Zaitun

Zaitun

Zazpigarren Ramadana

Ane Irazabal

Ramadana amaitu da, hasi da jaia! Hilabete oso bateko barauaren ostean, mundu mailako musulmanek Eid Al-Fitr festari ekiten diote. Eta Zaatariko kanpalekuan bizi diren Siriako errefuxiatuak ez dira besteak baino gutxiago.

00:00 / 3:52

Entzuteko beste bide batzuk

Zazpigarren Ramadana

Ane Irazabal

2019ko ekainak 19

Ramadana amaitu da, hasi da jaia! Hilabete oso bateko barauaren ostean, mundu mailako musulmanek Eid Al-Fitr festari ekiten diote. Eta Zaatariko kanpalekuan bizi diren Siriako errefuxiatuak ez dira besteak baino gutxiago. 2019an krudela izan da Ramadana. Barau hilabetearen hasiera 10 egun aurreratzen da urtero, eta aurtengoan maiatzetik ekaineko epea bete du. Jordaniaren eta Siriaren artean dagoen desertu puskan, alegia, Zaatariko kanpalekuan, termometroak ez dira 40 gradutik jeitsi.

Ramadanak iraun bitartean, Zaatarik kanpaleku abandonatua zirudien. Iheslari gehienak haien karabana zurietan sartuta pasa dituzte barau egunak. Jordaniako agintariek soilik egunero 14 orduz pizten zuten argindarra, eta, orduan, hazigailuen ahotsa edonon entzuten zen. Gaua iristen zenean, berriz, jendez betetzen ziren kale hareatsuak.

Baina Ramadana amaitzean, eguneroko bizitza itzuli da kanpalekura. Astoen arrantzak iratzargailua dirudi. Iheslariek bizikletaz mugitzen dira alde batetik bestera. Eid Al-Fitr jaian ohikoa da neska-mutikoak mozorrotzea. Neskatoek printzesak dirudite, brillantinaz beteriko soinekoekin eta orrazkera dotoreekin. Mutikoak, berriz, ezkontza batera joango balira bezala janzten dituzte.

Festa egunetan dena dago onartuta. Nagusiek umeei dirua ematen diete, eta haurrek goxoki denda guztiak betetzen dituzte litxarkeriak eta jostailuak erosteko. Baina jostagarri denak Txinatik ekarritako plastikozko tramankulu inpertsonalak dira. Atentzioa ematen dit mutiko gehienek pistolak erosi nahi dituztela. Siriatik, gerratik, ihes egindako adin txikikoak dira gehienak. Gerraren orbanak aski sumatzen zaizkie, eta, halere, elkarri tiro egitea gustatzen zaie. Baina badira jostailu praktikoagoak bilatzen dituztenak ere. Aurtengo tramankulurik erosienak, adibidez, eguzkitako betaurrekoak izan dira. Eguzkiak ez du gupidarik Zaatarin.

Umeak hain pozik ikustean, erraza da nun gauden ahaztea. Erraza da desertuaren erdian, 80.000 pertsonez beteriko kanpaleku ahaztuan bizi direla jabetzea. Zaatari 2012ko abuztuan ireki zen Siriako Daraa eskualdetik Jordaniara iritsi ziren asilo eskatzaileei behin-behineko harrera eskaintzeko. Hasieran telazko kanpadendak eskaini zizkieten, baina gerra uste baino gehiago luzatu zen eta kanpadendak karaba zuriez ordezkatu zituzten. Urteak pasa dira eta iheslariek mugaren ondoan itxaroten jarraitzen dute gerra noiz amaituko den zain. Dagoeneko 7. Ramadana egin dute Zaatarin.

Saio honetako beste atal batzuk