Zaitun

Zaitun

Merkel eta feminismoa

Ane Irazabal

Europako gobernubururik boteretsuena da eta munduko laugarren ekonomia gidatzen du. Hamasei urte igaro dira hauteskundeak lehen aldiz irabazi zituenetik, eta, orduz geroztik, garaile atera da boza guztietan. Baina Angela Merkel badoa. Alemaniako kantzilerrak politika utziko du inoizko onarpen-mailarik handienarekin.

00:00 / 3:38

Entzuteko beste bide batzuk

Merkel eta feminismoa

Ane Irazabal

2021ko irailak 15

Europako gobernubururik boteretsuena da eta munduko laugarren ekonomia gidatzen du. Hamasei urte igaro dira hauteskundeak lehen aldiz irabazi zituenetik, eta, orduz geroztik, garaile atera da boza guztietan. Baina Angela Merkel badoa. Alemaniako kantzilerrak politika utziko du inoizko onarpen-mailarik handienarekin.

Berlinera iritsi nintzenetik, niretzat obsesio antzeko bat izan da jendeari Merkeli buruz zer pentsatzen duen galdetzea. Kanpoan errespetua transmititzeak badu meritua, baina batzuetan irudi distortsionatua iristen da urrutira. Etxe barruan, ordea, perspektiba zeharo aldatzen da. Baina ez zait hori gertatu Merkelekin. Ezkerreko ekintzaileek esaten didate ez dutela inoiz bozkatu, baina kontsekuentea izan dela eta errespetatu egiten dutela. Beste hainbat hauteslek, berriz, harengatik bozkatu dute lehen aldiz eskuinaren alde. Merkelek ez du banaketa transmititzen, batasuna baizik.

Halere, hamasei urte hauetan, direnak eta bi pasa ditu errespetatua izateko. Batez ere, hasieran. Haren alderdikide gizonek ‘Mutti’ edo ama ezizena jarri zioten politikarako balio ez zuela nabarmentzeko. Antza, agresibitatea eta testosterona falta zitzaizkion. Merkel Alemania ekialdean hazi zen, fisikaria da, bi aldiz ezkondu da eta ez du seme-alabarik. Askok diote hasieran beste planeta batetik etorritako estralutar antzeko bat zela mendebaldeko politikarientzat. Ekialdeko Alemanian abortua, dibortzioa eta paritatea eztabaidatu ezineko eskubideak ziren, beraz, mendebaldeak ekialdea irentsi zuenean, Merkel kuoten aurka agertu zen urte luzez. Ez zitzaizkion beharrezkoak iruditzen, ez zuen uste Mendebaldeko Alemania hain kontserbadorea zenik.

Azken hamarkadetan dezente hitz egin da Merkelen “feminismoari” buruz. Feminista al da?, galdetzen diete kazetariek elkarri. Hark, demokristau guztiek bezala, ihes egin du etiketa guztietatik eta ez du inoiz bere burua feministatzat jo. Orain arte
“Bai, feminista naiz. Denak izan beharko ginateke feministak”, esan du Merkelek ekitaldi batean.

Bere adierazpenek askotariko erreakzioak eragin dituzte. ”Politika uzten duenez edozer gauza esateko aske sentitzen da”, diote batzuek. “Merkel beti izan da feminista, benetan feminista zela jakin gabe” uste dute besteek. “Kantzilerrak ez daki zer den feminismoa” eransten dute azkenek. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.  

Saio honetako beste atal batzuk