Zaitun

Zaitun

Udazkena Bosnian

Ane Irazabal

Negua gogorra eta luzea izan ohi da Bosnia-Herzegovinan. Sarajevoko setioa bizi izan zuten herritarrek gogoan dute batzuetan tenperaturak hamabost gradura zero azpitik jaisten zirela.

00:00 / 03:48

Entzuteko beste bide batzuk

Udazkena Bosnian

Ane Irazabal

2019ko azaroak 6

Negua gogorra eta luzea izan ohi da Bosnia-Herzegovinan. Sarajevoko setioa bizi izan zuten herritarrek gogoan dute batzuetan tenperaturak hamabost gradura zero azpitik jeisten zirela. 1993ko negua gogorrena izan zen haientzat. Argindarrik gabe, sua zen berotzeko modu bakarra. Baina aurtengo udazkena beroa izaten ari da, eta bosniarrak oso harrituta daude. “Larrialdi klimatikoaren ondorioak”, diote askok. “Garai honetan mendi tontorrak elurtuta egon ohi dira”, aipatzen dute gazte batzuek, “eguraldi hau ez da ohikoa, azaroan hotza egin beharko luke”.

Baina Bosniaren eta Kroaziaren arteko mugan harrapatuta dauden migratzaileentzat albiste ona da berotze globala. Bihać hirian dauden milaka gazte iheslarik bigarren negua pasako dute eraikin abandonatuetan lo egiten. Hungariak Serbiarekiko muga itxi zuenetik, Balkanetako ibilbide tradizionala eten egin da asilo eskatzaileentzat. Askok Bosniara gurutzatu dute, handik Kroaziara eta gero Eslobeniara zeharkatzeko. Europako Batasunera sartzea da denen helburua.

Halere, mugaldea udaberrian edo udan zeharkatzea da errazena. Neguan hotz handia egiten du, mugaldea elurtuta dago, eta, pinuez beteriko basoetan, gerra garaiko pertsonen aurkako minak daude. Iheslariek ez dute oinetako egokirik. Badakite negua Bihaćen pasa beharko dutela. Baina alkateak ez du iheslariak herriko parkeetan kanpatzerik nahi eta eraikin abandonatu batean pilatu ditu. Agintariek teilatua konpondu dute eta leiho berriak jarri dituzte. Balkanetako gerren aurretik ikasle egoitza izan zen etxe handia, eta bost solairu ditu. Familia gehienak beste eraikin batzuetara lekualdatu dituzte, eta, etxe abandonatuan azkenaren azkenak geratu dira, alegia, bakarrik bidaiatzen duten gazteak.

Eta iheslari horiek dira, hain zuzen, Kroaziara behin eta berriz gurutzatzen saiatzen direnak. Udazkena inoiz baino beroagoa izaten ari dela badakite eta saiakerak hazi egin dira. Baina Kroaziako poliziak argi utzi die ez dutela migratzaile musulmanik nahi. Polizia kroaziarraren bortizkeria ezaguna da gazteen artean. Askotan jipoitu egiten dituzte eta sakelakoak lapurtzen dizkiete. Baina asilo eskatzaileek ez dute amorerik ematen. Lehen elurtea iritsi arte, behin eta berriz saiatuko dira. 


Saio honetako beste atal batzuk