Zaitun

Zaitun

Ordain historikoa

Ane Irazabal

Alemaniak ehun urte behar izan ditu Namibian genozidio bat burutu zuela aitortzeko eta barkamenak eskatzeko. Ehun urte, belaunaldi gehiegi. Halere, beste batzuek ez bezala, bere basakeriak onartu ditu eta iraganeko lotsak bistaratu. Namibiarren borroka beharrezkoa izan da aitortza horretara iristeko, izan ere, herrialdea osatzen duten herriek bizirik mantendu dute memoria.

00:00 / 3:38

Entzuteko beste bide batzuk

Ordain historikoa

Ane Irazabal

2022ko ekainak 1

Alemaniak ehun urte behar izan ditu Namibian genozidio bat burutu zuela aitortzeko eta barkamenak eskatzeko. Ehun urte, belaunaldi gehiegi. Halere, beste batzuek ez bezala, bere basakeriak onartu ditu eta iraganeko lotsak bistaratu. Namibiarren borroka beharrezkoa izan da aitortza horretara iristeko, izan ere, herrialdea osatzen duten herriek bizirik mantendu dute memoria.

XIX. mende amaiera eta XX. mende hasieran, Alemaniako inperioak sarraski itzela burutu zuen bere kontrolpean zegoen Namibian. Historia ez da Afrikako beste hainbat txokok sufritu zutenaren oso bestelakoa. Milaka pertsona hil zituzten. Namibiaren kasuan, 80.000 eta 100.000 artean. Espantsionismoaren garaiak ziren eta Berlinen elkartu ziren potentzia kolonialek Afrika nola banatu erabaki zuten, noski, hango geografia eta demografia kontuan izan gabe. Kontinenteko mugak ikustea besterik ez dago erregela bidezko fikziozko lerroek osatzen dutela ohartzeko.

Namibian, ordea, bi herri, herero eta namak, inperio kolonialaren aurka altxatu ziren. Ordezkari gutxik biziraun zuten. Alemaniako soldaduek zapaldu egin zituzten, gehienak akabatu eta beste asko Omaheke desertuan egarriz hiltzera bidali. Eta indarkerien artean isilduena, emakumeena. Herero eta nama nesken aurkako sexu abusuak sistematikoak izan ziren.

Memory Biwa arkeologoa da eta urteak daramatza Europako museoak deskolonizatzeko ahaleginetan. Haren ustez, ordain historikoaren zati bat inperialismoaren garaian ostu zituzten objektuak jatorriko herrira itzultzea da. Baina ez hori bakarrik; baita ustezko zurien nagusitasuna frogatzeko Europara ekarri zituzten genozidioaren biktimen garezurrak ere. Biwa, Berlinera etorri da Alemaniak Namibiari bueltatuko dizkion 23 objekturen itzulerako bidaia kontrolatzera eta uste du garrantzitsua dela Alemaniak genozidioa burutu zuela aitortzea eta barkamenak eskatzea. Baina nola ordaindu daiteke egindako kalte guztiarengatik? Nola konpentsa daiteke gizarte oso baten suntsiketa? Nola da posible ondoko beste hainbat herrialdek haien genozidioak onartu ez izana?


Saio honetako beste atal batzuk