<![CDATA[Juanma Gallego | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 23 Oct 2017 08:15:34 +0200 hourly 1 <![CDATA[Juanma Gallego | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Zomorroen gainbehera, agerian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1979/020/001/2017-10-22/zomorroen_gainbehera_agerian.htm Sun, 22 Oct 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/1979/020/001/2017-10-22/zomorroen_gainbehera_agerian.htm
«Australian borroka horretan ari dira oraindik», azaldu du Aranzadi elkarteko entomologo Alberto Castrok. «Finean, kakalardo horiek dira gorotzen deskonposizioa azkartzen dutenak. Soilik horrela bueltatzen dira nutrienteak zorura, landareak elikatzeko eta nutrienteen zikloa jarraitzeko». Intsektuek naturan betetzen duten rolaren adibide bat besterik ez da. Baina beste asko dira. «Intsekturik gabe, adibidez, akabo polinizazioa. Izan ere, loreak dituzten landareen %90ek intsektuak behar dituzte polinizatuak izan ahal izateko».

Askotan ohartu gabe igarotzen dira, baina jaun eta jabe dira. Ezagutzen diren bizidunen artean, talderik aniztunena da. «Ezagutzen diren espezieetatik, erdiak baino gehiago intsektuak dira. Eta espezie animalien %70 baino gehiago». Biomasari dagokionez ere, lurreko ekosistemetan ere garaile ateratzen dira zomorrotxoak: biomasarik handiena osatzen dute.

Biomasa hori guztia, ordea, kinka larrian dago. Adituek urteak daramatzate horren berri ematen, eta aste honetan PLOS ONE aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ideia hori berretsi du. Azken 27 urteetan Alemaniako intsektuen biomasa %75 baino gehiago gutxitu dela ohartarazi du Radboudeko Unibertsitateko (Herbehereak) Caspar Hallmaninek zuzendutako ikerketa talde batek.

Alemaniako 63 babesgunetan egin dute azterketa hori, mende laurden batean baino gehiagoan. Egileek diote emaitzak bat datozela aurretik beste ikertzaileek intsektu mota desberdinak aztertzeko egindako ikerketekin; hala nola tximeletak, basa erleak eta sitsak. Prentsa ohar batean eman dute abisua: «Emaitzek iradokitzen dute azken urteetan intsektu hegalarien komunitate osoan triskantza izan dela». Agiri horretan azpimarratu dute aspaldiko susmoa zela beherakada zegoela, baino uste zutena baino handiagoa dela. Zioak aztertzeari ekin diotenean, ordea, ikusi dute beherakadak ez duela zerikusirik habitat motarekin, eguraldian izandako aldaketekin edota lurraren erabilerarekin. Horregatik, iradoki dute eskala handiagoko beste faktore batzuk daudela tartean. Klima eta nekazaritza aztertu behar direla diote.

«Babes eremuetan dokumentatu dugun galera honek dimentsio berria dakar. Izan ere, maila trofikoetan ur-jauzi efektuak izan ditzake, eta beste hainbat eragin ere bai ekosistemetan», adierazi dute ikerketan. Horregatik, gainbehera horren arrazoiak aurkitzeko beharra dagoela esan dute. Ez da, ordea, alarma pizteko moduko ikerketa bakarra. Iaz, Europako Batasunaren eta UICN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren babespean 145 zientzialarik baino gehiagok egindako ikerketa sistematiko baten arabera, matxinsaltoak eta kilkerrak biltzen dituen orthoptera ordenaren %28 galtzeko arriskuan daude.

Autoak arakatzea aski

Ikerketa sakonak egin behar izan gabe, azken urteotan modan jarri da fenomenoaz ohartarazteko beste adibide bat. Arazoa begi bistan omen dagoelako, bederen 30 edo 40 baino gehiago dituztenentzat. Auto batean bidaiatzea eta arreta pixka bat ipintzea baino ez da beharrezkoa: autoko haizetakoaren fenomenoa deitu diote. Duela hainbat hamarkada, bidaia baten ostean, haizetakoak hildako intsektuz beteta zegoen, baina gaur egun ez da hala izaten, edo, behintzat, ez dago lehen gertatzen zenarekin alderatzerik.

Bartzelonako Biologia Ebolutiboko Institutuko (CSIC-UPF) ikertzaile Xavier Belles Ros-en arabera, PLOS ONE aldizkarian argitaratutako lanak berme osoa dauka. «Duela hilabete batzuk ikerketa horren inguruko albistea irakurri nuen, eta ez nion sinesgarritasun askorik eman, datuak eskasak zirelako. Baina orain, artikulu berri hau irakurrita, ikusten da oso modu sistematikoan egin dutela». Laginak neurtzeko estazioei dagokionez, ikerketa ez dela guztiz homogeneoa esan du Belles Rosek, baina hori zuzentzeko estatistika erabili dutela. «Intsektuak harrapatzeko sistema oso neutroa da. Ez dago, adibidez, intsektuak erakartzeko likido berezirik edo alborapenak sor zitzakeen beste elementurik. Intsektuen kopurua kalkulatzeko sistema, berez, zuzena da».

Gainbehera horren atzean dauden arrazoiei dagokionez, Belles Rosek iraungitze lokala izan dela azaldu du: eremu horietan intsektuak desagertu dira. «Portzentaje txiki batek ere agian iparraldera jo du, klima aldaketaren eraginez». Desplazamendu horiek ugariagoak izango direla argitu du adituak. Habitataren galera jo du aukeran dagoen arrazoi bezala. «Intsektizidek sortutako kutsadura eta nekazaritzak habitatean sortutako aldaketak ere tartean egon daitezke».

Alberto Castro ere iritzi berekoa da. «Ikerketa horretan aldagaiak aztertu dituzte, baina ez dute loturatik aurkitu klimaren edota habitataren eta landarediaren aldaketarekin». Baloratzeke beste hipotesi gehiago daudela uste du Castrok. «Adibidez, pestizidak edo inguruan dauden ekosistemetan nekazaritzak eragindako aldaketa». Halere, patroia oso argia dela ohartarazi du. «Oso nabaria eta kezkagarria den biomasa gainbehera dago. Gainera, neurketa egin duten espazio gehienak Natura 2000 sarean daude, hau da, gune babestuak dira. Bioaniztasuna babesteko gune horietan izan da gainbehera, hain zuzen». Bestalde, Castrok esan du espezie kopurua ez dutela neurtu, eta hori bioaniztasunaren egoeraz jabetzeko beharrezkoa dela. «Hori egiteko denbora asko behar da, banan-banan identifikatu behar direlako intsektu guztiak. Tranpa horiek milaka eta milaka intsektu harrapatzen dituzte», azaldu du. «Habitata birrindu, aldatu edo kutsatu egiten da. Hori da zio nagusia. Bestalde, espezie inbaditzaileak eta klima aldaketa daude tartean. Horrek ez du esan nahi ez daudela garaile atzeratzen diren espezieak. Hiri inguruetakoak, adibidez, garaile ateratzen dira. Labezomorroak eta halakoak», argitu du.

Ohi bezala, ikerketa honek oihartzuna izan du hedabideetan; albiste gehienetan pestizidak jo dira gainbehera horren errudun nagusitzat. Bai ikerketa egin duten zientzialariek bai BERRIAk kontsultatu dituen bi entomologoek ere, pestiziden aukera planteatu dute, baina ez da izan, inolaz ere, lehen aukera. Jatorrizko ikerketara jotzea besterik ez dago: 7.841 hitz dituen artikuluan behin baino ez da aipatu pesticide hitza, aztertu beharreko aldagai gisa. Hala ere, hitz horren arabera eratu dira diskurtso gehienak.]]>
<![CDATA[Astrofisikan aro berria ireki du neutroi izarren arteko talka batek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2412/010/001/2017-10-17/astrofisikan_aro_berria_ireki_du_neutroi_izarren_arteko_talka_batek.htm Tue, 17 Oct 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/2412/010/001/2017-10-17/astrofisikan_aro_berria_ireki_du_neutroi_izarren_arteko_talka_batek.htm NGC 4993 izeneko galaxian bi neutroi izarren arteko talka atzeman dute. Hala ezagutarazi zuten atzo. Mundu zabaleko ikertzaileek elkarlanean egindako aurkikuntza da. Talkari buruzko informazioa erradiazio elektromagnetikoaren zein grabitazio uhinen bitartez jaso dute. Lehen aldia da grabitazio uhinen bidez atzemandako gertaera bat teleskopio bidez berresten dutena. Adituek diote astrofisikaren aro berri bat zabaldu dela. Besteak beste, aurkikuntzak bidea ireki du gamma izpien jatorria zein den eta elementu kimiko asko nola sortzen diren jakiteko.

Abuztuaren 17an atzeman zuten talka hori Ameriketako Estatu Batuetako LIGO eta Italiako Virgo behatokietan; GW170817 izena jarri diote horregatik. Abuztu hasieran lanean hasi sen Virgo detektagailuari esker (Pisa, Italia) izan dira astrofisikariak gai uhin horien jatorria zehazteko. Lurrean distantzia handira dauden behatokiak izanda, triangulazio izeneko teknika erabili ahal izan dute. Behin seinalearen jatorria zehaztuta, berehala mundu osoko 70 behatoki ortziaren eremu jakin horretara zuzendu dira. Detekzioari esker, zientzialariak gai izan dira galaxia urrun horretan gertatutakoa berreraikitzeko: gertu dauden bi neutroi izar elkarrengana hurbildu dira, biraka. Hurbildu ahala, biraketaren abiadura izugarri igo da. 300 bat kilometroko distantzian egonda, inguruko espazio-denboran distortsioa eragin dute, eta 100 segundoz grabitazio uhinak askatu dituzte.

Azkenik, bi izarrek argiaren abiaduraren heren batean talka egin dutenean, kilonoba bat eratu da, eta gamma izpien leherketa. Grabitazio uhinak jaso eta bi segundora atzeman dute. Gero, eta hainbat egunez, espektro elektromagnetikoaren banda ezberdinetan talkaren ondorioak jaso dira: X izpiak, ultramoreak, argi ikusgaia, infragorriak eta irrati uhinak.

Grabitazio uhinak

2015eko irailaren 14an atzeman zituzten grabitazio uhinak lehen aldiz: bi zulo beltzen arteko talkaren ondorioa. Gero, beste hiru aldiz jaso da uhin horien oihartzuna. Uhin horiek lehenengoz aurkitu zituztenean, zientzialariek nabarmendu zuten unibertsoa ikertzeko tresna berria zela. Tresnaren balioa berretsi dute orain.

Neutroi izarrak masiboagoak diren izarren leherketaren ondorioz sortzen dira. Ezagutzen diren izar txikienak izanda ere, neutroi izarrek dute dentsitaterik handiena, eta masa kantitate itzela dute barruan. Hogei kilometroko diametroa izan dezaketen objektu ñimiño horien dentsitatea hain da handia, ezen hango materiaren koilarakada batek mila milioi tona inguruko pisua izan baitezake.

Kosmologiaren arloan ere aurrerapen handia izan da, Hubbleren konstantea berresteko bidea zabaldu baitu. Konstante horrek zehazten du zein abiaduratan ari diren galaxiak bata bestearengandik urruntzen, gorriranzko lerrakuntza fenomenoari esker —zenbat eta urrunago egon, orduan eta gorriago azaltzen dira galaxiak—. Baieztatu da Erlatibitate Orokorraren postulatu bat ere: grabitazio uhinak argiaren abiaduran zabaldu behar zirela aurreikusi zuen Einsteinek, eta hala frogatu da.

Bestalde, teleskopioekin egindako behaketei esker jakin da talkaren ondorioz hainbat elementu kimiko barreiatu direla, hala nola urrea eta platinoa. Orain arte, zientzialariek ez zekiten zehazki non sortuak diren burdina baino pisutsuagoak diren elementuak. Orain, astrofisikariek frogatu dute neutroi izarren arteko talketan bederen halako elementuak askatzen direla. Emaitzak, besteak beste, Nature eta Nature Astronomy aldizkarietan argitaratu dituzte, zazpi ikerketa artikulutan. 70 behategitako 1.500 zientzialarik parte hartu dute aurkikuntzan.

Betetako ametsak

Glasgowko Unibertsitateko Grabitazioa Ikertzeko Institutuko ikertzaile Borja Sorazu fisikariaren esanetan, «grabitazio uhin mota hau hasieratik egon da gure desiretan, eta oraingo emaitzak ez du hutsik egin. Lehen aldiz frogatu ahal izan dugu neutroi izarren arteko talkek gamma izpien isuri laburrak sortzen dituztela». Ikerketan parte hartu duen fisikari horrek nabarmendu du kilonoba izeneko eztandaren bitartez maila teorikoan zeuden hipotesiak berretsi direla. «Halako leherketen bidez, aukera izan dugu taula periodikoan dauden elementu astun asko sortzen direla ikusteko». Hubbleren konstantea era independentean neurtzeko aurrerapausoaz ere aritu da. «Hau guztia, eta gauza gehiago ere, informazio osagarria batuz baino ezin izan dugu aurkitu».

Balear Uharteetako Unibertsitateko Alicia M. Sintes Olives ikertzailea ere pozik azaldu da: «Urte askoan esan dugu ikerketa lerro honek informazioa emango zuela; orain, erakutsi dugu unibertsoa ulertzeko benetako iraultza dela». Nazioartean izandako erantzuna izugarria izan dela esan dio Olivesek BERRIAri.

Sascha Husak, unibertsitate berean ari den fisikariak, aurkikuntzan erabili diren uhinen profilen analisiak zuzendu ditu. Sakelako telefonoetan abestiak igartzeko erabiltzen diren aplikazioekin konparatu du lan hori. «Einsteinek egin zituen funtzioetan uhin horiek jokatzen duten rola zehaztu dugu. Eredu horiei esker, seinalea nondik etorri den jakin ahal izan dugu, teleskopioak bertara zuzendu ahal izateko».]]>
<![CDATA[Neutroi izarren talka batek sortutako grabitazio uhinak eta argia batera neurtu dituzte lehenengoz]]> https://www.berria.eus/albisteak/146212/neutroi_izarren_talka_batek_sortutako_grabitazio_uhinak_eta_argia_batera_neurtu_dituzte_lehenengoz.htm Mon, 16 Oct 2017 08:00:04 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/albisteak/146212/neutroi_izarren_talka_batek_sortutako_grabitazio_uhinak_eta_argia_batera_neurtu_dituzte_lehenengoz.htm <![CDATA[Bizia arautzen duten orratzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1992/016/002/2017-10-15/bizia_arautzen_duten_orratzak.htm Sun, 15 Oct 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/1992/016/002/2017-10-15/bizia_arautzen_duten_orratzak.htm Drosophila melanogaster-, nolabaiteko xarma gordetzen da, baina izen horrekin jada ez dago Euskadi sarietara poemario bat aurkezterik. Fruta eulia aipatuta, berriz, guztiek ulertzeko moduko irudia dator burura. Zomorro hegalari ezaguna; zorionez, ziztatzen ez duena, baina zinez astuna dena.

Biologoek, aldiz, estimu handitan dute ihintzaren maitalea. Beraientzat, zomorro hori organismo eredua da. Horrek esan nahi du euli horien ezaugarriak bereziki egokiak direla ikerketak abiatzeko. Gainera, eredu berdina erabilita, mundu osoko zientzialariek aukera dute antzeko baldintzetan ikerketak errepikatzeko, eta jakina da hori ezinbesteko baldintza dela ezagutza zientifikoan aurrera egiteko. 1970eko hamarkadan, zenbait zientzialarik euli horien lo ohiturak ikertzeari ekin zioten. «Zuk uste al duzu Espainian halako ikerketa batek finantzaketa lortuko lukeenik?», galdetu du, telefonoaz bestalde, Juan Antonio Madrid Fisiologiako katedradunak.

Murtziako Unibertsitatean (Espainia) Kronobiologia laborategia zuzentzen du Madridek. Haren aburuz, eulien loarekin gertatutakoa oinarrizko zientziari eman behar zaion garrantziaren adibide bikaina da. Izan ere, hasieran aplikaziorik gabeko ikerketa zirudien horrek biologia astindu du, ikerketa bide oparoa irekita. Hilaren hasieran, bide horrek Stockholmgo Karolinska Institutuaren babesa jaso du. Hala, aurtengo Medikuntzako Nobel saria Jeffrey C. Hall, Michael Rosbash eta Michael W. Young ikertzaileek jaso dute, «erritmo zirkadianoa arautzen duten mekanismo molekularren gainean egin dituzten aurkikuntzengatik». Erritmo horiei esker, Lurrean dauden bizidun gehienak planetaren errotazioari egokitzeko gai dira. Besteak beste, loa, elikadura, hormonen isuria eta gorputzaren tenperatura erloju biologikoaren arabera moldatzen dituzte.

Jakina da zientziari lotutako Nobel sari gehienak zientzialari zehatzei baino gehiago, zientzialari horiek ordezkatzen duten arloari merezimendua aitortzeko emanak direla. Kasu honetan, Madridek esan du berak ez zuela espero Biokronologiaren diziplinak Nobel bat hain goiz lortuko zukeenik. Uste du aurkikuntzak oraindik ibilbide luzea daukala aurretik. «Duela hainbat hamarkada ikertzen hasi baziren ere, oraindik ere ez dugu guztiz ulertzen mekanismo honen funtzionamendua».

Edonon txertatuta

Ikertzailearen esanetan, erloju biologikoa, berez, 1972an topatu zen aurrenekoz, ugaztunen hipotalamoan kokatuta; hori ere «lehen mailako aurkikuntza» izan zela gogorarazi du. Gerora jakin zen, garunean ez ezik, gorputzeko zelula guztietan ere txertatuta zegoela.

«Hiru zientzialari horiek erloju horren mekanismo biologikoa deskribatzea lortu dute». Kontua azaltzeko, erlojuaren metaforan sakondu du Madridek. «Pieza bat mugituz gero, zer gertatuko den jakin dezakegu; funtsean, zer aldatu behar den, ordua aurreratzeko edo atzeratzeko».

Adituaren ustez, garrantzi handiko fenomenoa da, hain zuzen, espezie guztietan dagoelako: «landareak, ornodunak, ornogabeak. Erlojua arautzen duen gene zehatza ezberdina bada ere, mekanismoaren funtzionamendua oso antzekoa da bizidun guztietan. Gene horiek, gainera, zeluletako makineria osoan inplikatuta daude. Edozein zelulatako genomikaren %10-30 arautzen dute».

Adituak aipatu du erloju hori eraldatzeko gai diren botikak oraindik ere ez direla merkaturatu; baina bidean omen daude, eta lehen probak hasiak dira jada. Horrela, etorkizunean gizakiek aukera izango dute erloju biologikoa nahieran atzera edo aurrera egiteko. «Munduan zehar milaka eta milaka ikerketa abiatu dira gene horien haritik, eta ez bakarrik kronobiologiaren alorrean. Minbiziarekin, obesitatearekin eta zahartzearekin ere harremana dute gene horiek».

