Zaitun

Zaitun

Txikiak handia jan du

Ane Irazabal

Casale Monferrato Italiako udalerri aberatsa izan zen urte luzez. Herrialdearen industria oparoa islatzen zuen, Italia modernoa.

00:00 / 3:16

Entzuteko beste bide batzuk

Txikiak handia jan du

Ane Irazabal

2019ko irailak 25

Casale Monferrato Italiako udalerri aberatsa izan zen urte luzez. Herrialdearen industria oparoa islatzen zuen, Italia modernoa. Piemonteren bihotzean kokatzen den udalerriko 34.000 biztanleek harrotasuna sentitzen zuten Eternit enpresak bertan fabrika bat ireki zuelako. 

Fibrozementuzko plantak 2.000 lanpostu sortu zituen eta soldata altuak eskaini zizkien langileei. 1970eko hamarkadan inork gutxik ezagutzen zituen amiantoaren ondorioak. Langileen osasuna? Ez zen eztabaidagaia Casale Monferraton. Dena industriaren izenean, dena modernitateak justifikatuta.

Baina poliki-poliki, minbizia kasuak zabaltzen hasi ziren epidemia bat balira bezala. Biztanle gehienek ezagutzen zuten senitartekoren bat edo lagunen bat mesoteliomaz edo asbestosia birikietako gaixotasunaz kutsatuta. Hasieran, casaletarrek ez zituzten hildakoak amiantoari lotu. Biktima gehienak ez ziren Eterniten lan egiten zuten herritarrak, haien senar-emazteak eta seme-alabak baizik. Halere, mineral kantzerigenoaren gaineko alarmak mundu guztian zabaldu ziren eta casaletarren artean ere argi gorria piztu zen.

Zer ari da gertatzen? Galdetu zioten elkarri. Ingurune guztia kutsatuta zegoen. Amiantoaren munstroak ez zuen ez klase sozialez, ezta bestelako pribilejioez ulertzen. Adin eta maila guztietako herritarrak erori ziren haren hatzaparretan. Asbestoa apurtzen denean sortzen diren partikulak arnastuz gero, akabo. Erlojuak kontrako norabideari ekiten dio. Orduan konturatu ziren herritarrak soldata duinen eta modernitartearen izenean, Eterniteko arduradunek heriotza ekarri zutela herrira. Astero minbizia kasu berriak ezagutzen ziren eta familia askok alde egin zuten.

Hori hala, Casaletarrak batu egin ziren eta enpresa erraldoiaren aurkako kanpaina hasi zuten. Elkartasuna zabaldu zen. Herritarrek salaketa jarri zieten Eterniteko arduradunei, alegia, Stephan Schmidheiny suitzarrari eta Jean-Louis Marie Ghislain de Cartier belgikarrari. Enpresak bazekien amiantoaren hautsa arnastea kaltegarria zela eta osasun hondamendia kontzienteki eragitea egotzi zieten. Orain, urte askotako borrokaren ondorioz, erabaki garrantzitsua iritsi da. Turingo Auzitegiak 16 urteko zigorra ezarri die Schmidheinyri eta Ghislain de Cartierri. Casale Monferraton 2.191 lagun hil ziren, enpresak kontratatu zituen langileen zenbaki bera.


Saio honetako beste atal batzuk