Nafarroako Gobernuaren organigramaren berri eman du Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak, gobernu kontseilu osteko agerraldian. Guztira 30 zuzendari izango ditu; 22 zuzendari orokor, eta erakunde autonomoetako zortzi. Halere, Barkosek ez du zuzendarien izen-abizenik eman, argudiatuta gobernuak bi aste daramatzala lanean eta zenbait izendapen egin gabe daudela.
Batzuk, ordea, argitaratu ditu Nafarroako Gobernuak. Pilar Irigoien Ostiza Ekonomia Enpresa eta Lan Politikako zuzendaria izango da; Turismo eta Merkataritza zuzendaria, Maitena Ezkutari; Inklusio eta Gizarte Babes zuzendaria, Gema Mañu Etxaide; Gizarte Errealitateko Behatokiko, Planifikazio eta Gizarte Politiken Ebaluazio zuzendaria, Francisco Javier Tuñon San Martin: Aurrekontu zuzendaria, Begoña Urrutia Juanikotena; eta Nafarroako Ogasuneko zuzendaria, Luis Esain.
BERRIAk argitaratu duenez, Mikel Arregi izango da Euskarabideko zuzendaria. Hain zuzen, Euskarabidea da gobernuaren egituran izango den aldaketetako bat; erakunde autonomo izatetik Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanen Departamentuko parte izatera igaroko da. Beste horrenbeste egingo dute Nafarroako Berdintasun Institutuarekin. Halaber, Kultura Departamentuaren parte izango da Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutua.