitun

Zaitun

Lesboseko begiak

Ane Irazabal

Oraindik erretzen ari diren kanpadenden hotsa da. Bi aste pasa dira Moria goitik behera erre zenetik. Azken bost urtetan, hamaika aldiz bisitatu dugu kanpalekua eta beste hamaika aldiz entzun izan dugu eremuak lehenago edo beranduago su hartuko zuela. Baina ez genuen inoiz imajinatuko sutea hain basatia izango zenik.

00:00 / 3:17

Entzuteko beste bide batzuk

Lesboseko begiak

Ane Irazabal

2020ko irailak 23

Oraindik erretzen ari diren kanpadenden hotsa da. Bi aste pasa dira Moria goitik behera erre zenetik. Azken bost urtetan, hamaika aldiz bisitatu dugu kanpalekua eta beste hamaika aldiz entzun izan dugu eremuak lehenago edo beranduago su hartuko zuela. Baina ez genuen inoiz imajinatuko sutea hain basatia izango zenik. Uda amaierako gau bero eta haizetsu batean, une batetik bestera, garrek dena suntsitu zuten. Kanpadendetatik hasi eta olibondo guztiak kiskaldu arte, Moriak errautsez beteriko gerra eremu bat dirudi. Errefuxiatuek ahal zuten bezala ihes egin dute, eta gose dira.

Ezbeharra gertatu zenetik, kazetarion ahotan galdera bera bueltaka dabil behin eta berriz. Nork piztu zituen suak? Errudun azkar bat aurkitzeko beharrak mugitzen gaitu. Zeintzuk izan ziren: errefuxiatuak, Lesboseko herritarrak edo eskuin muturreko taldeak? Halere, ez diogu gure buruari galdetzen halako hondamendi bat gertatzeko haziak nork erein zituen.

Lesbosen hilabeteak eta urteak itxaroten daramatzaten asilo eskatzaileak, ordea, ziur daude utzikeriak suntsitu duela Moria. Eta kanpaleku berriak ere eztanda egingo duen beldur dira.  Astebetez errepidearen erdian lo egin ondoren, errefuxiatu guztiak zentro itxira eraman dituzte. Barrura sartzea posible da, baina ez kanpora ateratzea. Amak beldur dira haien seme-alabek eskolara joateko aukerarik ez dutelako.

Bata bestearen ondoan jarritako kanpadenda zurien artean biziko dira aurrerantzean Lesboseko errefuxiatuak. Itsasoaren aurrean, badia ireki batean. Greziako gobernuak zigortu egin ditu eta hasierako momentutik argi utzi du ez dituela kontinentera lekualdatuko. Espetxe bikoitzean bizitzera kondenatuak daude, kanpaleku itxi bat uharte batean erdian.  Orain arte bezala. Ez dugu ezer ikasi.

Saio honetako beste atal batzuk