Zeregin horretan dabil Guiomar Solanas biologoa ere. IRB Bartzelonako Biomedikuntzaren ikerketarako Institutuko ikertzaile horrek erritmo zirkadianoek zelula ametan duten eragina ikertzen du bereziki. Abuztuan, bere laborategiko kideekin batera, Cell aldizkarian gaiari buruzko artikulu garrantzitsu bat argitaratu du. Artikuluan, orain arte dogmatzat hartzen zen postulatu bat hautsi dute ikertzaileek. Ideia horren arabera, zahartzearekin batera, erritmo zirkadianoak pixkana itzaltzen dira. «Ideia hori errotuta egon da aspalditik, garuneko eremu zehatz batean hala zela frogatuta zegoelako. Ondorioz, uste zen gorputzaren gainerako zeluletan ere horrela behar zuela, baina hori ez zegoen frogatuta. Horregatik, laborategian gaia ikertu dugu». Emaitzetan, ñabardura garrantzitsua azaldu da: zahartzearekin batera, egunaren eta gauaren arabera izaten diren funtzioak aldatzen direla baieztatu dute, baina, erloju biologikoa ez dela moteltzen frogatu dute.

Kronobiologiaren ikuspuntutik ikerketa burutzean, organismoan benetan gertatzen dena hobeto ulertzeko bidea dagoela dio. «Normalean, une zehatz baten inguruko argazkia eskuratzen dugu biologook, baina hor ez da azaltzen duela lau ordu gertatutakoa. Edo argazkia atera eta lau ordura gertatuko dena ere ez. Argazkia bainoago, kronobiologiak aukera ematen dizu film osoa ikusteko».

Aspaldiko bataila

Ikerketan gero eta gehiago sakondu, orduan eta mundu zirraragarriagoa azaltzen dela gaineratu du ikertzaileak. «Maila zelularrean gauez gertatzen diren gauzek ez dute zerikusirik egunez gertatzen diren gauzekin. Horrela, ehunen fisiologia askoz hobeto ulertzeko gai gara».

Bat dator Juan Antonio Madrid. «Kronobiologia arras zoragarria da, eta aurkikuntzak bata bestearen atzetik datoz». Halere, diziplina horren inguruko ezagutza zabaldu beharra dagoela dio, eta horretan ere Nobel sarietan agertu izana lagungarria izango dela espero du. Ez da topiko hutsa. Interneteko bilatzaile batean kronobiologia jarrita, lehen emaitzen artean berehala agertzen dira zientzia serioarekin lotura gutxi dituzten web orriak; tartean, konspirazioaren teoriak zabaltzen dituen osasunari buruzko aldizkari ezagun batena.

«Aspaldiko bataila» dela dio Madridek. «Oroitzen naiz 1980ko hamarkadan, gaiaren inguruko libururen bat agertuz gero, liburu dendetan esoterismoari eskainitako tartean kokatzen zutela. Argi utzi beharra dago ez duela zerikusirik horoskopoen alboan agertzen diren zentzugabeko biorritmoekin. Ezagutza metodo zientifikoan oinarritu behar dugu, ezinbestean, baina jende askok zientzia erabiltzen du negozioa egiteko».]]>
<![CDATA[Zeruak txunditako arimak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2094/018/001/2017-10-08/zeruak_txunditako_arimak.htm Sun, 08 Oct 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/2094/018/001/2017-10-08/zeruak_txunditako_arimak.htm urbanitek osatzen duten fauna exogenoari lagun talde berri bat gehitu zaio orain. Aitortzen dutenez, oso izaera desberdinekoak dira, baina grina berbera dute.

Gaur hiru lagun bildu dira. Hirurak La Otra Mitad astronomiazaleen elkarteko kideak dira. Ohi bezala, leku horretatik kanpo mundua aztoratuta bizi da, gizakiaren tamainako txikikerietan murgilduta. Mendia eta ilargia lagun, ordea, Izkin lasaitasuna da nagusi, eta solasaldian berehala azaltzen dira unibertsoaren neurri irudikaezinak.

Olentzero etorri eta ondorengo egunetan umeek erakutsi ohi duten ilusio berarekin, azken ukituak ematen ari dira Izkiko Astronomia Behatokian. Kableak, ordenagailuak eta argazki kamerak daude; eta, noski, teleskopioak. Joan den astean egin zuten inaugurazio ofiziala, baina jainkoak burugogorrak dira, eta zeru hodeitsua oparitu zieten. Moldatu ziren, baina. Astronomiari buruzko bi hitzaldi izan ziren, musika emanaldi bat, eta pintxo-potea ere egin zuten. Maketa baten bitartez, neurrira egindako eguzki sistema bat erakutsi zieten inauguraziora joan zirenei.

Duela hamar urte inguru sortu zen La Otra Mitad elkartea, astronomiari buruzko zaletasuna partekatzeko. Gasteizko Udalarekin zientziari buruzko hitzaldiak ematen hasi ziren. Beste elkarte askotan bezala, izarretara begira jarri nahi zutenean, mendira eramaten zituzten ekipoak. «Beti ibiltzen ginen hemendik hara, nomadak bezala», gogoratu du Mikel Martinez astronomiazaleak. Hortaz, beste aurrerapauso bat egin behar zutela sumatu zuten, eta behatoki finko bat lortzeko erronkari ekin zioten. Esan eta egin. «Kontuz ibili deabruari eskatzen diozunarekin; zeren, zenbaitetan, eskatutakoa eman egiten baitizu», dio Julio Correderak, txantxetan. Prozesua oso azkar joan dela azaldu du. Duela bi urte bururatu zitzaien behatoki finkoa izateko aukera, baina aurtengo maiatzean egin zuten eskaera. Arraia-Maeztuko Udalarekin hitz egin zuten, eta Arabako Diputazioan proiektua aurkeztu zuten. Erakundeek finantzaketa eta azpiegitura ipini dituzte, eta zaleek, berriz, ekipo teknikoa eta behatokia kudeatzeko borondatea.

Zientzia lana

Behatoki finko bat edukitzea ez da apeta kontua. Egia da ekipoak autoan sartu eta mendian muntatu eta desmuntatu behar ez izatea abantaila nabarmena dela; askoz erosoagoa, funtsean. Baina, batez ere, toki finko bat izateak benetako zientzia egiteko aukera emango diela azpimarratu dute astronomia zaleek.

«Lurretik gertu igarotzen diren objektuei jarraipena egiteko aukera emango digu behatokiak», azaldu du Martinezek. «Laster Minor Planet Centerrek ematen duen nazioarteko behatzaile kreditazioa lortzea espero dugu. Erakunde horrek koordinatzen du, nazioartean, objektu horien inguruan astronomoek eskuratzen duten informazioa». Asteroideei gertutik behatzeko aukera izango dute, beraz. Ez da soilik zientzia kontua. Izan ere, teleskopio profesionalek ez dute aski denbora izaten Lurretik gertu igarotzen diren asteroide guztien atzetik ibiltzeko, baina mundu osoan barreiatutako astronomiazaleek, ordea, bai. Planeta guztiko auzolan hori premiazkoa izan daiteke zibilizazioa akabatzeko ahalmena duten asteroideak orpoz ipurdi jarraitzeko.

Baina mundu berriak hobeto ezagutzeko parada ere izango dute, azpiegitura finko bat izateagatik. Diotenez, Eguzki Sistematik kanpo dauden planetak begi puntuan izango dituzte. «Bai, ondo entzun duzu, exoplanetak jarraitzeko aukera izango dugu », azpimarratu du Correderak. «1995ean topatu zuten lehen exoplaneta, baina, garai horretan, oso behatoki handiak behar ziren; diru mordoa ere beharrezkoa zen, gainera. Gaur egun, informatikari eta ekipo berriei esker, zaleok zeregin horretan parte hartzeko aukera dugu».

Martinezek sakondu du azalpenean. «Izarretako argiaren kurben neurketa erabiltzen da. Izar baten aurretik planeta bat igarotzen denean, izar horren argian izaten den aldaketa txikia atzemateko gai gara orain. Igarotzearen parametroak jakinda, informazio asko atera daiteke: izarraren masa, distantzia, dentsitatea eta orbitaren iraupena. Behatoki profesionalek normalean ez dute denborarik halako izar bakoitzaren jarraipen osoa egiteko, eta hor azaltzen da zaleen egitekoa».

Urruneko behaketak

Jaime Fernandez lotu zaio solasaldiari. Halako ikerketatan zehaztasuna funtsezkoa dela azpimarratu du, eta, hori lortzeko, ezinbestekoa omen da behaketa leku jakin batetik egitea. Aurrean daukaten hurrengo erronka ere aipatu du. «Euskadiko lehen urruneko behatokia izatea lortu nahi dugu. Astronomiaren munduan, gero eta gehiago, gauzak era horretan egiten dira». Horman zintzilikatuta dagoen irudi bat seinalatu du. «Mikelek atera du argazki hau, baina etxetik mugitu gabe. Frantzian, 800 kilometrora dagoen urruneko behatoki baten bitartez atera du irudia».

Correderak gaineratu du etxetik lan egitea oso lagungarria dela behaketak egiteko. «Era horretan, ez diozu horrenbesteko denborarik kentzen familiari. Gu zaleak gara, eta hemen ematen dugun denbora familiari eta gainerako jardunei kendu behar diegu».

Hormako irudia ateratzeko, 18 ordu inguru eman zituen Martinezek. Soilik halako esposizio luzeekin atera dakizkioke zeru beltzari bere baitan gordetzen dituen sekretu guztiak. Eta asko dira. «Irudian ikusten duzun pilota hori Wolf-Rayet motako izar bat da», azaldu du zaleak. «Hidrogeno alfa eta oxigenoa isurtzen ditu. Masa gehiegirekin sortutako izarra da, eta material asko askatu behar du, ezinbestean. Etorkizunean eztanda egingo du».

Martinezek azpimarratu du irudiaren alde estetikoa gustuko duela, baina, batez ere, atzean dagoen fisika dela beretzat erakargarriena. Nahi eta nahi ez, astronomia argazkilaritzara hurbiltzean, beti azalduko dira fisika eta unibertsoaren neurri irudika ezinak. «Argazkia tratatzen ari zarenean, erabiltzen duzun programa informatikoak irudian dauden izarrak zenbatzeko ahalmena du. Irudi bat hartu, eta bertan 30.000 edo 40.000 izar daudela esaten dizu programak. Tira, horrek guztiz txundituta uzten zaitu», azaldu du Correderak.

Izarrek eragiten duten harridura hori dibulgatzea izango da, bestalde, behatoki berriaren beste oinarrietako bat. Hori egitea funtsezkotzat jo dute elkarteko kideek. «Gure gaurko gizarte honetan inoiz baino informazio gehiago dugu, baina, era berean, zeruaren ezagutza guztiz galdu dugu», esan du Correderak.

Zerura begiratzean, ordea, gizakiarengan aspaldi errotutako sentimendu bat azaleratzen dela gaineratu du Martinezek. «Sentimendu hori hor dago, azalean pixka bat marruskatu baino ez dago zeruarekiko aspaldiko lotura hori azaleratzeko». Orain gizakiak badaki goiko aldean dauden puntutxo horiek ez direla jainkoak, eta gauean orientatzeko ere ez dago horien beharrik. Baina udako gau batean hirietako argi kutsaduratik aldentzea eta ortzian marraztutako paisaia miresgarria ikustea galdu ezinezko ikuskizuna da.]]>
<![CDATA[«Zientziaren dibulgazioa kultuko fenomeno bihurtzea lortu dugu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/024/002/2017-10-01/zientziaren_dibulgazioa_kultuko_fenomeno_bihurtzea_lortu_dugu.htm Sun, 01 Oct 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/1921/024/002/2017-10-01/zientziaren_dibulgazioa_kultuko_fenomeno_bihurtzea_lortu_dugu.htm
Bizkaia Zientzia Plaza jardunaldiak bukatu berri dituzue. Zer-nolako harrera izan dute?

Parte hartzeari zein edukiei dagokienez, oso pozik gaude. Bilbon izan gara, baina kanpora ere atera gara. Orain arte, oso gauza gutxi egin ditugu Bilbotik kanpo. Lehen egunean, bakarrizketak biltzen dituen Ciencia Show ekimenean ehun lagun inguru izan ziren. Arratsaldeko Naukas Pro egiteko, berriz, 250 lagunentzako aretoa geneukan, eta tamalez ehun bat pertsona kanpoan geratu ziren. Naukas Kids ere, haurrei begira antolatua, gainezka egon zen. Science+ izan da jende gutxien bildu duena, baina bertan parte hartu duen jendea oso pozik azaldu da. Azken hori berez ez da dibulgazioa izan, zientzia karrera batean hasten direnei euren ibilbide profesionalari buruzko informazioa emateko gunea baizik. Zientzian, enpresa munduan, negozio editorialean edota kazetaritza zientifikoan, esaterako. Azkenik, Jakinduriek mundue erreko dau izeneko bertso-zientziako ekitaldiko lau emanaldiekin ere oso pozik gaude. Ondarroan, Getxon, Igorren eta Bilbon izan dira.

Urteroko saio garrantzitsuena Naukas da. Harrera bikaina izaten du publikoari eta parte hartzaileei dagokienez. Ezagutzen ez dutenei, nola azalduko zenieke zertan datzan?

Hamar minutuko hitzaldi laburrez osatutako ekitaldia da. Aurten, seigarrenez egin dugu. Orain arte Bizkaia aretoan egiten genuen, 450 lagun artatzeko moduko gela batean; baina motz gelditu zitzaigun, eta, aurten, Euskalduna jauregian egin dugu. Hala ere, ezin genuen pentsatu ia 2.000 lagun izatera helduko ginenik, gehienezko edukieratik gertu, alegia. Estatu osotik etortzen da jendea, eta batzuk kanpotik ere bai. Hitzaldi bakoitzak bere estiloa dauka, baina, nire ustez, gehienak dira interesgarriak. Hitzaldi laburrez osatutako formatua jendea erakartzeko gakoetako bat da. Finean, hitzaldi zehatz bat ez baduzu gustuko, berehala izango duzu hurrengo hitzaldia.

Zein da, zure iritzian, Naukasek daukan arrakastaren arrazoi nagusia?

Berez, hamar minutuan ezin da ezertan sakondu, baina arreta pizteko gai den istorio bat kontatzeko aukera badago. Istorio borobilak dira, hasiera, garapena eta bukaera dituztenak.

Gaiak arreta pizteko modukoak izan ohi dira...

Hori da asmoa. Batzuk, bereziki, bikainak dira. Adibidez, niri aurten azken hitzaldia gelditu zait gogoan. Sergio Perez Acebronek eman du, eta minbiziari buruzkoa izan da. Funtsean, planteatu du gizaki guztiok minbizia dugula... Eta egia da, hori gure garapenaren logikari dagokio eta. Zelulak ugaltzeko zein ehunak sortzeko mekanismoek horretara garamatzate, ezinbestean. Denok garatuko dugu noizbait minbizi bat... Batetik, horrek gaia arintzeko balio du, baina, bestetik, hunkigarria da horretaz kontzientzia izatea ere.

Jende asko bildu da...

Urtero, jende gehiago etortzen da. Fenomeno berezia bihurtu da, garai bateko kontzertuak bezala; kultuko fenomenoa izatea lortu dugu. Jende asko dator, etorri behar delako; erromesaldi moduko bat da, erritual baten antzera.

Halakoek nabarmentzen dute oso garrantzitsua dela zientzia arloan jantzita dagoen gizarte bat. Eta hainbat galdera oroitarazten dituzte, etorkizunean argitu beharrekoak. Nork hartu behar ditu zientziaren inguruko erabakiak? Zientzialariek, gizarteak ala politikariek?

Tira, galdera hori erantzuteko mintegi oso bat behar da. Argi daukat zientzialariek beti izan behar dutela aukera nahi duten arloan lan egiteko, jakin-mina ezagutzaren motorra delako. Bestetik, erabaki politikoak ere hartu behar dira, herriaren ordezkari diren politikarien bitartez. Estrategikotzat jotzen diren lerroetan, bederen. Demagun, esaterako, Euskal Herrian marea-energia edo nekazaritza sektore zehatz bat estrategikotzat jotzen direla. Gobernuarentzat zilegi da horietara baliabide gehiago bideratzea; zientzialariek erabakiko dute sektore horietan lan egin nahi duten ala ez, baina argi izango dute arlo estrategiko horietan lan egiteko aukera gehiago izango dutela. Herriak ere parte hartu behar du, noski, baina tentuz ibili behar da horretan. Ni ziur nago oraintxe bertan kalera jaitsi eta inkesta bat egiten badugu jende gehienak oso sektore zehatzetan inbertitzea proposatuko lukeela: minbizia, janaria, ingurumena... baina oinarrizko zientzia kanpoan geldituko litzateke, eta hori arriskutsua da, ikerketa hori akabatzeko aukera emango lukeelako.

Iritzi publikoaren nahiak aipatu dituzu. Euskal Herriko zenbait ikerketa zentrotan transgenikoen inguruan ez ikertzea hartu da irizpidetzat. Hori ere ez al da iritzi publikoaren araberako erabaki politiko bat?

Bai, egia da, eta hor arazo handi bat daukagu. Munduko toki askotan transgenikoen inguruan ikertzen ari dira, normaltasunez. Noizbait, arazoren bat konpontzeko, transgeniko baten beharra izango dugu seguruenera, baina teknologia hori ez dugu garatua izango Euskal Herrian, eta kanpoan erosi beharko dugu.

Kultura zientifikoa zabaltzeko beharra dago, baina nola egin hori? Nola zuzendu era egokian baina larregi sinplifikatu gabe?

Gizarte osoari zuzendu behar zaio komunikazioa. Inkesten arabera, populazioaren %15ari interesatzen zaio zientzia; hori ez da gutxi, eta jende horren gose informatiboa ase beharra dago. Baina gainerakoez ezin gara ahaztu. Nire lagun batek esan ohi duen bezala, horiekin «segadak» erabili behar dira. Irratia bereziki ona da horretarako, magazin askotan tarte txikiak daudelako eta jendea edonon harrapatzen duzulako, gutxien espero duen momentuan. Zientzia gai erakargarriak era ulergarrian helarazi behar zaizkie orduan. Bestetik, zientzialariak daude, eta horiek ere zientzia komunikazioaren beharra dute. Bi mutur horien artean, zientzia gustuko ez dutenen eta zientzialarien artean, espektro zabala dago, eta hor ere komunikazioa erabili behar da.

Zientzialari guztiek beti komunikatu behar dute, halabeharrez?

Guztiek agian ez, baina talde bakoitzean gutxienez ikertzaile batek zientzia komunikatu behar duela esango nuke. Gero, zientziaren arloko komunikazioaren profesionalak ere badira, noski, eta horiengana jo beharra dago. Dena dela, komunikatzen trebatzea oso erabilgarri eta aberasgarria da. Nik neuk badakit, adibidez, dibulgazioan aritzen naizen unetik gauzak hobeto azaltzen ditudala. Aurkikuntzak komunikatzea zientziaren berezko balio normatiboa da. Zientzia, definizioz, jakinarazi egin behar da, aurkikuntzak kontrastatu behar direlako. Ezin bada kontrastatu, ez da zientifikoa. Adibidez, arlo militarrean egiten den ikerkuntza sekretupean egiten da. Beraz, nik ez nioke zientzia deituko. Beste zerbait izango da, baina ez zientzia.]]>
<![CDATA[Benetako negu gorriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/016/001/2017-09-24/benetako_negu_gorriak.htm Sun, 24 Sep 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/1891/016/001/2017-09-24/benetako_negu_gorriak.htm WarGames filmean erabateko protagonismoa eskuratu zuen adimen artifizialak esandakoak dira hitz horiek. Hiroshiman eta Nagasakin (Japonia) lehenengo aldiz erabili zituztenetik, bonba nuklearrak kezka iturri izan dira. Gerra Hotzaren garaian erabateko protagonismoa izan zuten: 1962an, Kubako misilen krisian mundua gerra nuklear baten atarian izan zela jakina da, baina une erabakigarriagoak ere egon ziren. Astelehen honetan jakin da, adibidez, maiatzean hil zela Stanislav Petrov koronel erretiratua. 1983ko irailean, Sobietar Batasuneko alerta goiztiarreko sistema ikuskatzen ari zela, Ameriketako Estatu Batuetatik bide zetorren eraso nuklear baten berri izan zuen Petrovek. Protokoloari jaramonik egin ez, eta itxarotea erabaki zuen, bere nagusiei ezer esan gabe. Arrazoi izan zuen: radarraren akats bat izan zen. Gaur goizean gehienontzat eguzkia ohi bezala atera bada, hein batean, zendu berri den 77 urteko koronel horren balentriari zor zaio.

