Zaitun

Zaitun

Napoliko belaontziak

Ane Irazabal

Hondeatzaileak dira Napoliko Scampia auzoan. Agintariek bertako eraikin sinbolikoenak botatzeko agindua eman dute. Belaontzi izena duten etxe erraldoiak. Irudi horiekin albistegiak ireki dituzte aste honetan Italian.

00:00 / 2:59

Entzuteko beste bide batzuk

Napoliko belaontziak

Ane Irazabal

2020ko otsailak 26

Hondeatzaileak dira Napoliko Scampia auzoan. Agintariek bertako eraikin sinbolikoenak botatzeko agindua eman dute. Belaontzi izena duten etxe erraldoiak. Irudi horiekin albistegiak ireki dituzte aste honetan Italian. Belaontziak Napoliko malavitta edo mafiaren erreinua izan dira hamarkada luzez, baina nazioartean ez ziren ezagun egin Matteo Garroneren Gomorra filmean agertu ziren arte

1970eko hamarkadan, zazpi eraikin handi eraikitzeko agindua eman zuen Napoliko udaletxeak. Diseinu modernoa izan behar zuen, belaontzi formakoa. Eraikin bakoitzari kolore baten izena jarri zioten eta Napoliko arkitektuta berriaren sinbolotzat jo ziren. Helburua zen hiriko eremu askotan zegoen gainpopulazioa arintzea eta herritarrak bertara eramatea. Baina 1980ko hamarkadako lurrikararen ostean, etxe asko okupatuak izan ziren eta Napoliko klan mafiosoek kaos hori erabili zuten auzoan muturra sartzeko.

Mafia taldeek bizilagun asko haien etxeetatik bota zituzten eta droga saltzen hasi ziren. Poliziaren sarekadak ekiditeko, igogailuak apurtu eta metalezko ateak ezarri zituzten korridoreetan. Belaontziak zaborrez eta xiringez beteriko eraikin zaharrak bihurtu ziren. Goiko pisuetan bizi ziren bizilagunek haien etxeak utzi behar izan zituzten eta auzoa iluntasunean erori zen. Gero klanen arteko gerrek, faida delakoek, eztanda egin zuten eta Scampia geto bat bihurtu zen. Inork bisitatu eta ikusi nahi ez zuen getoa. 

Halere, 1990eko hamarkadan zazpi eraikin horietatik hiru bota zituzten eta nazkatuta zeuden bizilagunen erresistentzia mugimenduak hezurmamitu ziren. Egun hauetan haien aldarrikapenik handiena bete da, alegia, zutik geratzen diren hiru eraikinak banan bana botatzea. Scampiak itxura aldatuko du, bizilagunak lekualdatu egingo dituzte eta Napoliko udalak esan du egindako akatsengandik ikasi duela. Hala bedi.

Saio honetako beste atal batzuk