Zaitun

Zaitun

Sardina bat, bi sardina

Ane Irazabal

Sardina bat, bi sardina, elkartu ziren, Italiako plaza batean. Matia Santori eta bere lagunek ez zuten inoiz imajinatuko duela bi aste okurritu zitzaien xelebrekeria mugimendu politiko bat bilakatuko zenik.

00:00 / 3:04

Entzuteko beste bide batzuk

Sardina bat, bi sardina

Ane Irazabal

2019ko azaroak 27

Sardina bat, bi sardina, elkartu ziren, Italiako plaza batean. Matia Santori eta bere lagunek ez zuten inoiz imajinatuko duela bi aste okurritu zitzaien xelebrekeria mugimendu politiko bat bilakatuko zenik. Boloniako lau gazteak pisukide ohiak dira eta astean behin bat egiten dute haien nondik-norakoen berri izateko. Duela bi aste, zera okurritu zitzaien: Matteo Salvini barne ministro ohiaren aurkako mugimendu transbertsala sortu behar zela Italian. Esan eta egin. Hainbat zerbeza hartu eta lotsa galdu ostean, Facebooken ekitaldi bat sortu zuten, alegia “Boloniako Sardinak”. Sare Sozialetan zabaldu zuten gertaera eta inoiz ez ikusitako arrakasta izan zuen. Bolonian 12.000 pertsona batu ziren Matteo Salviniren aurka.

Plazan ez zegoen alderdi politikoen banderarik. Adin guztietako herritarrak sardinen irudiekin agertu ziren eta lider ultraeskuindarrari argi utzi zioten Italiar askok ez dutela haren politika xenofoboa babesten. Sardinen mugimenduak sekulako arrakasta izan du eta azkar zabaldu da beste hiri batzuetara. Azken egunetan elkarretaratzeak izan dira Modenan, Sorrenton... eta plaza denetan Bella Ciao abesti antifaxista izan da soinu banda.

Eta zergatik sardinak? Ba Matia Santori eta bere lagunek islatu nahi dute asko direla eta sardinak bezala, bata bestearen ondoan itsatsita egoteko gai direla. Sardinen mugimenduak ez du parekorik Italiako azken hamarkadetako historian eta haren garapenak beldurrari erantzuten dio. Izan ere, datorren urtarrilean, hauteskundeak egingo dituzte Emilia Romagna eta Calabria eskualdetan. Bietan ezkerrak gobernatu du orain arte, eskualde gorriak izan dira Italian, baina inkestek iragarri dute Matteo Salviniren Liga ultraeskuindarra garaile aterako dela boza berrietan. Beldurrak sormena bultzatu du. Sardinak asko dira.

Saio honetako beste atal batzuk