Petrovek erakutsitako odol hotza premiazkoa da edonon: Washingtonen, Moskun edo Pyonyangen. AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko liskarrean, elkarren arteko suntsiketa ziurtatuaren doktrinan oinarritu zen bi potentzien arteko oreka. Biek onartzen zuten WarGames filman azaldutako paradoxa; jokatuz gero, garailerik ez. Baina antzinako arauek ez dute balio jada, teknologiaren garapena aurrera doan heinean, aktore berriak sartu baitira jokoan. Egunotan Ipar Korearen inguruko tirabirek hartu dute protagonismoa, baina Indiaren eta Pakistanen arteko lehia ere kezka iturri da.

Horregatik edo, eta klima sistemaren inguruko ezagutza handitzen den heinean, gero eta gehiago dira gerra nuklear txiki batek izango lituzkeen ondorioak ikertzen dituzten zientzialariak. Balizko gerra batean erabiliko liratekeen buru nuklearren kopuruaren arabera egin dira kalkuluak. Ikerketa askotan, 50 bat leherketa hartu dira abiapuntutzat. BERRIA iritzi bila joan zaionean, Paul N. Edwars Standforreko Unibertsitateko (AEB) zientzia historialariak kalkulatu du halako gerra batean 30-60 buru nuklear erabil daitezkeela. Marraztu duen panorama ez da polita: «Ehunka edo milaka lagun hilko lirateke; milioika agian, hiri handietan jaurtiz gero. Munduko eremu askotan haizeak eramango luke leherketek eragindako hautsa, animaliak, landareak eta gizakiak pozoituz. Bonba handiak balira, kea eta hautsa estratosferara helduko lirateke, eta planetan zehar hedatuko lirateke, atmosfera ilunduz eta bi graduko hozte globala eraginez».

Boulder (Colorado, AEB) hirian dagoen Atmosferaren Ikerketarako Zentro Nazionaleko ikertzaile Michael Millsek ohartarazi du ke horrek planeta inguratuko lukeela urte askotan. «Eguzkiaren argia blokeatuta, lurrazaleko tenperaturak eta prezipitazioak jaitsiko lirateke. Horrek mundu osoko uzten galera ekarriko luke, sufrimendu globala eraginda». Bestalde, eta keak lurrazala hoztuko lukeen bitartean, estratosfera berotuko litzateke. «Hainbat urtez 50 graduko tenperatura eragingo luke han. Beroketa dramatiko horrek ondorio lazgarriak izango lituzke Lurra babesten duen ozono geruzan». Mills 2014an Earthís Future aldizkarian argitaratutako ikerketa baten egile nagusia da. Ikerketa horretan 15 kilotoiko 100 buru nuklearreko kopurua hartu zuten erreferentzia bezala, Indiaren eta Pakistanen arteko gerra irudikatuz. Simulazio horretan, atmosferara igorritako bost milioi tona ke kalkulatu zuten. Baina atmosferan eta lurrazalean sorraraziko aldaketa termiko handiez gain, ozono geruzan suertatuko zen hondatzeaz ohartarazi zuten. Hiru urte geroago, ideia hori berretsi du Millsek. «Maila erregionaleko gerra nuklear batek ozono zulo erraldoia sortuko luke. Ondorioak asko dira: eguzkiak sortutako erredura azkarra, azaleko minbizien ugaritzea eta kalteak soroetan eta ekosistemetan».

Aldaketak kliman

Millsek ehun leherketako erreferentzia hartu badu ere, uztailean Environment Magazine aldizkarian argitaratutako beste txosten baten arabera, leherketa nuklear bakarra nahikoa izango litzateke mundu osoko kliman eragina izateko. Ikerketa horretan nabarmendu dutenez, 15 kilotoiko erreferentzia erabili ohi da bonba nuklear bakoitzeko, baina gaur egungo sistema askoren potentzia 90 kilotoitan hasi eta 5 megatoira doa, hau da, 6-330 aldiz indartsuagoak dira gaur egungo bonbak. Egin duten zenbaketaren arabera, guztira 100-300 kilotoiko 1.682 bonba, 300-800 kilotoiko 697 bonba eta 1-5 megatoiko 41 bonba daude egun bost potentzia nuklear handienen armategietan. Horregatik ohartarazi dute halako bonba bakar bat aski izango litzatekeela kliman eragina izateko. Udazken nuklearra kontzeptua erabili dute egoera irudikatzeko.

Orain arte ezagunagoa izan den negu nuklearra baino xamurragoa izango litzateke egoera hori, baina, era berean, lazgarria. 1980ko hamarkadan garatu zen negu nuklearraren teoria, hein handi batean, Carl Sagan zientzialariari esker. Dibulgatzaile gisa nazioartean ezaguna zen Sagan, eta atmosfera planetarioetan aditua zen. Bereziki Artizarraren atmosfera ikertu zuen, eta hor ikusi zuen hango infernuaren eta gerra nuklear baten biharamunaren arteko parekotasuna. AEBetan zein Sobietar Batasunean eman zuen bere ikerketen berri. Aditu askoren esanetan, teoria horrek eragina izan zuen garaiko politikarien eta militarren artean, eta, neurri batean, armategiak gutxitzeko joera indartu zuen. Batez beste, negu nuklearrak 7 graduko beherapena eragingo luke munduko tenperaturan, fotosintesiaren amaiera, uzten galera eta, ondorioz, gosetea.

Saihesteko bideak

Orain erretiroan egonda ere, Aurora Bilbao mediku eta EHUko irakasle izandakoak gertutik aztertzen du arazoa. IPPNW Gerra Nuklearraren Prebentziorako Nazioarteko Medikuen Elkarteko kidea da Bilbao, eta hilaren hasieran erakundeak Yorken (Erresuma Batua) egin duen kongresuan parte hartu du. Korean halako gerra bat izatekotan, nolako eragina izango luke Euskal Herrian? «Galdera zaila da hori. Zenbat arma nuklear erabiltzen diren, horren araberakoa izango da erantzuna. Dena dela, inor ez litzateke libratuko ondorioez», azaldu du. Erradioaktibitatea fenomenoa naturala dela esan du, baina bere erabileran dauden arriskuen inguruan kezka agertu du. «X izpiak aurkitu zirenean, modu selektiboan zelula kantzerigenoak hiltzeko erabili ziren. Ondoren, Maria Sklodowska-Curiek radioa aurkitu zuen; hortik aurrera etorri da beste guztia».

Zientzialarien rola aldarrikatu du Bilbaok, eta zin hipokratikoa eta sen ona ekarri ditu gogora. «Prebentzioa ez den beste aterabiderik ez dago». Horrek eskatzen du, ezinbestean, arma nuklearren erabateko desagerpena. Hori ez al da, ordea, utopikoa? «Utopikoa da pentsatzea arma nuklearrekin batera existitzeko aukera dagoela». Millsek, bestalde, Saganek erabili zuen kontzeptu bat nabarmendu du: oinarrizko higiene planetarioa. «Horrek eskatzen du arma nuklearrak ahalik eta azkarren ezabatzea. Guk erabiltzen ez baditugu ere, norbaitek erabil ditzake-eta». Edwarsen ustez, berriz, erabakigarriena arma nuklearren ugaritzea geratzea da. «Diplomaziak, errespetuak eta komunikazio zabalak mehatxuak eta zigorrak baino hobeto funtzionatzen dute, nahiz eta zenbaitetan zigorrak ere behar diren. Orain dauden potentzia nuklearrek, bereziki AEBek eta Errusiak, tentsioa asko motel dezakete, alde bakarretik haien armategi atomikoak urrituz».]]>
<![CDATA[Ez betiko adiorik, 'Cassini']]> https://www.berria.eus/paperekoa/2893/010/001/2017-09-17/ez_betiko_adiorik_cassini.htm Sun, 17 Sep 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/2893/010/001/2017-09-17/ez_betiko_adiorik_cassini.htm Cassini zunda Saturnoko atmosferan sartu zen ostiralean, eta, ordudanik, historia da. Gizakia balitz, zilegi litzateke bere buruaz beste egin duela esatea. Suizidioak helburu gardena izan du: Saturnoren inguruan dauden ilargiak nahigabean kutsatzeko aukera oro alboratzea. Zientzialarien arabera, Titan eta Entzelado bezalako ilargiak benetako harribitxiak dira, eta, horietakoren batean erori izan balitz, mundu horiek betiko kutsatzeko arriskua legoke. Hamahiru urtez mundu urrun horretako bazter miresgarrien berri eman duen Cassini zundaren amaierari Grand Finale izena jarri diote misioaren arduradunek. 1997ko urrian atera zen Cassini-Huygens misioa, NASA, ESA eta Italiako Espazio Agentziaren elkarlanari esker, eta 2004an Saturnoren orbitan sartu zen. Cassini planeta erraldoiaren inguruan gelditu bazen ere, Huygens zundak Titan ilargian lurreratzea lortu zuen. Hain urrun dagoen diana batean asmatu izana «arrakasta itzela» izan zela uste du Agustin Sanchez-Lavega EHUko astrofisikariak.

Titandik helarazi zituen datuei begira zur eta lur geratu ziren zientzialariak. Huygens lurreratu baino lehen, atmosfera zerratu batek ilargi horren lurrazala estaltzen zuen. Behin hodei lodi hori pasatuta, ordea, itzelezko mundua agertu zen: hodeiak, lakuak, ibaiak... Lurrean urak jokatzen duen rola metanoak jokatzen du Titanen. «Metanozko aintzirak daude han, baina, tamainagatik, itsasoak direla ere esan genezake», azaldu du Sanchez-Lavegak. «Konposatu organikoei dagokienez, eguzki sisteman parekorik ez du ilargi horrek». BERRIA iritzi bila joan zaionean, ESA Europako Espazio Agentziak misioan duen zientzialari nagusi Nicolas Altobellik ere Titanen topatutakoaren garrantzia azpimarratu du. «Huygensek Titango atmosferaren sekretuak azaleratu ditu aurrenekoz; hango lurrazala ukitu du, eta haren osaketa aztertu. Bestalde, beste planeta bateko ilargi batean gizakiak egindako lehen lurreratzea izan da».

Entzeladon topatutakoa beste ezusteko bikain bat izan zen. «Izan ere, Cassini zundak erakutsi digu izotzezko ilargiek jarduera dutela. Entzeladoren barruan ozeano bat dago, eta orain badakigu bertan jarduera hidrotermala dagoela». Halako inguruneak Lurrean bizia sostengatzeko gai direla gogoratu du zientzialariak, Eguzkiaren argiaren beharrik izan gabe. Dena dela, Altobellik azpimarratu du horrek ez duela esan nahi ezinbestean bizia dagoenik. «Titanen bezala, bere ozeanoetan dauden baldintzak ezezagunak zaizkigu oraindik, baina ez dugu alboratzen Entzelado bizitza izateko gai izatea».

Bat dator Sanchez-Lavega. «500 kilometroko diametroa besterik ez duen ilargi txiki horren barruan bizia garatzeko aukerak daude. Inork espero ez zituen geiserrak ikusi dira. Ilargiaren lurrazalean dauden arrakaletan zehar gasa ateratzen da. Baldintza hidrotermalak dira, funtsean, gure planetan biziaren agerpena bultzatu zuten antzeko baldintzak».

Planetan, berriz, haren atmosferako «gauza ikusgarriak» atzeman dituztela azpimarratu du astrofisikariak. «2010ean planeta osoari bira ematen zion ekaitz handi bat hasi zen. Kontuan hartzen badugu Saturno Lurra baino ia hamar aldiz handiagoa dela, ekaitzaren tamaina irudika dezakegu». Poloetan atzeman diren zurrunbilo erraldoiak ere gogora ekarri ditu. «Horiek ikertzea interes handiko kontua da, Lurrean ere izaten direlako, eta, hemen, ozonoaren suntsiketari lotuta ageri dira». Saturnon sortu den hexagono itxurako estruktura bitxia ere aipatu du adituak. «Horrek ere parekorik ez du eguzki sisteman. Orain badakigu denboran mantentzen dela. Azken 30 urteetan izan da han, espazio misio ezberdinen bitartez behatu ahal izan delako. Baina haren jatorria argituko duen erantzunik ez dugu oraindik».

Eraztunen osaketa

Zalantzarik gabe, Saturno entzutean, berehala datoz gogora haren eraztun famatuak. Horiei dagokienez ere, misioaren aurkikuntzak paregabeak izan dira. «Misioari esker, eraztunen dinamika eta osaketa zehatza ezagutu dugu. Biziak direla badakigu orain. Saturnoko ilargiek eraztun horiek antolatzen dituzte, beren eremu grabitatorioari esker». Orain, zientzialariek badakite ur-izotz blokez osatuta daudela, baina beste konposatu batzuekin ere nahastuta daude. Hala ere, Altobellik ohartarazi du ez dakitela eraztun horiek nola osatu ziren. «Agian, hori argitzeko datu guztiak eskura ditugu jada; oraingoz, behin misioa bukatuta, analisi gehiago egin beharko ditugu nola osatu ziren jakin ahal izateko».

Eraztunetan dagoen partikulen dinamika «sinestezina» dela esan du Altobellik. Bestalde, nabarmendu du bertan akrezio prozesuak mantentzen direla, eta horren bitartez ilargi txiki berriak sortzen ari direla. Eredu matematikoek sortze hori aurreikusten bazuten ere, prozesua misioaren bitartez ikusi ahal izatea «zirraragarria» izan zela esan du.

Bueltatzeko grina

«Gu, gizakiok, gauza harrigarriak egiteko gai gara», laburbildu du misioaren alde teknikoan aritu den Jo Pitesky ingeniariak. Bere balorazioa posta elektronikoz helarazi badu ere, berehalakoan igartzen da haren hitzen atzean dagoen grina. «Asko, asko dira misioak izan dituen alde nabarmenak. Handienetakoa izan da bizia izan dezaketen munduen inguruan gure ulermena asko handitu dela. Entzeladoko eta Titango lurrazalen azpian ur likidozko ozeanoak topatu izanak bizia bilatu behar duen tokiei buruzko ideiak aldatu ditu».

Azken asteotan bildutako datuak bereziki baliagarriak izango dira. Misioaren azken uneetan NASAko zientzialariak ausartu dira normalean egingo ez lituzketen maniobrak egiten, aparteko arriskuak hartzen. Datu andana hori aztertu eta interpretatu beharra dago orain, eta horretan ari dira jada, Piteskyk berak esan duenez. «Gaur [asteartez], proiektuaren zientzia taldearen bileran nago, zundak egindako azken orbiten inguruko lehen emaitzen berri izaten. Aspaldiko zenbait galderaren erantzunak argitzear daude. Adibidez, zenbat urte dituzte Saturnoko eraztunek? Baina galdera berriak ere sortzen zaizkigu. Zergatik ez dago hautsik Saturno eta eraztunen artean? Tira, badakigu hara bueltatu behar dugula».

Sanchez-Lavegak azken uneen garrantzia azpimarratu du. «Saturno eta eraztunen artean ibili da Cassini, eta hortik informazio asko ateratzea espero dugu. Adibidez, planetaren barruko estruktura nolakoa den, nukleoren bat ba ote duen edota atmosferaren goiko aldean ikusten ditugun haizete indartsuak atmosferaren barruan mantentzen ote diren». Orain, adituek datu andana dute ikertzeko, erantzun bat aurkitzen duen aldiro zientziari galdera berriak areagotzen baitzaizkio. Hortaz, Piteskyk esan duen bezala, Saturnora itzultzeko irrikan daude. Arazo bat dago, ordea: harako misiorik ez dago aurreikusita hurrengo hamarkadetarako. Hala ere, Cassinik opari eder bat egin dio gizateriari. Eguzki sistemako planeten artean ikusgarrienetakoa da Saturno, eraztun harrigarriz hornitua, eta horien irudiak eskuratzeagatik bakarrik merezi izan du hara joatea.]]>
<![CDATA[Sei milurtekoz Trebiñun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2098/008/002/2017-07-30/sei_milurtekoz_trebiun.htm Sun, 30 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/2098/008/002/2017-07-30/sei_milurtekoz_trebiun.htm
Neolito aroko Europako meatzaritza gunerik zabalena da Pozarrate, eta hango sekretuak pixkanaka ateratzen ari dira. Zortzi urte eman ditu jada Andoni Tarriño geologoak aztarnategia arakatzen, baina iaz lortu zuen hiru kanpaina abiatzeko beharrezkoa duen laguntza ekonomikoa, Espainiako Lehiakortasun Ministerioan aurkeztutako proiektu bati esker. Aurtengo kanpainarako, Gaztela eta Leongo Juntaren eta Arabako Diputazioaren laguntza ere lortu dute.

CENIEH Espainiako Giza Eboluzioaren Zentroko ikertzailea da Tarriño, eta, bere doktoretza tesia egin zuenetik, gertutik erreparatu dio silexaren arrastoari. Adituak azaldu duenez, Euskal Herrian, bereziki, hiru tokitan dago silexa: Urbasan (Nafarroa), Barrikan (Bizkaia), eta Trebiñun (Araba). Baina silexa eskuratzeko meatzaritza Trebiñun baino ez zen garatu. Duela 6.000 urte inguru, Neolito garaiko gizakiek baliabide horren ustiaketa sistematikoari ekin zioten. Ondorioz, paisaia eraldatu zuten. Aspaldi jakin zen Trebiñun historiaurreko silex asko zegoela. 1950eko hamarkadan, Deogracias Estavillo irakasleak silexezko milaka nukleo aurkitu zituen. Material preziatua zen. «Eskura izanez gero, historiaurreko gizakiek silexa erabiltzen zuten beren tresnak egiteko».

Duela 40.000 edo 50.000 urte sortu zen silex hau, Miozeno aldian. Garai horretan, aintzirak eta zingirak zeuden gaur Trebiñu den eremuan. Hango uretan silizioa prezipitatu zen, eta silexezko noduluak eta estratuak sorrarazi. «Mendilerro hau, funtsean, kaltzitaz osatuta dago, eta, barruan, silexezko 30 edo 40 estratu inguru daude; kalitate handikoa da, gainera. Horregatik, historiaurreko gizakiei asko interesatzen zitzaien eremu hau».

Mendia zulatuta

Paleolito arotik baliabidea ustiatzen bazuten ere, Neolito aroan sortu zen baliabide hori ustiatzeko beharrezkoa zen garapen soziala eta ekonomikoa. Guztira, zortzi tokitan mendilerroa zulatu zutela uste du Tarriñok. Aurretik susmoa bazuen ere, LIDAR izeneko teknikari esker baieztatu zuten mendi horretan aski interesgarria zen zerbait zegoela. «Hegazkin batetik laser baten bitartez egiten den eskaner antzeko bat da hori. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hori eskaintzen du, eta, horri esker, aztarnategia ikusi genuen», esplikatu du geologoak.

