1.600 preso ohik baino gehiagok babestu dituzte etxeratze bidean EPPK-k hartutako neurriak

2016ko apirilaren 15a
19:03
Entzun

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak etxeratze prozesu artikulatua garatzeko lege-baliabideak erabiltzeko prestasuna agertu zuen 2013ko abenduan. Kolektiboak norabide horretan hartutako erabakiak babeste aldera, manifestu bat plazaratu zuten duela hilabete, apirilaren 17rako manifestaziora deitzearekin batera. La Casillan abiatuko da 12:00etan.

Asteotan, luzatuz joan da agiriari nahiz mobilizazioari atxikimendua adierazi dioten preso ohien eta eragileen zerrenda. Gaur.gaurkoz, 1.651 dira agirian esaten direnekin bat egiten duten preso ohiak. Manifestu horretan, EPPKri eta EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari sostengua helarazten diote sinatzaileek, eta EPPKren esku uzten dituzte etxeratze bidean hartu beharreko erabakiak.

Zortzi preso ohik BERRIAn argitaratutako iritzi artikulu batean adierazi zituzten martxara joateko arrazoiak. "Presio" egitearen beharra azpimarratu zuten Oihana Garmendia eta Juan Mari Olano preso ohiek kazeta honek eginiko elkarrizketan.

Martxarekin bat egin dute ezker abertzaleko alderdi politikoak, sindikatuak nahiz gazte antolakundeak. Asteazkenean eginiko agerraldi batean, Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak esan zuen Sorturen nahia "preso guztiak etxera oraintxe bertan ekartzea" dela, eta horretarako beharrezkoa dela "espetxe frontetik espetxeak husteko frontera" pasatzea. Halaber, gogoratu zuen manifestaziora joateko deia egin duten preso ohiek kartzelan emandako urteak batuta kopurua 15.000 espetxe urte baino gehiagokoa dela: "Gatazka politikoak eragindako minaren beste adierazpide bat dira".

Igandea, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna

LABek, berriz, iragarri du Ainhoa Etxaide idazkari nagusia eta sindikatuaren ordezkaritza bat han izango direla, eta langileei dei egin die manifestazioan parte hartzera ez ezik, "preso eta iheslarien eskubideen aldeko borroka lantokietan indartzera" ere. Ernaik gogoratu du igandea Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dela. "Preso politikoak gatazka politikoa dagoelako daude", esan du Ernaik, "borrokaren gordinean bide bat edo bestea aukeratzeak ondorioak dituelako beti".

Sare plataformak ere bat egin du manifestazioarekin. Preso ohiek sustatutako idatzi hori "pauso berri" bat izan zela uste dute Sarekoek, eta horregatik eman diote babesa mobilizazioari, "Euskal Preso Politikoen Kolektiboak har ditzakeen erabakiak errespetatuz": "Ez zuten legeak barnebiltzen ez duen ezer eskatu. Espainiako Gobernuari eskatzen zaiona da salbuespen legedia bertan behera uzteko".

Martxa bera ez, baina ETAk preso, iheslari eta deportatuen egoera izan du hizpide otsaileko data duen barne komunikazio batean. Aitortu du, euskal presoen eskubideen aldeko gehiengo sozial bat badago ere, ezintasuna dagoela jarduera ildo oso bat garatzeko. Hortaz, egoera aldarazteko, prozesu independentista abiatzearen alde azaldu da, eta testuinguru horretan, presoen aldeko lana garatu.

Igandekoa ez da izango hil honetan amnistia lelotzat hartzen duen lehen manifestazioa. Apirilaren 2an, Bilboko Errekaldeko kaleak zeharkatu zituzten ehunka lagunek, AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.