Lan gogorra dute aurrean. Izan ere, historiaurreko meatzariek botatako hondarrak jasotzen ari dira. Interes arkeologikoa izan ala ez, 25 zentimetro baino gehiagoko tamaina duten harri guztiak dokumentatzen ari dira, eta horrek lana moteltzen du. Orain arte, material arkeologiko interesgarriak azaldu dira: garrantzitsuena, agian, pikotx gisa erabilitako orein adarra da, hiru metrokoa. Zundaketa batean agertu zen, iazko kanpainan. Induskatu baino lehen, arkeologoek zundaketak egiten dituzte jakiteko lurpean dagoena interesgarria ote den.

Aurten lortutako piezak ditu esku artean geologoak. Harri arruntak dirudite, eta, mendian ikusiz gero, seguruenera, ez lukete batere arretarik erakarriko. Baina, testuinguru egokian, eta aditu baten begirada arretatsuari esker, iragana argitzeko gako garrantzitsuak dira. Horietatik, batzuk alboratutako silex noduluak dira, duela sei milurteko meatzarien «kalitate kontrola» gainditu ez zutenak eta, ondorioz, hondar artean geratu zirenak. Beste batzuk, ordea, lurra zulatzeko tresnak dira. Tartean, ofitaz egindako mazoak eta silexez egindako tresnak ere badira.

Harri puska horietatik abiatuz, duela 6.000 urteko gizartearen bizimodua argitu nahi dute. Modu antolatu batean joaten ziren. Baina Tarriñok aitortu du zaila izango dela meatzari horien herrixkak eta lantegiak topatzea. Gertuen dagoen aztarnategia Larrenkekoa da, Eneolito arokoa —gizakia lehen metalak erabiltzen hasi zen garaikoa, hain zuzen—. Halere, Trebiñuko silexa aintzira batean sortu izanak abantaila garrantzitsua dakar: inguruetan ez da ohikoa jatorri horretako silexa, eta, hor harrapatuta dauden mikrofosilak aztertuz, adituek haren aztarnari jarraitzeko aukera dute. Mendebaldetik, Asturiasera iritsi zen (Espainia); ekialdetik, Landetara (Frantzia). «Gure lehen multinazionala izan zen», azaldu du geologoak, txantxetan.

«Era antolatuan» ari ziren

Lehenengo «merkataritzaren» aztarna horiek, gainera, Neolito garaia baino lehenagokoak dira. Paleolitoan ere —gizakiek ehizan eta fruituen bilketan oinarritutako ekonomia bat zutenean—, trukeak izan ziren. «Garai horretan harrobiak ez zituzten era antolatuan ustiatzen, baina hemengo silexa ere eskuratzen zuten. Esaterako, Trebiñuko silexa Altamiran aurkitu da», azaldu du geologoak.

Tarriñok azalpenak ematen dituen bitartean, aztarnategiko lanak aurrera jarraitzen du. Aurtengo kanpainan, guztira, 30 bat lagunek parte hartu dute. Tartean dira hiru arkeologo profesional. Baina, ohi bezala, gehienak ikasleak dira. Horietako bat Cesar Sanchez Dominguez da. Salamancako (Espainia) Unibertsitatean ondarearen itzultzeari buruzko doktoretza tesia egiten ari da. Funtsean, bere tesiak Huescan (Espainia) zegoen erromatarren garaiko tenplu bat «orainera itzultzea» du helburu. «Horretarako, neurketak egiten ditut hiru dimentsiotan, eta ordenagailuz berreraikitzeak osatzen ditut. Baina, softwareaz gain, asko irakurri behar da tenplua ahalik eta hoberen irudikatzeko». Halako teknologia bat Pozarraten erabil daiteke? «Noski. Laser baten bitartez puntuak eskura genitzake, eta, horrekin, puntu desberdinez osatutako hodei bat egingo genuke. Irudi bat osatzeko puntu bat eta bestea lotzea eskatzen duen denbora-pasa horren antzekoa litzateke». Lanera bueltatu da Sanchez Dominguez, bizpahiru metroko sakoneran dagoen harrien labirintora. Handik ateratzen den lur guztia bahetze tokira joaten da. Hor daude beste ikasle batzuk, lurra arakatzen. Hiru bahez osatutako sistema berezia jarri dute, bata bestearen gainean jarrita, bahetzea ahalik eta gehien azkartzeko. Puntu horretan atera da hasieran aipatutako ofita puska. Normalean, silexa ateratzen da; animalien hezurtxoak eta ikatz zati txikiak ere bai. Guztira, halako zortzi bahetze puntu jarri dituzte. Eguneko 5 tona material prozesatu nahi dute. «Pozarratekoa ez da ohiko aztarnategia, eta, hortaz, ezohiko metodologia erabili behar dugu», zehaztu du Tarriñok. Harrobiaren hondora iristeko irrikan dago. Han aztarnarik interesgarrienak agertzea espero du. Zeintzuk? «Seguruenera, tresna gehiago, edo garai horren inguruan informazioa emango digun beste elementuren bat. Hilobiratzeren bat ere egon liteke. Zenbaitetan, historiaurreko gizakiek honen moduko zuloak baliatzen zituzten jendea ehorzteko».

Hemendik ateratzen diren materialak Euskal Herriko Unibertsitatera eramango dituzte. Hango adituek arretaz aztertuko dituzte aztarna horiek, bakoitzak bere diziplinan: datazioa, geologia, tipologia, teknologia… Ondoren etorriko dira zientzia argitalpenak eta kongresuetako komunikazioak. Azkenik, CENIEHko instalazioetan gordeko dituzte aztarnak, etorkizunean ikertzaileek eskura izan ditzaten. Halere, prozesuak denbora eskatuko du. Harrobi hau arakatzen bukatzen dutenerako, mendian gora, gutxienez beste zazpi harrobi gehiago daude. Dena ondo bidean, horiek guztiak pixkanaka induskatzeko era izatea espero du Tarriñok. Horrela, sei milurtekoz lurpean egon ondoren, aspaldi bizi zirenen oihartzuna egungo garaiotara ekartzeko bidea irekiko litzateke; eta orainaren inguruan ikastekoa. Aztarnategian lanean ari den 19 urteko Maria Rodriguez EHUko ikasleak, hain zuzen ere, halaxe azaldu du: «Jende guztiak jakin beharko luke zerbait historiari buruz, gauden unean zergatik gauden azaltzeko balio duelako».]]>
<![CDATA[Rapanuien ekozidioa, zalantzan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1856/012/001/2017-07-23/rapanuien_ekozidioa_zalantzan.htm Sun, 23 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/1856/012/001/2017-07-23/rapanuien_ekozidioa_zalantzan.htm
Halere, adituek ez dute argi hondamendi horren jatorria zein izan zen. Batzuek uste dute gizakia izan zela horren erruduna, baina beste talde batek kontrako ideia defendatzen du. Lehen planteamendua «ekozidioaren» hipotesia da. Jared Diamond geografo eta antropologoak ideia hori babestu zuen Collapse izeneko liburu ezagunean. «Baliabideen gehiegizko ustiapena zela eta, bere buruaz beste egin zuen gizarte baten adibiderik argiena» zela idatzi zuen Diamondek.

Istorio horren arabera, Pazko uharteko biztanleek gaizki erabili zituzten eskura zituzten baliabide naturalak, eta horrek gosea eta bertakoen amaiera ekarri zituen. Besteak beste, uhartean zeuden palmondo guztiak txikitu zituzten, eta horrek kanoak egitea eragotzi zuen. Kanoarik gabe, beraz, arrantzan egiteko zailtasunak hasi ziren, eta horrek gosetea areagotu omen zuen. Nekazaritzari erabat lotuta geratu ziren, baina, denborarekin, lurrak ere ahitu ziren, eta gizartearen porrota erabatekoa izan zen. Kanibalismoa ere agertu zen. «Ekozidio» hori, beraz, gaurko gizarteak kontuan hartu beharreko irakaspena litzateke, hipotesia babesten dutenen arabera.

Ikuspegi horren arabera, egoera zail horri beste elementu berri bat ere gehitu zitzaion: ahalik eta eskulturarik handienak —moai ezagunak— sortzeko lehia. Ahozko tradizioetan eta aztarna arkeologikoetan oinarrituta, adituek uste dute uhartea hamabi eremutan banatuta zegoela, eta bakoitza klan baten kontrolpean zegoela. Haien artean elkarlana bazegoen, baina, zenbaitetan, gatazkak ere sortzen ziren. Ahu izeneko harri plataformak eratu zituzten, eta, haien gainean, moai estatua ezagunak. Guztira, 300 ahu inguru egin zituzten, eta 113 moai. Metro bat eta hamar metro arteko altuera dute moaiek, eta, horietatik 25, bereziki, handiak dira. Harritzar horiek harrobietatik gaur egun dauden lekuetara nola eraman zituzten jakina ez bada ere, adituek uste dute palmondoen enborrak erabili zituztela horretarako, eta horrek ere eragina izan zuela deforestazioan. Uharteko harrobian bukatu gabeko moaiak daude, eta horregatik uste dute gizartearen beherakada bat-batekoa izan zela.

Erantzun baten zain dauden galderen artean, honakoa ere bai: haien kolonizazio ibilbideetan, polinesiarrek txerriak, txakurrak eta oilaskoak eraman ohi zituzten, baina Pazko uhartera oilarrak eta arratoiak baino ez ziren heldu, eta egoera horrek zaildu egin zuen bizirik irautea.

Arratoi izurritea

Beherakada gertatu zela onartuta ere, Terry Hunt eta Carl Lipo arkeologoek ñabardura garrantzitsu bat proposatu zuten. Haien ustez, deforestazioaren errua ez zen gizakiena izan, arratoiena baizik. Aztarnategietan topatutako palmondoen fruituen arrastoetan oinarritu ziren hipotesi hori defendatzeko. Nahita edo nahi gabean, gizakiek eraman zituzten arratoiak uhartera, eta, predatzailerik ez zutenez, izurrite bihurtu ziren. Fruitu guztiak jan zituztenez, pixkanaka palmondoak desagertu ziren. Hilabete honetan argitaratu dute bigarren ideia horren aldeko beste ikerketa bat American Journal of Physical Anthropology aldizkarian. Hunt eta Lipo ikertzaileek ere parte hartu dute, baina egile nagusia Catrine Jarman Bristolgo Unibertsitateko (Erresuma Batua) antropologoa da. 1.400 urtetik aurrerako aztarnen analisian ondorioztatu dutenez, rapanuien dietaren erdia itsas produktuetan oinarritzen zen.

Anakena eta Ahu Tepeu aztarnategietan aurkitutako arrastoak aztertu dituzte ikertzaileek. Arrasto horien isotopoen analisian oinarritu da ikerketa. Zehazki, karbono eta nitrogeno isotopoak eta hezurretako kolagenoa aztertu dituzte. Teknika hori baliatuz, gizakien eta animalien hezurretatik ebidentziak zuzenean eskura daitezkeela nabarmendu du ikertzaileak. «Nahiko metodo berria da, eta bereizmen handikoa. Horregatik, erabili ohi diren metodoek baino emaitza sakonagoak izaten ditu», azaldu du Jarmanek. «Gure ikerketak frogatu du bertako populazioa modu iraunkorrean bizi zela, eta tokiko ingurumenera ondo egokituta zegoela», erantsi du. «Hau ekozidioaren hipotesiaren kontrakoa da. Honek erakusten du iturri etnohistorikoez eta ebidentzia urriez ez dagoela fidatzerik. Etengabean metodo zientifiko berriak erabili behar ditugu, uste genuena kolokan jartzeko».

Kontsumitutako itsasoko produktuen kopurua orain arte uste zen baino handiagoa dela nabarmendu du ikertzaileak. «Bestalde, naturan eskuragarri zeuden elikagaietatik etorri ezin ziren zenbait seinale isotopiko aurkitu ditugu. Uzta hobeagoak jasotzeko eraldatu izan ziren soroetan egon behar du horien jatorriak. Horrek esan nahi du antzinako biztanleek bazekitela nola lan egin lur zailetan janari hobeagoa eskuratzeko».

Krisialdia gaindituz

Errudun izan ala ez, uhartean bizi izan direnen bizitza ez da erraza izan. Tradizioetan eta arkeologian oinarrituta, adituek uste dute klanen arteko gatazka sutsuari aterabide bitxia eman ziotela bertakoek: txori-gizakien ohitura ezarri zuten. Funtsean, gerra zibilei amaiera emateko, urtero lehiaketa antzeko bat asmatu zuten. Klan bakoitzeko gerlari batek parte hartzen zuen. Alboko uharte batera igeri egin eta hegazti jakin baten arrautza eskuratzen zuen lehenengoak irabaziko zuen bere klaneko nagusiarentzako agintaldia. Antza, usadio hori hainbat hamarkadatan mantendu zuten, eta horrela bakea berreskuratu zuten.

Halere, egoera betiko irauliko zuen gertaera izan zen 1722. urteko Pazko egunean, Herbehereetako itsasontzi bat heldu zenean. Handik aurrera, europarrek eramandako gaitzak erraz zabaldu ziren rapanuien artean. Ondoren, gainerako munduak Pazko uhartearen berri izan zuenean, esklabo-tratulariak heldu ziren, eta populazioa desagertzeko zorian izan zen. 1877an, 111 biztanle baino ez ziren geratzen. Une horretan kokatzen du Jarmanek rapanuien beherakada. Antropologoak uste du ez dagoela «froga errealik» esateko mendebaldekoak iritsi baino lehenago desegin zela Pazko uharteko gizartea.

1888an, Txilek uhartea eskuratu zuen, baina ardiak gordetzeko erabilia izan zen, zeregin horretarako utzi baitzioten uhartea Eskoziako konpainia bati. Bertakoek 1964. urtera arte ez zuten eskuratu Txileko herritartasuna. Egun, 5.000 lagun inguru bizi dira uhartean; horietatik 2.000 lagun inguru jatorrizko rapanuien seme-alabak dira. Baina horiek ere ez dute arbasoek utzitako galderei erantzuteko gaitasunik. Moaiak dira garai haietako lekuko bakarrak, baina haiekin, noski, ez dago hitz egiterik.]]>
<![CDATA[Etorkizuna beleena ere ba omen da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2170/012/001/2017-07-16/etorkizuna_beleena_ere_ba_omen_da.htm Sun, 16 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/2170/012/001/2017-07-16/etorkizuna_beleena_ere_ba_omen_da.htm A Song of Ice and Fire sagan. Usoak baino argiagoak eta indartsuagoak omen dira, eta, George R. R. Martinek irudikatutako fantasiazko mundu horretan, «benetako hizkuntza» hitz egiteko gai omen dira txori beltzak; lehen gizakiek hitz egiten zutena, alegia.

Mundu errealean, ordea, ospe txarragoa dute beleek. Esaera zaharren bildumak begiratzea besterik ez dago. Baina, adimena ikertzen duten zientzialarien artean, aparteko tokia irabazi dute azken urteotan. Nonbait, adimena aztertzeko tresna bikainak dira hegazti horiek, guztiz trebeak direlako.

Lund Unibertsitateko (Suedia) Can Kabadayi eta Mathias Osvath ikertzaileek gertutik aztertu dituzte beleak, eta horiekin hainbat esperimentu egin dituzte. Emaitzak Science aldizkarian kaleratu dituzte ostiralean. Ondorioztatu dutenez, beleak gai dira etorkizuna planifikatzeko.

Halakoetan izan ohi den moduan, janaria izan da entrenamenduetan erabilitako saria. Zientzialariek kutxa baten barruan gorde dute saria, eta tresna zehatz batez kutxa irekitzen irakatsi diete. Gero, giltzaren funtzioa betetzen duen tresna hori beste objektu batzuen artean kokatu dute, kutxa ezkutatuz. Bele gehienek «giltza» egokia hautatu dute, eta janaria eskuratzeko gai izan dira.

Baina harago joan dira ikertzaileak, eta, beste esperimentu batean tentatu ere egin dituzte. Funtsean, horrelako zerbait komunikatzeko moduko esperimentua diseinatu dute: «Aizu, bele. Zer nahiago duzu, janari pitin bat orain, ala etorkizunean janari askoz hobeagoa emango dizun giltza hau?» Horretan ere, gehienak guztiz trebeak izan dira. Janari pixka baten eta kutxa irekitzen duen tresnaren artean, bigarrena hautatu dute gehienek, unean uneko tentaldiari muzin eginez. Ikertzaileek lau urteko ume baten gaitasun kognitiboarekin alderatu dute portaera hori.

«Naturan askatasunean daudenean, beleek ez dute tresnarik erabiltzen, eta, hala ere, tresnak erabiltzea eskatzen duten atazak planifikatzeko gai izan dira», azaldu du Can Kabadayik.

Malgutasuna

Zientzialariak beste portaera berezi bat nabarmendu nahi izan du. Bele eme batek «asmatutako» teknika berria, alegia. Zientzialariek jarritako ataza batean, ohiko tresna zen harria erabili beharrean, hainbat zotz erabili zituen plataforma bat jaisteko eta kutxan zegoen saria eskuratzeko. «Horrek malgutasuna eta berrikuntza adierazten ditu», ikertzailearen esanetan.

Kabadayik dio ondorio nagusi bat atera daitekeela esperimentu horretatik: gaitasun kognitibo konplexuak animalia leinu desberdinetan modu bereizian eboluzionatzeko gai direla. «Korbidoak eta tximino handiak oso urrun daude eboluzioan, eta, hortaz, agian bakoitzak bere aldetik garatu du planifikatzeko gaitasuna».

Suediako lantaldeak ateratako ondorioak oso interesgarritzat jo ditu Fernando Colmenares Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Psikobiologia katedradunak. «Tximino handietan halakoak ikusten direnean, joera dago esateko gizakien eta tximinoen kognizioak oso antzekoak direla. Baina korbidoek atazak ere ebazten dituzte, eta, zenbaitetan, tximinoek baino hobeto. Baina, hala ere, ebolutiboki urrun daude».

Colmenaresek animalien eta gizakien portaera ikertzen duen talde bat zuzentzen du, eta, beraz, gertutik jarraitzen ditu gaiaren inguruan izaten diren aurrerapenak.

Adituak azaldu duenez, korbidoak oso trebeak dira leku desberdinetan fruituak gordetzen eta berreskuratzen. «Gero, laborategian, guztiz artifizialak diren atazak jarri dizkietenean, gai izan dira gaitasun hori testuinguru berri batean berreskuratu eta martxan jartzeko. Horrek izugarrizko malgutasuna erakusten du».

Colmenaresek etorkizuna planifikatzeko gaitasuna nabarmendu du. «Jakin badakigu animaliek ikasten dutela: guk bezala, iraganeko esperientziak ekartzen dituzte gogora orainaldiko arazoak ebazteko. Baina ikerketa honetan ikusi denez, beleak erabakiak hartzeko gai izan dira, etorkizunean gertatuko diren gauzak irudikatuz. Hau da, etorkizunean gerta daitekeen zerbait kontuan hartu dute unean uneko erabakiak hartzeko».

Bi ondorio atera ditu adituak. Hara bata: «Eboluzioak beti harritzen gaitu». Hara bestea: naturan bide edo mekanismo desberdinak garatu dira arazo berdinei irtenbidea emateko. «Hemen, funtsezko gakoa da ea mekanismo berdinak erabiltzen ote diren horretarako. Gakoa ez da animaliak arazo bat ebazteko gai ote diren, baizik eta asmatzea ea espezie desberdinek arazo horiek ebazteko garatu dituzten mekanismo kognitiboak desberdinak ote diren».

Joko arau berriak

Bochumeko Ruhr Unibertsitateko (Alemania) Albert Newen filosofoak ere azpimarratu du ikerketa horren garrantzia. Garunaren eta kontzientziaren inguruan aditua da Newen, eta animalien kognizioaren inguruan hainbat lan argitaratu ditu. Haren aburuz, animalien kognizioaren inguruan izan diren azken ikerketek ate berri bat ireki dute: «Joko arauak aldatzera behartzen gaituzte».

Adituak uste du kolokan jarri behar direla eboluzio klasikoak espezieen artean marraztutako marra zurrunak. «Denbora luzez, eboluzioaren eredu estandarrak hierarkia lineala irudikatu du. Hierarkia horren abiapuntuan, arrainak eta hegaztiak zeuden. Gero, ugaztunetara pasatzen zen, baina horiengan ere, marra bat zegoen: saguetatik tximinoetara zihoan marra, hain zuzen ere. Azkenik, hierarkia horren amaieran, gizakiok geunden, gainerako espezieetatik oso urrun».

Baina eredu zurrun hori okerra dela deritzo pentsalariak. «Hegaztiak tximinoetatik eta gizakietatik ebolutiboki oso urrun izanda ere, frogatuta dago hegaztiek gaitasun komunak dituztela txinpantzeekiko eta bonoboekiko. Besteak beste, jabetza, tresnen fabrikazioa eta erabilera, eta ulermen soziala. Kabadayi eta Osvath ikertzaileek frogatu dutenez, orain badakigu etorkizunean tresnak erabiltzeko planifikazioa erabiltzeko gai direla, eta trukea egiteko gaitasuna dutela».

Eboluzioaren zuhaitza

Auzi horretan ere, badirudi bat datozela adituak. Etorkizunean jarraitu beharreko pausoez galdetuta, Kabadayik eboluzioan sakonduko duela argitu du. «Hegaztien eta ugaztunen arbaso ebolutiboak aztertzea izango da gure ikerketa lerroetako bat. Bide horretatik, jakin nahi dugu kognizioaren auzian zer kontserbatu den eta zer berritu den».

Colmenaresek ere eboluzioaren marrak izan ditu hizpide, BERRIAk ikerketaren inguruko balorazio bat eskatu diolarik. «Eboluzioa zuhaitz bat da, ez eskailera bat». Zuhaitzaren metaforari jarraituz, eboluzioaren adar bakoitzaren amaieran dagoen espezie bakoitza bere adarraren espezie «nagusia» dela babestu du adituak. «Funtsean, orain eboluzioaren adar bakoitzaren amaieran dagoen espeziea da hoberena bere esparruan. Gu, zeregin askotan, beste espezieak baino hobeak gara; baina beste zereginetarako gu baino egokituagoak dauden espezie asko ere badira».

Newen filosofoak ere antzeko ideia azpimarratu du. «Gizakion gaitasunak harrigarriak badira ere, gaitasun horiek soilik era gradualean bereizten dira animaliek dituzten gaitasunetatik; gure arbaso biologikoengandik eboluzionatu dute. Ez dago gizakiona besterik ez den gaitasunik. Horregatik, muga antropologiko baten printzipioa bilatzeari utzi behar diogu. Ez dago. Gizakiok animalia bereziak gara, baina, funtsean, animaliak besterik ez».]]>
<![CDATA[Matematikaren ezkutuko lengoaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2102/010/001/2017-07-09/matematikaren_ezkutuko_lengoaia.htm Sun, 09 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/2102/010/001/2017-07-09/matematikaren_ezkutuko_lengoaia.htm zientzia hitzaren atzean, esaterako, zenbaki andana bat dago. Paperezko egunkarian irakurriz gero, kodea C100 M20 Y0 K0 da. Webgunean kasuan, R0 G127 B170 da. Urdina esateak ez du balio, finean hori orokortze bat besterik ez delako. Kode horiek definitzen dute pantailan edo paperean zein kolore zehatz azaldu behar den, RGB eta CMYK kolore sistemaren arabera. Erabilitako tipografia Bezier kurben arabera diseinatuta dago, hau da, algoritmo matematikoak erabilita.

Horiek ez dira, gainera, idazkiaren atzean dauden zenbaki bakarrak. Adibideak edonon daude. Testua proportzio jakin batean finkatutako lauki sare baten arabera idatzita dago, eta lerroarteak ere ondo finkatuta daude: letra nagusiaren tamainarekiko %45 handiagoa da webguneko lerroartea, eta %25 paperekoa.

Ezkutuan dauden zifra horiek beharrezkoak dira. «Diseinu baten atzean beti daude zenbakiak», azaldu du Elena Gonzalez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Diseinu grafikoa irakasten du Gonzalezek, eta aurten parte hartu du matematika eta kulturaren arteko erlazioa ikertzen duen Kultura matematikaren M-arekin izeneko udako ikastaroan. Asteon egin dute jardunaldia Bilbon, EHUren Bizkaia aretoan.

Gonzalezek azpimarratu duenez, informazioa jasotzen duen lagunarentzat nolabaiteko ongizatea bermatu behar du diseinuak. «Geometriak eta diseinuak batera joan behar dute, garunak batasun hori gustuko duelako». Zehaztasuna, oreka, simetria eta horrelako aldagaiak funtsezkoak dira diseinu bat egiteko.

Aldagai horietako askok oinarri matematikoa dutela azpimarratu du adituak. «Urrezko obaloa, grafiko zirkularra edo espirala askotan erabiltzen dira». Proportzioak eta espazioak ere zenbakien progresio jakin baten arabera ezarrita daude.

Diseinu grafikoaren eta matematikaren arteko erlazioaz gain, beste harreman asko jorratu dituzte ikastaroan. Papiroflexia da bat: besteak beste, medikuntzan, robotikan eta aeronautikan erabiltzen da papiroflexiaren oinarrian dagoen geometria, baita espaziora bidaltzen diren sateliteen eguzki paneletan ere.

Azken urteetan zabalkuntza handia izan duen beste jarduera bat ere jorratu dute ikastaroan. Bideo jokoak sortzeko prozesuan asko erabiltzen dira zenbakiak. Adibidez, jolasa hartuko duen mundua definitzeko, aljebra lineala eta geometria erabiltzen dira, bektoreak eta matrizeak baliatuta. Mugimendua sortzeko, berriz, transformazio afina darabilte. Mekanika klasikoaren lege fisikoaren arabera mugitzen dira objektuak, eta, hortaz, ekuazio diferentzialak erabili behar dira horiek irudikatzeko.

Hiru mendeko misterioa

Iaz bezala, ikastaroaren beste atal bat literaturari eskaini diote. Raul Ibañez EHUko matematikariari egokitu zaio hori egitea: Fermaten teoremak literaturan izan duen eragina aztertu du adituak.

Urte luzez matematikarien grial santua izan da teorema hori argitzea. 1637. urtean abiatu zuen erronka Pierre de Fermat matematikariak. Diofantoren Aritmetika lana irakurtzen ari zela, paragrafotxo bat idatzi zuen liburuaren marjinan.

Pitagorasen teoremari buruz hitz egiten zuen Diofantok. Horren arabera, hiruki zuzen baten katetoen karratuen batura hipotenusaren karratuaren berdina da: a2+b2=c2. Fermati bururatu zitzaion karratua izan beharrean kuboa izan zitekeela, edo bi baino handiagoa den beste edozein potentzia: an+bn=cn. Esan zuen, ordea, zenbaki osoak erabilita ez zegoela ekuazio hori ebazterik. Baina harago joan zen. Ohar horretan zioenez, bazekien nola adierazi ekuazioa ezinezkoa zela, baina liburu baten marjinan ez zegoen tarte nahikorik azalpena jartzeko.

«Fermat arras bitxia zen», dio Ibañezek. «Lanbidez ez zen matematikaria, legelaria baizik, baina matematika oso ondo menderatzen zuen, eta gustatzen zitzaion beste matematikariak zirikatzea». Hark egindako enbidoak hiru mendetan zehar aztoratu ditu pentsalari bikainenak.

Pixkanaka ebazpen partzialak topatu zituzten, baina ebazpen orokorra falta zen. Beste zientzien aldean matematika diziplina berezia dela azpimarratu du Ibañezek. «Azalpen partzialak ez dira nahikoak: azalpen osoak beharrezkoak dira, logika matematikoan oinarrituta». Adibide bat eman du: «Frogatu ahal duzu proposamen bat betetzen dela lau milioi zenbaki desberdin jarrita, baina ezerk ez du demostratzen lau milioi eta batgarren kasuan ere proposamen hori beteko denik». Zenbakiak infinituak izanda, hori benetako arazoa da. «Matematika frogaketan oinarritzen da. Horregatik pixkanaka eraikitako etxe erraldoia da, eta erabiltzen diren osagai guztien inguruan segurtasun osoa izan behar dugu».

Matematikariengan ez ezik, Fermatek botatako enbidoak eragin handia izan du literaturan, eta ikastaroan horren errepasoa egin du Ibañezek. «Oso kontu literarioa da, elementu dramatikoak tartean daudelako». Horregatik, Fermaten teorema nobela askotan agertzen da, batzuetan zeharka, eta beste batzuetan, bete-betean. Umeentzako album irudidun batean ere ageri da. Stieg Larsson idazlearen Millenium trilogian, adibidez, Lisbeth Salanderrek arazoari ekiten dio. Joaquin Leguinaren El rescoldo nobelan ere protagonismo berezia du teoremak. «Ezinezkoa den zerbaiten parean jarri da askotan. Don DeLilloren Ratner's Star nobelan, esaterako, estralurtarrek baino ez omen dute erantzuna».

Lisbeth Salanderrek bezala, lagun askok ordu asko eman dituzte irtenbidea aurkitu nahian. Zertarako galdu, bada, horrenbeste denbora hain hutsala ematen duen kontu batean? «Tira, horri irtenbide bat bilatzen zitzaion bitartean oso matematika ona garatu zen», erantzun du Ibañezek.

1993an Andew Wiles matematikariak arazoari irtenbidea eman zion. Bide horretan, matematika «erabilgarri» asko sortu zuen. «Egin zuen egiaztapenak kurba eliptikoekin erlazioa zuen, eta horiek, gaur egun, kriptografian erabiltzen dira».

Erantzun gabeko galdera dago airean? Fermatek ba al zekien teorema hori egiaztatzen? «Matematikari gehienek uste dugu ezetz, baina ez dago jakiterik», dio Ibañezek.

Ikastaroaren parte hartzea ikusita, pozik azaldu da Marta Macho Stadler ikastaroko zuzendaria. EHUko matematikariak nabarmendu duenez, azpimarratu dute gauza gehienen atzean matematika dagoela. «Matematika era lasaian jorratu dugu, gai eta ikuspuntu desberdinetatik abiatuta». Askotan matematikak ospe txarra dauka. «Zaila da, bai, baina aukera bat eman behar zaio. Ez dut ezagutzen gaiari zintzotasunez hurbildu eta gero horretaz maitemindu ez den pertsonarik. Gainera, matematika pixka bat jakinda, errazagoa da artelan bat ulertzea edota egunkarian azaltzen den estatistika bat gaizki ote dagoen jakitea».]]>
<![CDATA[Iragan urruneko irakaspenak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/012/002/2017-07-02/iragan_urruneko_irakaspenak.htm Sun, 02 Jul 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/1960/012/002/2017-07-02/iragan_urruneko_irakaspenak.htm Big data-ren aroan, helburu horretara bideratutako ikerketa ugari daude martxan. Meatzariak lurraren barrenetik bitxiak ateratzen saiatzen diren modu berean, zientzialariek ere datu meatzaritza erabiltzen dute informazio baliagarria eskuratzeko. Eta, zenbaitetan, harribitxiak ateratzen dira jarduera horretatik. Asteon jakinarazi dute horren beste adibide bat. Orain arte ezagutzen ez zen suntsipen bat aurkitu du nazioarteko ikertzaile talde batek.

Azken 100 urteetan aurkitutako fosilen berrazterketa batetik abiatuz, duela 2,5 milioi urte inguru, itsas megafaunaren heren bat desagertu zela jakin da orain. Zehazki, duela 5,3 milioi urte eta 9.700 urte arteko fosilak berraztertu dituzte Zuricheko Unibertsitateko (Suitza) eta Berlingo Historia Naturalaren Museoko (Alemania) adituek. Paleobiology izeneko datu basean bildutako 2.000 erregistro inguru baliatu dituzte horretarako. Berrazterketaren emaitzak Nature Ecology and Evolution aldizkarian plazaratu dituzte.

Suntsipen horretan, besteak beste, inoiz existitu den marrazorik handiena desagertu zen: Carcharodon megalodon izenekoa. Bost urte eman zituen Catalina Pimiento paleobiologoak espezie horren desagerpena argitu nahian. Misterioari amaiera emateko, ikerketaren fokua irekitzea erabaki zuen, eta, megalodon espezieaz gain, itsas megafauna osotasunean kontuan hartzea erabaki zuen. «Animalia konkretu askoren iraungipena ezagutzen zen, baina modu isolatuan», adierazi du Pimientok. Datu horiek guztiak batzean konturatu dira suntsipen berri baten aurrean zirela. Itsas ugaztunak izan ziren galera gehien nozitu zutenak. Egin dituzten kalkuluen arabera, mota horretako animalien %55 desagertu ziren. Itsas dortoken %43 desagertu ziren, eta itsas hegaztien %35.

Adituak azaldu duenez, aurreko ikerketetatik abiatuta, bazekiten uraren tenperaturan izandako aldaketek ez zutela iraungipena eragin. «Uste zen glaziazioek ura hoztu zutela, baina ez zen horrela izan», argitu du. «Gure susmoa zen itsas mailan izandako aldaketek iraungipenarekin zerikusia izan zezaketela. Ezaguna da dinosauroen iraungipenetik —duela 65 milioi urte— itsasoaren mailan izan diren aldaketa handienak azken bost milioi urtetan izan direla, hau da, Pliozenoan eta Pleistozenoan».

Suntsipena azaltzeko, ikertzaileek itsas mailaren hipotesiari heldu diote. «Kostaldetik gertu dauden sakonera txikiko uretan bizi ziren animaliek nozitu zuten bereziki iraungipena», azaldu du paleobiologoak. «Aldiro, animalia horiek eskuragarri zuten eremua txikitzen eta handitzen zen. Epe luzera, aukeran zuten eremua txikitu zen, eta, beraz, elikatzeko gaitasuna ere urritu zen».

Adituak azpimarratu duenez, batez ere beren gorputzaren tenperatura erregulatzeko gaitasuna zuten animaliak desagertu ziren. «Gorputzaren tenperatura arautzeko, energia eta baliabide asko behar dira. Aukeran dagoen eremua gutxitzean, baliabideak ere txikitu ziren».

Beste bost suntsipen handiekin alderatuz, suntsipen xumea izan zela aitortu du adituak, baina, halere, garrantzi handikoa izan omen zen. «Itsas espezie handien %30 inguru desagertu ziren, baina horiek betetzen zituzten funtzio ekologikoak oso garrantzitsuak ziren. Ekosistemetako funtzioen %20 desagertu ziren. Aurrekaririk gabeko fenomenoa izan zen».

Bost iraungipenak

Ikerketaren balioa aitortuta ere, funtzio ekologikoen inguruan Pimientoren taldeak emandako azalpenak «oso teorikotzat» jo ditu Estibaliz Apellaniz EHUko geologoak. «Egia da edozein ingurunetan organismo bakoitzak bere funtzioa betetzen duela ekosisteman. Suntsipen masibo baten ondoren, beti dator leherketa ebolutibo bat. Okupatuta ez dauden txokoak eskuratzen dituzte heldu berriek».

Hala erakusten du historia geologikoak. Dinosauroek ere baliatu zuten aurreko suntsipen masibo batean geratu zen hutsunea Lurreko jaun eta jabe bilakatzeko, eta haiek desagertu zirenean ere, ugaztunak atera ziren garaile.

«Normalean, azken 550 milioi urtetik hona bost iraungipen masibo bereizten dira, eta, gaur egun, seigarrenaren atarian egon gaitezke», dio adituak. Duela 250 milioi urte inguru, Paleozoikoaren hasieran gertatutakoa izan zen bortitzena. Adituek diote espezieen %90 desagertu zirela. «Txikizio ikaragarri handia izan zen». Baina, seguruenera, ospetsuena Kretazeoa eta Paleogenoaren arteko mugan —KT muga deritzona— gertatutakoa izan zen. Dinosauroak desagertu zirenekoa, hain zuzen. Hipotesirik zabalduenaren arabera, Yukatan penintsulan (Mexiko) eroritako meteorito batek abiatu zuen hondamendia. Orain onartuta badago ere, aurrenekoz proposatu zenean hipotesiak hautsak harrotu zituela gogorarazi du geologoak: «KT muga horretan buztinezko geruza txiki bat dago. Geruzaren alde batean eta bestean zegoena ikertzean, geologoak konturatu ziren fosil zeharo desberdinak zaudela». Mundu osoko laginetan geruza hori aztertzean, iridio kontzentrazio handiak zeudela ikusi zuten ikertzaileek, eta horren jatorria meteorito batean kokatu zuten, elementu hori urriagoa baita Lurraren azalean.

«Biltzar batean meteoritoaren ideia proposatu zutenean, jende guztia kontra jarri zitzaien. Izan ere, ordura arte, horrelako suntsipenak prozesu gradualen bitartez azaltzen ziren, eta ez bat-bateko hondamendien bidez». Pixkanaka, datu berriek meteoritoaren hipotesia indartu zuten. «Paradoxikoa bada ere, zientzian oso komenigarria da hipotesi baten aurrean beste adituak kontra azaltzea. Horren haritik egiten diren ikerketen ondorioz, ezagutza maila asko handitzen da».

Seigarren suntsiketa baten atarian ote gauden galdetuta, ezkor azaldu da aditua. «Tira, gustatuko litzaidake huts egitea, baina seigarrenaren atarian gaudela iruditzen zait. Gure espeziea izurrite baten modura jokatzen ari da. Gure hazkunde demografikoa zein ekosistemetan egiten ditugun aldaketak hain dira handiak, ezen ekosistema horiek ez baitaukate egokitzeko denborarik».

Catalina Pimientok ere uste du iraganeko suntsipenak ikertzeak zer pentsa eman behar diola gizateriari. «Gaur egun ere gizakiok planetaren habitatak aldatzen ari gara. Gaur egun espezie asko desagertzen ari dira, eta, horren atzean, klima aldaketa, kutsadura eta antzeko faktoreak baino gehiago, habitaten galera dago».]]>
<![CDATA[«Zientzia kritikatu beharra dago, baina koherentzia galdu gabe»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2031/012/001/2017-06-25/zientzia_kritikatu_beharra_dago_baina_koherentzia_galdu_gabe.htm Sun, 25 Jun 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/2031/012/001/2017-06-25/zientzia_kritikatu_beharra_dago_baina_koherentzia_galdu_gabe.htm Zientziaren argi-itzalak liburua.

Aurreko liburu batean, erlijioaren gaia landu zenuen, eta, tartean, zientziarekin izandako tirabirak. Nolakoak izan da harreman horiek?

Gatazkatsuak. Sinesmenak eta usteak liburuan, besteak beste, erlijioaren eta zientziaren arteko harremaei buruz aritu nintzen. Esaterako, erlijioa unibertsoaren antolaketari buruz hitz egitera ausartu da: geozentrismoa edo kreazionismoa aldarrikatu ditu... Garbi dago hor zientziak arrazoia kendu diola, eta bestelako ikuspegi batzuk aurkeztu dituela: eboluzioa eta heliozentrismoa. Ondorioz, erlijioa doktrina hori gabe geratu da; justifikaziorik gabe. Nire ustez, ez dagozkion gaiak hartu ditu bere baitan erlijioak. Gaur egun, adibidez, oso zabalduta dago erlijioari balioen afera dagokiola, eta ikastetxe erlijiosoek hori aldarrikatzen dute askotan: bertan umeak balioetan hezten dituztela. Ni ez nago batere ados.

Zergatik ez zaude ados?

Balioen auzia filosofiak jorratu du betidanik, kristautasuna agertu baino askoz lehenagotik. Aztertu ditut erlijioaren presentzia justifikatzeko erabili diren argudioak eta, nire ustez, gehienak oso txarrak dira. Erlijioaren xarma ez dago ez biologian, ez astronomian, ezta balioetan ere... Nire hipotesia da erlijioaren xarma lotuta dagoela kolektibitate baten identitatearekin, talde bat osatzearekin... Ez da ezagutza kontua. Askotan, erlijiozaleek ezagutzaren ikono gisa aldarrikatu dute erlijioa. Garbi dago gizakiak, neurri handi batean, erlijioa behar duela: kultura gehienetan daude sinesmen erlijiosoak. Misterio handia bada ere, gizakiok fikzioak behar ditugu bizitzeko, eta ematen du erlijioek betetzen dutela eginkizun garrantzitsu hori.

Nola sortu zen zientzia?

Zientzia gizakiak duen premia sinple batetik sortu zen: gizakia oso ahula da, eta inguru basati eta erasokor batean bizi da. Mundu horretan bere bidea egin behar du, eta horretarako ezinbestekoa du inguruan dagoena ezagutzea. Inguruaz hitz egiten dudanean, naturaz eta beste gizakiez ari naiz. Mundua ezagutuz, posible da gauzak ulertzea, azaltzea, interpretatzea, eta ondoren zer gertatu behar den aurretik esateko gai izatea. Eguzkiak zer egiten duen, landareek zer ekartzen duten, beste gizakiek zer-nolako ohiturak dituzten... Hor abiatzen da zientziaren bidea. Gero, ezagutza hori hazi eta sofistikatu da, eta, gaur egun, zientzia instituzio globala bilakatu da. Gauza zoragarriak ekarri ditu, baina botere politiko eta ekonomikoarekin ere katramilatzen da.

Zientziaren inguruan dauden bi jarrera kontrajarriak aipatzen dituzu, hain zuzen ere. Paradisutik aldentzen gaituen mamua, ala paradisura garamatzan zientzia salbatzailea...

Bai. Badira zientzia kritikatzen dutenak, baina gogoratu behar zaie mendebaldean 80 urte bizi garela orain. Joan Afrikara edo zientziaren onura heltzen ez den hainbat lurraldetara, eta ikusiko duzu bertan 40 urterekin bukatu ohi dela bizitza. Zientziarena izugarrizko lorpena da, baina hori ez zen zerutik etorri; medikuntzaren, kimikaren eta biologiaren eskutik etorri zen. Baina gauza positiboak ekarri baditu ere, zientziak badu alde ilun bat; negozio ustelak eta alderdi negatiboak daude: botiken industrian, adibidez. Erabakitzeko orduan ere, arazoak daude. Gai ezberdin asko daude ikertzeko, baina horietako asko alde batera uzten dira. Kosmetikoak ikertzen dira, baina gaixotasun hilgarrienak oso gutxi ikertzen dira. Finean, zientziagintza botere ekonomikoen eta politikoen inguruan dagoen makina erraldoi horrekin ere nahastuta dago. Ezin dugu irudikatu zientziagintza modu bakandu batean. Baina ez ditut gustuko zientzia ustelkeria hutsa dela zabaltzen duten diskurtsoak. Egunen batean kapitalismoa desagertuko balitz, zientziak jarraituko luke. Ez dakit zer motatako zientzia litzatekeen, baina ikerketak jarraitu egingo luke. Jende askok uste du zientzia eta kapitalismoa gauza bera direla, baina hori ez da egia. Egun konplize izan daitezke, baina zientzia kapitalismoa baino askoz ere lehenago jaio zen.

Zientziak feminismotik eta ekologismotik jaso dituen hainbat kritika aipatzen dituzu liburuan. Nola baloratzen dituzu?

Feminismoaren barruan, oso kritika desberdinak proposatu dira. Horietako batzuk zentzudunak iruditzen zaizkit, baina beste hainbatekin ez nago oso konbentzituta. Gaur egun, feminismoan zientziaren inguruko eztabaida ugari daude, eta zeharo jarrera bateraezinak dira. Feminismo klasikoak aldarrikatzen du emakumearen presentzia zientziagintzan, estereotipoetan sartu gabe. Baina proposatu da ere, adibidez, zientzia berri bat bultzatu behar dela, ikuspuntu femenino batetik. Horrekin ez nago ados. Antzeko zerbait dago ekologismoan. Oso kritika zentzuzkoak egin dira, baina beste askotan zientzia kapitalarekin identifikatu dute; ez dira konturatzen gaur egun ditugun arazo ekologikoak direla-eta zientziaren premia daukagula. Klima aldaketaren auziari aurre egiteko zientzia behar dugu; agian beste mota batetako zientzia, baina zientzia, azken finean. Askotan, planteamendu inozoak egiten dira, kritika mutur batera eramaten da. Hori da beste kontu bati buruz hitz egitea, baina ez zientziaz. Zientziari egin zaizkion kritiketan, batzuetan, koherentzia galtzen da.

Herritarrek, oro har, zientziaren inguruko gaietan erabakitzeko gaitasunik ba al dute?

Ideia batzuk garatzen ari dira horren harira, baina, oro har, gaur egun egiten diren aurkikuntza eta berrikuntza guztiak eginda datozkigu. Horren ondorioz, gure bizitzan, ohituretan eta harreman sozialean bete-betean sartzen dira berrikuntza horiek, baina horien inguruan oso kontrol gutxi daukagu. Askotan, diru publikoa erabilita ere, herritarrek ez dute inolako erabaki ahalmenik ikerketa lerroak erabakitzeko. Ondorioz, egoera paradoxikoa sortzen da: ematen diguten guztia xurgatzen dugu , baina ez dugu parte hartzen erabakietan.

Hain zuzen ere, zientziaren «itsasontzia» eskifaiaz ahaztu dela diozu...

Gaur egun ezagutzaren mapa hain da konplexua ezen kontrol gutxi baitaukagu mapa horren gainean. Ikerketa leku guztietatik doa aurrera etengabe, baina, askotan, ezinbesteko galdera falta da. Zertarako ikertzen da hau edo bestea? Honek onik egingo al dio munduari? Itsasontziaren analogia baliatu dut azaltzeko zientziaren itsasontzia gero eta ziurrago doala, eta gero eta hobeto egiten diola aurre itsasoari. Baina, nora doa? Zeren arabera erabakitzen dugu ikertzea kosmetikoetan eta ez eritasunetan? Ikerketaren helburua jendearen zoriontasunarekin lotu behar da? Egun ikerketa bultzatzeko erabiltzen diren irizpideak teknologikoak, ekonomikoak eta enpresarialak dira. Irizpide humanistak falta dira.

Hau guztia Filosofia fakultate batean diozu —EHUren Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egin zen elkarrizketa—.

Bai, baina ez da soilik filosofia kontua. Beste humanitateek ere zeresana dute. Kontua ez da soilik humanitateak baztertzen direla berehalako etekinik ez dutela ekartzen argudiatuta. Fisika teorikoa bera eta oinarrizko ikerkuntza ere egoera latzean daude. Ingeniaritzak eta halako diziplinak bultzatzen dira askotan. Ados nago, baina beste diziplinak ere behar ditugu. Funtsean, balioen inguruko eztabaida da hau. Zer-nolako mundua nahi dugu? Hezkuntzan, ikasgai batzuk hobesten dira; beste batzuk, berriz, gutxiesten dira. Azken finean, balio ekonomiko, teknologiko eta enpresarial horiek nagusitzen ari dira. Horren ondorioak oso latzak izan daitezke. Gauden munduan gaudela, horrelako balioak lehenesten badira, mundua txarrera doa. Agian itsasontzia amildegira doa, eta konturatu ere ez gara egin. Humanismorik gabe, zientzia galduta dago.]]>
<![CDATA[Faltsukerien aurkako txertoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1966/012/001/2017-06-18/faltsukerien_aurkako_txertoa.htm Sun, 18 Jun 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/1966/012/001/2017-06-18/faltsukerien_aurkako_txertoa.htm O eta ingurumen kutsadura besterik ez dagoela ikusiko litzateke. Baina sinestunari hori ez zaio axola. Ur horrek mina kentzen duela sinetsiko du. Dena dela, aita santuek ere onartzen dute medikuntzaren balioa, eta, osasun arazoak izatekotan, Erromako Gemelli klinikara jotzen dute normalean, gurutzea albo batean eta elektrokardiografoa bestean.

Inork ez luke espero botika batean Unbeko ura aurkitzerik. Analisi kimiko batek atzera botako luke. Baina horrelako zerbait topa daiteke Euskal Herriko botiketan. «Zientziaren oinarrizko printzipio guztien aurka doa homeopatia», azaldu du Josu Lopez-Gazpio EHUko kimikariak. «Argi dago ustezko sendagai horietan ez dela geratzen printzipio aktiboaren molekula bakar bat ere». Adituak azpimarratu duenez, homeopatian oinarritutako produktuek ez dituzte igarotzen sendagaiek gainditu behar dituzten testak. «Badirudi farmazietan saltzeagatik berme bat izan beharko luketela, baina ez da horrela. Saltzen dutena, finean, ura eta azukrea besterik ez da».

Plazebo efektua

Lopez-Gazpiok adierazi duenez, produktu horietan ez dago printzipio aktiborik. Baina, horrez gain, inoiz ez da frogatu plazebo efektua baino eraginkorragoak direnik. Hala ere, beraiei «funtzionatu» egiten diela azaltzen dute pertsona askok. Zergatik? Arrazoi asko eman ditu adituak. Batetik, plazebo efektua bera: «Frogatuta dago fedeak eragina daukala sendatzeko orduan». Bestetik, jende askok osagarri modura hartzen du, ohiko botikekin batera: «Laguntzeko edo». Hobekuntza homeopatiari aitortzen diote gero.

Ez dira arrazoi bakarrak. Kimikariak batez bestekora itzultzea deituriko fenomenoa ere aipatu du. «Gaixotasun kroniko asko ziklikoak dira. Sasiterapia hartzen hasten zarenean, normalean gaixotasunaren unerik txarrenean hartzen duzu. Zikloaren barruan, normalena da hobera joatea, eta, ondorioz, hartutako ustezko sendagai horri atxikitzen zaio sendatzeko gaitasuna». Kontrolak modu zorrotzean egiten direnean, berriz, efektu hori bertan behera geratzen dela esan du.

Azkenik, eta ohiko botikekin alderatuz, homeopatiari abantaila bat aitortu dio: albo ondoriorik ez du. «Nola izango du ba, ura eta azukrea besterik ez bada?». Ebidentzian oinarritutako medikuntzak mugak dituela gogoratu du adituak. «Argi dago ez daukagula gaixotasun guztiak sendatzeko hagaxka magikorik. Horregatik, hainbatek jotzen dute homeopatiara edo antzeko sasi medikuntzetara».

Albo ondoriorik gabeko ura eta azukrea, beraz. Zer kalte egin dezake? Maiatzean Italia aztoratu zuen gertakaria erantzun bat izan liteke. Antibiotikoa erabili beharrean, otitis larria zuen zazpi urteko ume bat homeopatiarekin besterik ez zuten tratatu gurasoek, eta hil egin zen. «Gezur batean oinarritutako botika batek beti egingo du kalte», ohartarazi Eider Carton Elhuyar Zientziako kazetariak. «Beste sineskeria batzuen aurrean ahulago bilakatzen gaituelako. Homeopatia probatzen duzun modu berean, beste gauza batzuk probatzen dituzu. Normalean ez dago inor homeopatia hartu eta beste sasiterapiak ukatzen dituena. Lotuta doaz».

Cartonek gertutik aztertu ohi du sasiterapien inguruan gertatzen dena. Esaterako, maiatzean Josep Pamies enpresari eta petrikiloa Euskal Herrira zetorrela entzun zuenean, «sustoa eta pena» hartu zituela adierazi du. «Gainera, nire herrian [Hondarribiaz ari da] dagoen udal areto nagusian izan zen; eta gela bete zen». Cartonek udalera jo zuen, horren aurka protesta egiteko. «Oraindik erantzunaren zain nago», mintzo da, kexu.

Ausardiaren beharra

Nolatan, ba, horrenbeste kezka hitzaldi bat dela eta? Ez al da Josep Pamies multinazionalen aurkako ekintzaile bat, gizarte justuago baten alde lanean ari dena? «Ez gara ari ikuspuntuez edo iritziez hizketan. Datuen eta frogen inguruan hitz egiten ari gara. Gizon honek ukatu egiten ditu frogatuta dauden gauzak», erantzun du Cartonek.

Pamies Horticoles enpresako buruaren esanak ezagunak dira. Esaterako, esaten du GIBaren edo C hepatitisaren birusak ez direla isolatu, eta sendabelarren bitartez senda daitezkeela. Ebola sendatzeko giltza ere baduela dio. Are gehiago, bere inguruan eratutako Dolça Revolucio elkartearen webgunean minbizia sendatzeko sendabelarrak eros daitezke: 8 euroren truke. Aste honetan bertan, azken mezu «lasaigarri» bat zabaldu du: «Azaleko Minbiziaren Nazioarteko Egunean, berriro diot: eguzkia ez da minbizi eragilea; agian bai, hein batean, eguzkitik babesteko kremak».

Cartonek argi du erakunde publikoek ez lioketela hausporik eman behar horrelako mezuak zabaltzen dituen pertsona bati. Ausardia eskatu du. «Agian erakundeek beldurra diote espazio publiko bat ukatzeari. Baina pentsa, esaterako: zer gertatuko litzateke holokaustoa inoiz ez zela existitu dioen pertsona bat etorriko balitz? Ez dut imajinatzen horrelako pertsona batek hitzaldi bat ematea lortuko lukeenik, gizartean badagoelako adostasun bat horren inguruan: inork ez du izan nahi horrelako ukazio baten konplize. Baina zientziak ez du lortu estatus hori, eta Pamiesen gisako pertsonek askatasun handia daukate gezurrak zabaltzeko».

Kultura zientifikoa sustatzeko premia azpimarratu du Cartonek, baina zientziaren komunikazioan ere autokritika egiteko beharra dagoela uste du. Besteak beste, zientziaren inguruan dauden puntu ilunak salatzeko: «Zientziaren komunikazioan aritzen garenoi autokritika pixka bat egitea tokatzen zaigu, nola lortu diskurtso zientifikora erakartzeko zail diren lagun horiengana iristea. Irainen bidez kontra eginez gero, ez dugu ezer lortuko. Lubakitik lubakira, ez dugu aurrera egingo. Beste bide batzuk aurkitu behar ditugu harrapatoki horiek guztiak desaktibatzeko. Iruzurgile horiek lau pertsona engainatzeko aukera izan dezaten, eta ez ehun mila».

Izan ere, kultura zientifikoaren aldeko lanak oztopo ugari ditu. Pamiesi gorazarre egiten dioten artikuluak, esaterako, hainbat hedabidetan irakur daitezke, eta komunikabide handietan aurpegi ezagunek oso erraz zabaldu ditzakete sineskeriak. Javier Cardenas Espainiako telebista publikoko aurkezle ezagunak duela gutxi esandakoa da, esate baterako, azken adibidea: txertoen eta autismoaren arteko ustezko lotura hizpide izan du irrati batean.

Lopez-Gazpiok gogora ekarri du noizean behin zabaltzen den uste faltsu horren jatorria. «Andrew Wakefield izeneko zientzialari batek egindako ikerketa batean oinarritzen da. Baina gero frogatu zen ikerketa hori iruzurra izan zela, eta datu faltsuetan oinarritu zuela». Ondorioz, artikulua argitaratu zuen aldizkariak, The Lancet-ek, artikulua errefusatu egin zuen.

Kimikariak uste du irmo hitz egin behar dela halakoen inguruan: zalantzari zirrikiturik utzi gabe. «Ondo frogatuta dago txertoek funtzionatzen dutela. Ekarri dituzten onurak izugarriak izan dira. Jules Hoffmann Medikuntzako Nobel saridunak argi dio: 'Txertoek 1.500 milioi bizitza salbatu dituzte, eta umeak ez txertatzea krimentzat jo behar litzateke'».]]>
<![CDATA[Espazioa ere gudu zelai]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1850/016/001/2017-06-17/espazioa_ere_gudu_zelai.htm Sat, 17 Jun 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/1850/016/001/2017-06-17/espazioa_ere_gudu_zelai.htm NROL-76 satelite militarra izan zen. Orain arte, inork ez du eman horren inguruko azalpen ofizialik. Estazioko tripulazioak ere ez du tutik esan.

Hurbilketa horren haritik, espekulazioak barra-barra zabaldu dira, eta hipotesi asko jarri dira mahai gainean: batzuek uste dute estatubatuarrek espazio estazioa erabili dutela beren sateliteko tresneria probatzeko, inori azalpenak eman gabe. Beste batzuek, ordea, hurbilketa eskupetik Errusiarekin hitzartu dela pentsatu dute; hori egin ezean, talka diplomatiko larria egongo zelakoan. Hirugarren aukera: kasualitate hutsa izatea.

Kontsultatutako adituak bat datoz: kasualitatea izan litekeela onartu dute, baina guztiek susmoa agertu dute. «Nahita izan bazen, satelitearen barruko sentsoreak eta bestelako teknologiak probatzeko izango zen, seguruenera», esan du Steven Aftergoodek, zeinak gobernuaren jarduera sekretuen jarraipena egiten duen AEBetako Zientzialarien Federazioan. Astronautikako aditu Daniel Marin astrofisikariaren esanetan, berriz, baliteke estatubatuarrek mezu bat bidali nahi izana. «Bestela, ez du zentzutik satelite sekretu baten inguruko arreta erakartzeak. Sentsoreak kalibratu nahi badituzte, espazio estazioaz gain, beste objektu asko daude aukeran». Norentzako mezua, ordea? «Agian Errusiarentzat, espazio estazioan parte hartzen duelako. Baliteke mezu adiskidetsua izatea, baina baita Errusiaren aurkakoa izatea ere. Kontuan hartu behar da Errusiak ez duela ezer esan, eta espazio estazioa nazioarteko egitasmo zibila dela».

Nazioarteko segurtasuneko aditu Gerald Stang analista ere zuhur agertu da. «Hori benetan hedabideek dioten moduan gertatu bada, niretzat sorpresa litzateke espazio estazioaren inguruan dagoen mugimendu bat kasualitatea izatea».

Datuak, argitara

Gertakariak agerian utzi du espazioa gerra zelaia dela oraindik ere, eta hor goian benetan gertatzen denaren inguruan ezer gutxi zabaltzen dela. Halere, eta mundu osoko zaleei esker, pixkanaka ateratzen ari dira argitara sekretupean aritzen diren objektu horien inguruko datuak.

«Teknologiaren garapena ikusita, eta espazioa gero eta objektu gehiago egonda, gertuko operazio horiek gero eta maizago izaten ari dira», azaldu du Stangek. Era berean, horrelako gertakariak gero eta gehiago azaleratzen direla dio adituak, «zerua eskaneatzeko teknologia gero eta sofistikatuagoa bihurtzen ari delako».

Teknologia horri esker jarraitu izan zaie X-37B espaziontziaren orbitei. Maiatzaren hasieran lurreratu zen, Floridan (AEB), espazioan 718 egun eman ondoren. Itxuraz, transbordadore baten antza dauka, baina txikiagoa da, eta autonomoa. Orain arte lau hegaldi egin ditu, baina inork ez daki zehazki zer egiten duen. Pentagonoaren arabera, teknologia berriak probatzeko tresna da ontzia. Marinek zalantzak ditu. «Tira, militarrek normalean ez dute esaten egia; behintzat, ez guztia. Bereziki, Pentagonoa izugarri trebea da egiak erdipurdika zabaltzen; eta, askotan, sekretu bat ezkutatzeko modurik onena guztien aurrean jartzea da». Ontziak soto txiki bat duela gogoratu du adituak: bertan sartzen dutena ezezaguna da.

Hala ere, Marinen arabera, Lurretik ontziaren jarraipena egin dutenek ez dute antzeman X-37B beste sateliteren batera hurbildu denik. «Ez dirudi, beraz, espioitza egiteko erabiliko dutenik. Izan ere, horretarako satelite mordo bat daukate. Tartean, komunikazio elektronikoak zelatatzeko sateliteak, ehun metro baino gehiagoko antenak dituztenak». AEBek ere GSAP satelite programa dutela gogoratu du, beste sateliteak zelatatzeko gai direnak. «Horiek, ordea, ez dute horrenbesteko atentzioa erakartzen».

Azken hilabeteotan beste satelite errusiar batek ere maniobra bitxiak egin dituela azaldu du adituak. «Halere, errusiarrek espaziorako duten aurrekontua ezin daiteke alderatu AEBek duten diru mordoarekin. Baina atzean ez geratzen saiatzen ari dira».

Estatubatuarren antzera, errusiarrek ere satelite interzeptoreak dituztela uste da, beste sateliteak zelatatzeko eta agian bertan behera uzteko ahalmena dutenak. Txinako espazio programa ezezagunagoa bada ere, herrialdearen rola ere gero eta garrantzitsuagoa da. Horren adibide da satelite bat txikitzeko 2007an egin zuten indar erakustaldia. Ordura arte, AEBek baino ez zuten garatua satelite bat akabatzeko teknologia. Estatubatuarrek 1985ean erakutsi zuten ahalmen hori, Soldwind izeneko satelite propioa birrindu zutenean. F-15 hegazkin batetik botatako misil bat erabili zuten. 2008an, bigarren aldiz egin zuten, USA-193 satelitea txikituz.

Urte bat lehenago txinatarrek erabilitako estrategia, ordea, bestelakoa izan zen: energia zinetikoa baliatu zuten. Funtsean, objektu bat jarri zuten orbitan, haien satelite batekin talka egiteko toki aproposean. Orbitan diren abiadurak hain dira handiak ezen, talka izanez gero, erraz txikitzen baitira.

Espazioan lortzen den abiadura bera ere, beraz, arma bat izan daiteke. Laserrak baino askoz eraginkorragoak, gainera. Izan ere, behar adinako energia duen laser arma bat lortzea ez da erraza. Militarrentzako aholkulari lanetan aritzen den RAND Corporation enpresak 2002an egindako estimazio baten arabera, arma gisa balio duen laser tramankulu bat eraikitzeko gutxienez 10 metro diametroko optika duen tresna bat beharko litzateke. Energia zinetikoak, aldiz, ez du horrenbesteko teknologiarik eskatzen.

Ahaztutako egitasmoak

Funtsean, objektu bat orbitan jarri eta jomuga baten aurka abiatzea da estrategia. Txinak egin zuen moduan, satelite bat txikitzeko erabili daiteke, baina proposamen zitalagoak jarri dira mahai gainean. Famatuena «jainkoaren makilak» izenekoak erabiltzeko egitasmoa izan zen. AEBetako Defentsa Estrategikorako Ekimenean —Ronald Reaganen «galaxien gerra» ezaguna— proposatu zuten hori. Wolframez egindako ziri handiak orbitan jartzea zen asmoa, Lurreko jomuga baten aurka erabiltzeko. Aurreikuspenen arabera, arma zinetiko horiek bonba nuklear txiki baten eragina izango lukete, baina kutsadura eragin gabe. Beste proiektu asko bezala, egitasmoa Pentagonoaren mahaietan geratu zen, eta, antza, horrelakorik inoiz ez da fabrikatu.

Gerra Hotzean espazioa armaz beteko zela uste bazen ere, gaur egun espazioaren militarizazioa inteligentzia eta komunikazioaren alorretara mugatu dela dirudi. Ideia hori azpimarratu du Aftergoodek. «Guk dakigula, oraindik ez da egon armatze bat espazioan». AEBetako sekretismoa gertutik ezagutzen du adituak. Izan ere, bera izan zen duela ia hogei urte aurrenekoz CIAren aurrekontuak argitara ateratzea lortu zuena. 2006an antzeko demanda bat irabazi zuen, kasu honetan, satelite espioiez arduratzen den NRO Miaketarako Bulego Nazionalaren programa sekretuak desklasifikatzeko. Esperientzia horretan abiatuta, eta beste hainbat herrialdetako espazio programekin alderatuz, programa estatubatuarrak «gardentasun pixka bat» baduela onartu du. «Errusiako eta Txinako programei buruz ez da horrenbesteko informazioa ematen». Sekretismoa egonda ere, nazioarteko kolaboraziorako aukera badagoela uste du Aftergoodek. «Inoiz baino beharrezkoagoa da, gainera. Espazio zaborraren aurka jotzeko eta esplorazio eta garapen komuna sustatzeko».

Radio Skylab podcastean eta Eureka blogean aritzen den Marin ez da hain baikorra. «Espazioa kolaboraziorako tresna bihurtu dela esatea gustatuko litzaidake. Baina potentziek gero eta dependentzia gehiago daukate sateliteekiko, eta horien aurkako edozein eraso gerra pizteko modukoa izan liteke». Dependentzia horretaz jabetuta, potentzia handiek horri aurre egiteko programa bereziak dituztela azaldu du astrofisikariak. «Haien sateliteak erasotuak izatekotan, AEBek eta Txinak komunikazio satelite berriak ahalik eta azkarren orbitan jartzeko programa zehatzak dituzte, kostu gutxiko suziriak erabilita. Bide horretan, komunikazioak berreskuratzeko aukera izango lukete, baita sistema goiztiarreko alertak berriro martxan jartzeko modua ere». Hori izan ezean, arazoak izango lituzkete. «Adibidez, soilik GPS sistemako bospasei satelite galduta, estatubatuarrek haien sistemetako zehaztasuna galduko lukete. Pentsa, GPSa ez da soilik erabiltzen nabigaziorako, kontinente arteko misilek edota gidatutako lehergailuek funtzionatu ahal izateko horren beharra dute».

Gardentasunerantz

Politika zehatzei dagokienez, Europako Batasunak eta beste potentziek espazioari lotutako segurtasuna bultzatu behar dutela dio Stangek. Europaren egoera gertutik ezagutzen du adituak. Izan ere, iaz gaiari buruzko txosten bat idatzi zuen EUISS Europako Batasuneko Segurtasun Instituturako. Analistak dioenez, «espazio jarduerei buruzko informazioa zabaldu behar da, gaizki-ulertzeak ekiditeko, istripuen aukera gutxitzeko eta espazioa gatazkarako eremua bihur ez dadin». Haren ustez, Galileo eta Copernicus satelite programei esker, Europa aktore garrantzitsua bilakatu da espazioaren arloan. Bertako jarduerak ezkutatzea gero eta zailagoa dela dio adituak. Ondorioz, «oinarrizko gardentasuna eta konfiantza eraikitzeko neurriak» beharrezkotzat jo ditu.

Ez dirudi erronka erraza denik: zenbakiak ikustea besterik ez dago. UNOOSA Nazio Batuen Espazio Gaietarako Bulegoaren arabera, 2017ko maiatzera arte, gizakiak 7.710 objektu artifizial jaurti ditu espaziora. Hainbatek mundu urrunetarako bidea hartu badute ere, gehienak Lurraren inguruan satelite gisa gelditzeko diseinatu dira: halako 4.486 objektu daude. Horietatik, 618 ez daude erregistratuta Nazio Batuek duten datu base ofizialean.

Espazio objektuen jarraipena egiten duen N2YO datu basearen arabera, 556 satelite militar daude zeruetan; askotan, ordea, izaera zibilaren eta militarraren arteko aldea oso lausoa da, eta zenbakia, hortaz, handiagoa izan liteke. Horietako edozein izan daiteke gatazka berrietarako aitzakia ala nazioarteko segurtasuna bultzatzeko tresna.]]>
<![CDATA[Einsteini arrazoia, berriro ere]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2131/012/002/2017-06-11/einsteini_arrazoia_berriro_ere.htm Sun, 11 Jun 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/2131/012/002/2017-06-11/einsteini_arrazoia_berriro_ere.htm
Einsteinen teoriaren arabera, objektu erraldoi batetik gertu igarotzean, argi izpiak desbideratu beharko lirateke. Objektuaren masak sortzen duen espazioaren kurbadura da desbideratzea horren erantzule. Eguzki eklipse horretan, zeruan marraztutako zirkulu ilunetik gertu zeuden izarren posizioa neurtu zituen Eddingtonek. Sei hilabete geroago, eguzkia bertan ez zegoenean, berriro ere neurtu zuen izar horien kokapena, eta, era horretan, bi kokapenen arteko aldea neurtu ahal izan zuen: hasierako neurketan, eguzkitik gertu igarotzean, izarren argia desbideratzen zela ikusi zuen. Einsteinek, beraz, arrazoia zuen.

Urte batzuk geroago, 1936an, Einsteinek berak esperimentu bat irudikatu zuen Science aldizkarian, baina onartu zuen ezinezkoa izango zela esperimentu hori egitea. Horretan erratu egin zen. Izan ere, 80 urte geroago, esperimentua egin dute; emaitzak asteon plazaratu dituzte Science aldizkari berean. Espazio Teleskopioa Zientzia Institutuko (AEB) Kailash Chadra Sahu adituak gidatu du lana. Zientzialariek lerrotzeak bilatu dituzte 5.000 izarretan baino gehiagotan. 2014ko martxoan konturatu ziren Stein 2051 B izarraren kokapena egokia zela, hondoan zegoen beste izar baten aurrean zegoelako. Hubble espazio teleskopiora jo zuten orduan, ahalik eta behaketa zehatzenak egiteko. Denboran zehar, hondoko izarraren itxurazko kokapenean suertatzen ziren aldaketa ñimiñoak neurtu zituzten orduan. Datu horiei esker kalkulatu ahal izan zutenez, Stein 2015 B izarraren masa eguzkiaren masaren %68 da.

Desbideratze txikia

INAOE Mexikoko Astrofisika, Optika eta Elektronika Institutu Nazionalean lanean ari den Itziar Aretxaga astrofisikariak azaldu ditu esperimentuaren nondik norakoak: «2014an Hubble-ek egin zituen behaketen arabera, Stein 2015 B izarraren grabitazio eremuak atzean zegoen izarraren irudia bi milisegundoz desbideratu zuen». Aretxagak azaldu duenez, zientzialariek «galaxiako izar konpaktu baten masa neurtu dute, izarrak eragiten duen grabitazio leiarra erabiliz». Grabitazioak argia desbidera dezakeela gogoratu du astrofisikariak.

Zeruan marrazten diren leiar horiei esker, zientzialariek aukera dute orain arte ikusterik ez zeuden hainbat objektu ikusteko. Aretxagak berak parte hartu zuen, 2013an, Magallaesen hodeien atzean teknika horri esker «ikusi» ahal izan zen galaxia baten aurkikuntzan. Galaxia multzo baten atzean baina askoz urrunago dauden beste galaxien itxura aldatu zuen leiarrak. Beraz, leiar natural horiek astrofisikariei aukera ematen diete beste era batean eskura izango ez luketen informazioa jasotzeko.

Aretxagaren arabera, aurkikuntzak Hubble teleskopioaren ahalmena ere agerian uzten du. Baina harago ei doa esperimentuaren garrantzia: «Lehenengoz neurtu da halako desbideratze bat izarren artean, eta horrek izarren masa neurtzeko beste metodo bat ahalbidetzen du. Hori dela medio, nano zuri baten masa zehaztasun handiz neurtu dute, eta nano zurien egitura materia endekatuaz sostengatzen dela frogatu dute, beste zenbait modelo arbuiatuz». Ricardo Hueso EHUko fisikariaren hitzetan, interesgarria izateaz gain, artikulua «polita» ere bada. «Erlatibitate orokorraren efektu fisiko bat behatzen den lehenengo aldia da. Einsteinek teoria proposatu zuenean, grabitatea nolakoa den azaltzen zuen, baina oso teoria matematikoa zen. Horregatik, oso esperimentu gutxi egin zitezkeen hori frogatzeko». Hortik abiatu zen eguzki eklipsearen esperimentua. «Horri esker, Einsteinek fisikan izugarrizko ospea lortu zuen».

Science aldizkarian argitaratu duten azken esperimentu horri esker, astrofisikariak izar nanoaren masa «zehaztasun handiarekin» neurtzeko gai izan direla azpimarratu du Huesok. Masa hori zehaztea ez da anekdotikoa; izarren eboluzioaren inguruan dauden teoriak baieztatzeko bidea ematen duela nabarmendu du fisikariak. «Horren inguruan egin diren azken neurketek arazoak sortu dituzte. Stein 2051 B izarra berezia da, Lurretik gertuen dauden izar nanoetako bat delako. Oso izar zaharra zela uste zen, ia galaxia bezain zaharra; orain, neurketa zehatz berri horri esker dakigunez, badakigu izar nano arrunta dela». Huesok azpimarratu duenez, orain zientzialariek badakite izar nanoen sorrera azaltzeko erabiltzen diren teoriek ondo funtzionatzen dutela. «Funtsean, izarrak nola jaio, bizi eta hiltzen diren azaltzeko dauden teoriak berresten ditu aurkikuntzak, masa horren neurria bat datorrelako teorian izar mota horiek duten portaerarekin».

Izar hilotzak

Izar baten masa kalkulatzea oso konplikatua dela azaldu du fisikariak. Tamaina kalkulatzea, ordea, errazagoa da. Lehenik, distantzia eta izarraren tenperatura zehaztu behar dira. Bi datu horiek jakinda, izarraren distira neurtzen da: distira eta distantzia jakinda, tamaina kalkula daiteke. Azken aurkikuntza horrek hori egiteko beste era berri bat dakar. Halere, ez da erraza bi izarren arteko lerrotzeak topatzea.

Izar nano horiek, funtsean, izarren hilotzak dira. Izarrei erregai nuklearra bukatzen zaienean, nano zuri bihurtzen dira. Eguzkia ere, hemendik 5.000 miloi urtera, halako izar bat bihurtuko da. Aurretik, ordea, erraldoi gorri bihurtuko da, eta Lurra irentsiko du, ezinbestean. Ordurako, gizakiak Lurretik alde egiteko bidea topatu behar du, beste izar baten inguruan aterpea bilatzeko. Askok ezinezkotzat jotzen dute aukera hori, baina 5.000 milioi urteko tartea dago bidaia prestatzeko. Izan ere, Einsteinek duela 80 urte ezinezkotzat jotzen zuena lortu da. Ez dirudi marka txarra denik.]]>
<![CDATA[Izar zirraragarriena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1984/016/001/2017-06-04/izar_zirraragarriena.htm Sun, 04 Jun 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/1984/016/001/2017-06-04/izar_zirraragarriena.htm Tabbyren izarra izenarekin ospetsu egin da. Portaera bitxia du, eta, horregatik, astronomoak eta zaletuak guztiz liluraturik daude. Izugarrizko iluntzeak gertatzen dira han, baina zientzialariek ez dakite zergatik. Izan ere, distira aldaketa horiek ez dute jarraitzen inolako eredu ezagunik.

Lehen datuak Kepler teleskopioaren bidez eskuratu ziren, baina exoplanetak bilatzen dituen espazio teleskopioaren arduradunak ez ziren jabetu zer gertatzen ari zen KIC 8462852 izarrean. Kepler teleskopioak izarretan distira aldaketak bilatzen ditu, izarraren inguruan orbitatzen ari diren planetak atzemateko. Izarraren «aurretik» igarotzean, planetek izarraren argiaren zati txiki bat estaltzen dute; hala topatzen dira exoplanetak. Iluntze txiki horiek %1ekoak izan ohi dira, baina Tabbyren izarra %20 inguru ilundu da. Teleskopioak ez zuen hori «ikusi» ere egin, horrelako aldaketa bat pentsaezina zelako.

Aurkikuntza Tabetha Boyajian astronomoak koordinatutako zaleen talde bati esker egin zen —hortik datorkio Tabby goitizena—. 2015eko irailean anomalia horren berri eman zuten, eta, ordutik, mundu osoko astronomoak zoratuta daude misterioarekin.

Alarmak pizten

Horietako bat da Kanariar uharteetako (Espainia) Astrofisika Institutuko ikertzaile Marian Martinez. Hain justu, Mercator teleskopioarekin izarra ikertzen ari zenean gertatu zen azken ilunaldia, maiatzaren erdialdean. Aitortu du une polita izan zela, baina «nahiko gaizki» ere pasatu zuen: «Normalean, lasaiago lan egiten dut; ez nago ohitua hain azkar eta presiopean lan egitera». Ulertzekoa da urduritasun hori. Martinezen taldekoak mundu mailako aurre alarma piztu zuen, Tabbyren izarretik zetozkien datuetatik zerbait gertatzear zegoela aurreikusi baitzuten. Hollywoodeko filmetan bezala, abisua mundu osoko astronomo taldeei pasatu zieten. Eta izarra berriro ilundu zen.

Heliofisikan aditua da Martinez, eta ikuspuntu horretatik ikertu du izarra, erantzunak topatzeko asmoz. Eguzki sisteman jazo ohi dena gogoan, izar horretan ere magnetismoa ote dagoen ikusi nahi du, eta, horretarako, izarraren azalean egon daitezkeen balizko orbanak bilatu nahi ditu. Hori izan liteke misterioa argitzeko aukeretako bat: orban erraldoiren batek halako iluntzeak eragitea. Eskuratu dituzten datuekin lanean ari dira oraindik, baina adituak aitortu du oso zaila izango dela misterioa argitzea. «Egia esan, izar hau ikertzen ari garen guztiok ez dakigu oso ondo zehazki zeren bila ari garen».

Planeta erraldoia

Orain arte plazaratu diren beste azalpen batzuen artean, Martinezek aipatu du Valentziako astronomoek (Herrialde Katalanak) berriki zabaldutako hipotesia. Astronomoen artean dagoen zirrara hain da handia, ezen zientziaren erritmoak ere azkartu diren, eta, artikulua zientzia aldizkari batera bidali badute ere, horren kopia bat Arxiv izeneko biltegi irekian sartu dute: ahalik eta lasterrena zabaltzeko. Martinezek gustura leitu du. Orain arte irakurri duen «azalpenik zentzuzkoena eta politena» da. Funtsean, astronomo horiek diote asteroidez inguratuta dagoen planeta erraldoi batek sortzen dituela iluntzeak.

Artikulu horren egile nagusia da Valentziako Unibertsitateko Fernando Ballesteros astrofisikaria, eta hari ere ahotsean nabari zaio zirrara eragiteko modukoa den zerbaiten atzetik dabilela. «Urtebete inguru daramagu gaia lantzen. Izarra orain berpiztu denez, berandu izan baino lehen artikulua argitaratzea erabaki dugu». Hipotesiaren nondik norakoak azaldu ditu: «Tabbyren izarretik datorren argiaren analisian oinarrituta, oso ezberdinak diren bi igarotze azaltzen dira. Horietatik lehenak kurba leunagoa du, eta hori simetrikoa den objektu baten zantzua izan zitekeen. Logikaren bidea jarraituz, eta ezer arraroa bilatu gabe, halako itxura izan dezaketen objektuak bilatzeari ekin diogu. Bururatu zaigun lehen gauza izan da Saturno planetaren antzeko objektu bat: eraztunak ditu, eta pixka bat makurtuta dago. Simulazioak egiteari ekin genionean, konturatu ginen halako batek oso ondo bat egiten zuela ereduarekin». Planeta erraldoiek, ordea, haien orbita bera jarraitzen duten asteroide troiarrak izan ohi dituzte inguruan. Horrek azalduko luke, hipotesi horren arabera, bigarren kurba. «Asteroide horiek aurretik eta atzetik dabiltza, normalean planetarekiko 60 graduko tartean kokatuta. Jupiterrek, esaterako, halako asteroide troiar asko dauzka».

Ustezko planeta horren tamainak, ordea, izugarri handia beharko luke. «Eraztunen tamainak eta asteroide kopuruak ere izugarri handiak izan beharko lukete». Oraindik eratzen ari den Jupiterren antzeko planeta bat dela proposatu du Ballesterosek. «Gazte direnean, planeta horien tamaina askoz handiagoa da, oraindik oso bero daudelako». Ahalik eta eredu sinpleena egiten saiatu direla dio astrofisikariak, aurreikuspenak egiteko modukoa. Planetak hamabi urteko orbita duela kalkulatu dute. «Gure aurreikuspenen arabera, 2021ean aurretik doazen asteroide troiarrak igaroko dira berriz, eta, 2023an, planeta igaroko da». Beraz, uste dute datozen lau urteetan izarrak ez duela iluntzerik izango. «Iluntzeren bat gertatuz gero, gure hipotesia bertan behera geratuko litzateke». Itxaronaldia ez da lasaia izango.]]>
<![CDATA[Izoztutako erregaien lehia berria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2031/016/001/2017-05-28/izoztutako_erregaien_lehia_berria.htm Sun, 28 May 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/2031/016/001/2017-05-28/izoztutako_erregaien_lehia_berria.htm
Energia egarri diren herrialdeentzat, bereziki, izotz horrek udako bazkalosteetan izozkiek duten erakargarritasunaren parekoa du. Kalkulatzen da erregai horren metro kubo bakoitzeko 164 metro kubo metano daudela. Energia iturri gisara, beraz, gutizia eragiteko modukoa da. Izozki gehiegi jatea ez da komeni, ordea, eta agian hori metano izotzarekin ere aldera liteke. Dena dela, Txinak iragarri berri du itsaspean gordetako metano hidratoetatik gasa erauztea lortu duela. Ez da halako zerbait lortu den lehenengo aldia: Japoniak ere antzeko mugarria iragarri zuen 2013an. Nolanahi ere, lehia teknologiko bat abian dagoen seinale da bigarren iragarpen hau.

Ustiaketa egin duten lekua ere kontuan hartu beharrekoa da. Hego Txinako Itsasoan egin dute. Seguruenera, eta geoestrategiaren ikuspuntutik, egunotan planetan dagoen puntu beroenetakoan, hain zuzen. Txinak itsas horren inguruko subiranotasun aldarrikapenak egin ditu, eta, koral atoloietan oinarrituta, uharte artifizialak eraikitzen ari da. Baina eskualdeko beste hainbat herrialdek ere antzeko aldarrikapenak egin dituzte, eta, azken asteotan bereziki, AEBek eremuan dituzten gerra ontzi eta hegazkinekin tirabirak izan dituzte txinatarrek.

Lurra eta Baliabideetako ministro Jiang Damingek jakinarazi du, hil honen 18an, hidratoak eskuratzeko arrakasta. Haren hitzetan, «mundu mailako iraultza energetikoan» aitzindaria izango da lorpena. 1.266 metroko sakontasunean topatu dituzte hidratoak. Xinhua Txinako agentzia ofizialaren arabera, «purutasun handiko 16.000 metro kubo» atera dituzte eguneko. Txinako Alderdi Komunistak eta Estatu Kontseiluak idatzitako zorion gutunaren arabera, abantaila handiak dakartza albisteak: «Energia oparoa eta garbia da, eta mundu mailako energiaren garapenaren etorkizunerako garrantzi estrategikoa du». Hala ere, eta gutunean onartu dutenez, «bidaia luze batean egindako aurrerapauso kritikoa» baino ez da iragarri dutena.

Asian jokatzen den lehia

Japoniaren eta Txinaren arteko lehia ikusten du Alemaniako Geomar Institutuko ingeniari Klaus Wallmannek. «Bi herrialde horien arteko lasterketa dago. Funtsean txinatarrek japoniarren saioa errepikatu dute, baina egitura geologiko ezberdin batean». Ekoizpenari dagokionez ere oso antzeko ahaleginak izan ei dira. «Japoniarrek zazpi egunez atera zuten gasa, eta txinatarrek, berriz, zazpi egun eta erdiz».

Hidrato horiek ikertzeko Europan martxan dagoen proiektua zuzentzen du Wallmannek. Mundu mailan ikerketa asko egiten direla azaldu du adituak: AEBetan eta Europan, esaterako. Baina, batez ere, Asian ikertzen ari dira: buru-belarri. Hego Korea, Japonia, India eta Txina zeregin horretan ari dira. Europan finantziazio gutxiago dagoela esan du adituak, eta, horregatik, ikerketa gutxiago egin direla. Hala ere, urte honen amaierarako, «urrian edo azaroan», Itsaso Beltzeko Bulgariako eremuan ikerketa bat abiatzeko asmoa dute.

Baliabide horiek eskuratzea errealista ote den galdetuta, oinarrietara jo du adituak. «Funtsean, sedimentuetan izoztuta dagoen gas naturala besterik ez da. Izotza eta sedimentua banandu behar dituzu, eta baita presioa kendu ere. Horrela gasa eta ura jasotzen dituzu. Beraz, oso antzekoa da beste gas biltegiekiko». Halere, ekonomikoki bideragarria izango ote den ez dakitela onartu du adituak, oraindik garapenean dagoen teknologia baita. Japoniarrek aurten beste ahalegin bat egingo dutela ere iragarri du ingeniariak. «Oraingoan, ekoizpena hainbat hilabetez mantendu nahi dute».

Ibilbidea oraindik ere luzea izango dela azaldu du Luis Miguel Agirrezabala EHUko geologoak ere. «Kalkulatzen da 2023. urtera arte ez dela lortuko, modu industrialean, ustiaketa martxan jartzea. Izan ere, arazo asko daude horiek eskuratzeko, eta beste erregaiekin alderatuz, garestiagoa da ustiaketa».

Japoniak erregaiekiko duen menpekotasuna ere aipatu du adituak. «Oso hidrokarburo gutxi daukate eskura, baina, metano hidrato horiek lortuz gero, autosufizientzia maila handiagoa izango lukete».

Lehia batez ere Asian bada ere, metano horiek kontinenteetako ertzetan oso arruntak direla esplikatu du Agirrezabalak. Zergatik?«Itsaspean, kontinenteetako ertzetan, sedimentuak pilatu ohi direlako. Bestetik, itsasoko sedimentuak ere ailegatzen dira bertara. Sedimentu horiekin batera, materia organikoa ere badago. Batez ere, ibaiek itsasoratzen dute, baina itsasoko planktona ere biltzen da». Horiek guztiak nahasten dira, eta, materia organikoa pilatzen den heinean, horien gaineko presioa handitzen da, lurperatu arte. «Materia hori deskonposatu egiten da, eta, hortik, hidrokarburoak sortzen dira. Metanoa da, hain zuzen, hidrokarburorik sinpleena eta arruntenetakoa».

Agirrezabalaren hitzetan, oso arina izanda, metanoak gorantz egiteko joera du, sedimentuak zeharkatuz. «Presio handitan dagoen ur hotzarekin topo egiten badu, gasa izozten da». Ur molekulek sare antzeko bat osatzen dute orduan, eta sare horretako zuloetan pilatzen da metanoa. «Tenperatura hotza eta presio handia mantentzen badira, egonkor gordetzen da metano hidratoa, izotz geruza baten moduan».

Ingurumen arazoak

Ustiaketa horrek ingurumenean sor ditzaken arazoez ere mintzatu da EHUko aditua. Batetik, presio eta tenperatura baldintzak aldatzean egon litezkeen metano askatzeak aipatu ditu. «Atmosferara igarotzen bada, berotegi efektua eragiten duen gasa da. Metano ihes masiboak egon litezke, beraz, eta hain sakonera handitan, egoera guztiz kontrolpean izatea oso zaila da». Bestetik, sor daitezkeen luiziak ere kezkatzeko modukoak izan daitezkeela azpimarratu du adituak. «Pentsa, hidratoa deskonposatzen denean, izoztuta zegoenean baino 170 bat aldiz handiagoa dela haren bolumena. Sekulako bolumen handitze bat gertatzen da, beraz. Hori sedimentu azpian gertatzen bada, sedimentua konkortu egiten da, eta ezponda aldera joan daiteke, itsaspeko luiziak eraginda. Inguruetan gasa ustiatzeko instalazioak egonez gero, horiek pikutara joan daitezke, benetan oso mugimendu bortitza izan daitekeelako».

Wallmannek ere arazo hori nabarmentzeko modukoa dela uste du: «Metano hidratoek porlanak jokatzen duen antzeko rola betetzen dute zenbait sedimentutan. Gasa itsaspetik ateratzean, egonkortasun hori desagertzen da, eta, inguru desegokian egonez gero, itsaspean lur-jauziak sor litezke».

Azkenik, Agirrezabalak gogorarazi duenez, «aterako den gas hori erreko da, karbono dioxidoa sortuz». Finean, metanoa erregai fosil bat besterik ez delako.]]>
<![CDATA[Mugarik gabeko plastikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2031/014/001/2017-05-21/mugarik_gabeko_plastikoa.htm Sun, 21 May 2017 00:00:00 +0200 Juanma Gallego https://www.berria.eus/paperekoa/2031/014/001/2017-05-21/mugarik_gabeko_plastikoa.htm
Euskal Herriaren ikuspuntutik, eta jendea bizi den beste edozein tokiren ikuspuntutik ere, urrun dago Henderson. Hego Ozeano Barean dagoen uharte horretara bertaratu zen lehen europarra Pedro Fernandez de Quiros kapitaina izan zen, 1606an. Espainiako koroarentzat lanean ari zen nabigatzaile portugaldarra, garai horretan bi erreinuak koroa bakarraren esku zeuden eta. Uharteak ez zuen interes estrategiko oso handirik, baina, halere, badaezpada ingelesek eskuratu zuten, inguruetako beste uharte asko bezalaxe. Hala ere, inor ez da bizi bertan, kontinentetik 5.000 kilometrora baitago.

Zientzialariak, ordea, kuxkuxeroak dira, eta munduan gertatzen dena ezagutu nahi dute. Eta hara bertaratu direnean, ezusteko galanta hartu dute. Egia esanda, uhartean zenbat zabor zegoen ikustera joan ziren, 2015ean, Tasmaniako Unibertsitateko Jennifer Lavers eta Erresuma Batuko Hegaztiak Babesteko Errege Elkarteko Alexander Bold ikertzaileak. Espero zutena baino askoz gehiago topatu zuten, Laversek esan duenez. «Zaborra topatzea espero nuen. Izan ere, hirietatik urrun egonda ere, munduko uharte guztiek plastikoa dute. Baina Henderson uhartean topatutakoa bereziki tristea izan da». Zaborra zenbatzen hasi zirenean, kopuru itzela zegoela konturatu ziren. Aste honetan plazaratu dituzte emaitzak PNAS aldizkarian.

Zabor gehiena plastikoa zen. Zehazki, %99,8. Egin dituzten kalkuluen arabera, uharte txiki horretan ia 38 milioi plastiko puska zeuden 2015ean. Guztira, 17,6 tona plastiko 37 kilometro koadro inguruko uharte urrun batean, hain zuzen.

Bost gune nagusi

Zientzialariek aspalditik dakite itsasora botatako plastikoak bereziki bost gune nagusitan biltzen direla. Ozeano globalaren zirkulazioak eragiten dituen bost puntu berezi dira horiek. Ozeano Bareko eta Atlantikoko iparraldean eta hegoaldean puntu bana dago. Bosgarren gunea Indiako Ozeanoan dago.

Hego Ozeano Bareko itsaslasterrek bira egiten duten puntuan dago Henderson uhartea, eta, beraz, han pilatzen da zabor asko. Baina ez da, noski, plastikoa biltzen den leku bakarra. «Itsas biologoa naizenez, uharte urrunak arakatzen eman ditut azken hamabost urteak. Beraz, banekien arazo bat zegoela plastikoen metaketaren. Tamalez, Henderson uhartean dagoen arazoa ez da bakarra. Plastikoa edonon dago. Baina uharte horretan gertatzen dena bereziki nabarmentzekoa da, oso urrun baitago, eta gizakiak ia-ia ez baitu ukitu. Munduan geratzen den jatorrizko uharte bakarrenetakoa da», nabarmendu du Laversek.

Adituaren ustez, plastikoaren arazoa ez dago oraindik guztiz gizarteratuta. Adibide bat jarri du. «Hitzaldiak ematean, edota jendearekin hitz egitean, bada askotan errepikatzen den uste bat: hirietako inguruneak erabat txikitu ditugula, baina oraindik badirela uharte urrunak eta, bertan, basa bizitza ziur bizi dela. Argi dago uste hori ez dela egia, eta jendeak hori jakin behar du. Azkar aldatu behar dugu egoera hau».

Plastikoaren jatorriaz galdetuta, Laversek azaldu du Henderson uhartea Pitcairn uhartedian dagoela, eta hori munduan dagoen itsas eremu babestuenetakoa dela. «Tamalez, horrek ez ditu uharteak babesten itsas kutsaduratik, zaborrak milaka kilometro egin baititzake ur gainean. Plastikoak ez ditu errespetatzen gizakiak marraztutako mugak».

Adituaren esanetan, hondartzetan izan ohi den zabor gehiena ez dute itsasoan isuri, eta lurretik dator. «Hendersonen, aurkitutako zaborraren %7 arrantzale jardueretatik dator». Bestalde, topatu dituzten elementu gehienak plastiko zatiak dira (%79), «eta horiek zenbait hamarkadatan itsasoan egon dira, seguruenik».

Baina beste zati bat (%11) erretxinazko pellet ñimiñoak dira. «Plastiko berriak fabrikatzeko erabiltzen den oinarrizko materiala da hori. 2 milimetroko pellet txiki horiek lurrez eta itsasontziz egiten diren garraioetan galdu ohi dira. Tamalez, arrain arrautzak dirudite, eta horrek azal dezake itsasoko faunak zergatik jaten dituen».

Artikoan ere bai

Ozeano Bareko uhartean topatutakoa ez da azken asteotan aferaren inguruan egin den aurkikuntza bakarra. Apirilean Tara espedizioak eskuratutako datuen berri eman zuten Science Advances aldizkarian. 2013an egindako espedizio horrek Artikoa inguratu zuen, bost hilabetez. Espedizioan eskuratutako laginei esker kalkulatu ahal izan dutenez, 300.000 milioi plastiko puska daude Ozeano Artikoan. Hondakin gehienak Ipar Atlantikoko kostaldeetatik doazela uste dute, itsaslasterrek hara eramanda. Baina Artikoak irteerarik gabeko kale baten antzera funtzionatzen du, eta, beraz, hor biltzen dira. Itsasoan flotatzen ari den plastikoa baino ez dute neurtu, baina zientzialariek uste dute plastiko asko hondoratuta dagoela.

Xabier Irigoien AZTIko ikertzaileak Artikoko plastikoa aztertu duen ikerketan parte hartu du. Egoeraren argazki bat eskatu zaionean, argi mintzatu da. «Funtsean, plastikoak leku guztietara iristen direla esango nuke. Ez dakigu etxean erabiltzen dugun plastikoak non bukatuko den, gero toki guztietan azaltzen baita. Ez da gure kostaldean gertatzen den arazo bat, ezta jende asko bizi den lekuetatik gertu izaten den arazoa ere. Itsaslasterrek inguru guztietara eramaten dute plastikoa».

Irigoienek zehaztu duenez, Tara espedizioa ez zen zehazki plastikoen eragina aztertzeko. Halere, arazoaren inguruko iritzia ematen ausartu da. Batetik, plastiko puska asko hondoratzen direla dio, eta, hortaz, arrastoa galtzen zaie. Baina arrainek ere puska horiek jaten dituzte. «Ez dakigu zer ondorio duten arrainetan, eta, gizakiok arrain horiek jaten ditugunean egon daitezkeen ondorioez ere ezer gutxi dakigu oraindik. Horren harira, esperimentu batzuk egin dira, eta arrainen gibelean eraginak ikusi izan dira, baina, funtsean, ez dago daturik».

Bestalde, material horretan gerta daitezkeen aldaketak aipatu ditu. «Eguzkiak plastikoa jotzen du, eta uraren eragina ere kontuan hartu behar da. Ez dakigu zein den aldagai horien benetako eragina».

Irtenbide erraza

AZTIko ikertzaileak sutsuki babestu du azken ideia bat. «Hau guzti hau kudeaketa arazo bat da. Lurrean hondakinen kudeaketa egokia eginez gero, arazoa ia guztiz desagertuko litzateke. Beste hainbat kontutarako, sistema ekonomiko osoa aldatu beharko litzateke: petrolioaren ekonomia aldatzea, adibidez, askoz konplikatuagoa da. Baina plastikoen kasuan, aterabidea askoz errazagoa da. Kudeaketa on bat eginda, arazoa asko txikituko litzateke, berehala».

Bat dator antipodetan dagoen aditua. Eta proposamen zehatzak mahai gainean jarri ditu. «Erabilera bakarra duten objektu asko aurkitu ditugu Henderson uhartean: bizar labanak, mahai tresnak, kafe kapsulak eta hortzetako eskuilak, besteak beste. Argi dago kontsumitzaileek aukera dutela erabiltzen dituzten produktuen inguruan erabaki hobeak hartzeko», ohartarazi du Laversek.

Horregatik, argi dauka plastikoz egindako ezein produktuk ez lukeela eraman behar «erabili eta bota» etiketa, «plastikozko produktuak, funtsean, kimikoki betiko irauteko prestatuta daudelako».

Itsas biologoak aurreratu du Tangaroa Blue fundazioarekin batera egitasmo bat martxan jarriko dutela gaia aztertzen jarraitzeko. Berritzailea da, eta erakargarria izatea espero dute. «Herritarrei proposatuko diegu gertu duten hondartza bat adopzioan hartzea, bertan dauden plastiko kopuruaren eta plastiko bakoitzaren motaren inguruan datuak jasotzeko. Horrek informazio oso baliagarria emango du joera globalen inguruan, eta baliagarria izango da puntu beroak non dauden zehazteko».]]>